Sorkuntzaren alorrean saltoka ibili ohi da Peru Magdalena (Berriz, 1980). Hainbat arte-diziplina landu ditu bere ibilbidean: pintura, antzerkia, bertsolari-tza... Literaturari dagokionez, Lile ipuin bilduma, Egia esan eleberria, Hutsik eta Argia poema liburuak argitaratu ditu, eta baita haurrentzako hainbat kontakizun ere. Joan den hilean Sarrionandia, hemen eta han dokumentala estreinatu zuen, Pello Salaberriarekin batera. Oraingoan, Ametsondoa ipuin-liburuarekin (Elkar) bueltatu da plazara.

Nola hasi zinen ‘Ametsondoa’-k batzen dituen ipuinak idazten?

Ametsei arreta berezia paratzen dien gizakia naiz, umetatik. Garai batean zenbait amets kateatu zitzaizkidan, sinbolikoki indartsuak, eta beraiengan indar literario berezi bat ernarazi zitekeela susmatu nuen. Hortik tiraka, munduko bestelako kulturetako ipuinetan indar hartuz, horrela sortu zen Ametsondoa.

Hortik dator, beraz, izenburua ere...

Bai. Gaztainondoa edota sagarrondoa ditugun legez, ametsondoa ere proposatzea otu zitzaidan. Gainera, amets ondorena ere bada, bazkalondoa edo afalondoa ditugun eran.

Gaur egungo gizartean ametsei gero eta gutxiago erreparatzen diegula diozu.

Gero eta indibidualistagoak gara, gero eta praktikoagoak, eta ondorioz gero eta isolatuago bizi gara. Gutasuna desagertzen ari da, gauzak zentzu zuzen eta praktikoa duten neurrian egiten ditugu soilik, eta eremu zabal bat ari gara bazterrean uzten: ezezaguna, sinbolikoa, ideala, elkarren artean lotzen gaituzten hari guzti horiek. Eta ametsak hori dira: misterioa, jolasa, mezu instintiboak, inkontziente kolektiboa... Ez diegu ametsei apenas erreparatzen. Ez dugu horiez hitz egiten. Ez ditugu partekatzen. Ateak ixten dizkiegu. Eta, ondorioz, geure barrenari eta denon arteko loturei ixten dizkiegu ateak.

Liburuaren aurkezpenean zenioen ipuinetako batzuk zuk zeuk ere ez zenituela ulertzen. Nola da hori?

Eremu arrazionaletik haratago jaio diren ipuinak dira hauek. Eta eremu arrazionaletik haratago heldu nahi dutela uste dut. Horrela, bada, ipuinetako batzuk arrazionalki harrapaezinak zaizkit, baita neuri ere. Ez ditut ulertzen. Ezin ditut kontzeptualki ehizatu. Interpretazio bat asmatu dezaket, gerora egindakoa beti ere, baina hori ipuinetatik aparte letorkeen beste asmazio bat litzateke.

Zer eragin nahi izan duzu jendearengan?

Esnatze bat. Nigan gertatu den kolpearen antzerako zerbait. Baina ipuinen batekin irakurlearen kontzientzian kili-kili bat sorraraztearekin ere konformatuko nintzateke.

Ipuinetako batean ‘liburu likidoa’ aipa-tzen duzu. Esan daiteke ‘Ametsondoa’ ere horrelakoa dela? Arina, akaso?

Likidoa da, kontzeptu solidoetan bere leku finkoa topatzen ez duelako, iheskorra eta aldakorra delako. Irakurleak paratzen duen moldera egokitzen dena. Beno, arina da hegalariaren eta grabitaterik bakoaren zentzuan. Liburua ez da arina bere asmoan edo jomugan, horretan pisu eta intentzio guztiarekin baitoa.

Iruditzen zait, buruari buelta gehiegi eman gabe, libre eta pozik bizitzeko edo unea aprobetxatzeko aldarria egiten duzula liburuan.

Interpretazio posible bat litzateke hori. Dena dela, eremu horretan sartzea sor-tzailearen zilegitasunetik haratago dagoela uste dut. Dena den, pozik har-tzen dut interpretazio zintzo oro, egin berri duzun hori barne.

Egoismoa, obsesioa, depresioa? gaur egungo gaitz mentalen kritika egiten duzu.

Izan ere, demaseko indibidualizazioaren garaian bizi gara. Eta bai, liburu honek, nolabait, kolektiboki marka-tzen gaituzten sinbolo batzuetan egiten du igeri. Gizakia ez da izaki isolatu bat. Ez da isla bat. Eta liburu honen bulkadan bada munduko isla denak batzen dituen magnetismo horren aldarri bat.

Xabier Mendiguren editoreak liburua “ona eta ederra” dela eta “egia bat egiteko asmo bat” duela aipatu du, baina zuk intuizioz eta instintuz datorkizula diozu.

Oso pertsona ona da Xabier, eta uste dut barreneko magma hori nigana bideratu zaiola oraingoan. Dena dela, pozten naiz horren zutabe garbi eta indartsuak jarri izanagatik nire sorkuntzari bideratuta. Altua naiz berez, baina kontzeptu handiak egiten zaizkit ona, ederra eta egia. Nahi nuke hain gora helduko banintz!

Ibilbide polifazetikoa da zurea; idazlea izateaz gain, bertsolaria ere bazara eta baita margolaria ere. Zureak dira liburuan ageri diren irudiak?

Azala Gotzon Garaizabalek egin du eta liburua zabaltzen duen ilustrazioa Lur Magdalenak. Gainontzeko ilustrazioak, bai, nik neuk egin ditut (tamalez). Ametsondoa-ren sinbolo errepikatuaz gain, oinarrizko trazo, zenbait zipriztin eta irudi sinboliko batzuk ageri dira, beti ere irakurketari eremu berriak zabaldu eta arnas berezi bat emateko asmotan.

Saltsa askotan zabiltza. Liburu berriaz gain, ‘Joseba Sarrionandia, hemen eta han’ dokumentala estreinatu berri duzue Iurretan, bere jaioterrian.

Hainbat lekutan proiektatuko dugu sasoi labur eta kondentsatu batez. Horrez gain, 2d1 proiektuan erretratu artistiko koral bat egiten ari gara, Gari abeslari handiaren inguruan. Beste gauza batzuk idazten dihardut, hala moduz. Eta, guzti horretaz gain, sekulako berakatz zopa destilatzen dut. Gure amama ere harro legoke, ai ene!