Urtaroek, eguzkiak eta ilargiak agintzen dute sasoi bakoitzean landak izan behar duen itxura, garai batean baserritarrek ahoz-aho transmititzen zituzten naturaren ezagutza horiek pixkanaka ahanzturan erori diren arren. Jakituria hori bilduz, argitalpen berezia kaleratu du Jakoba Errekondo agronomo eta paisaialariak. Agenda eta liburua baden Landareak lantzen liburua kaleratu berri du.

Detaile handiz egindako gida liburua argitaratu duzu. Zeintzuk dira zure informazio iturriak?

Urtetako lanaren emaitza da liburu hau; denbora asko igaro dut informazioa jasotzen, apuntatzen... batzuetan baserritarrengana jo dut, bestetan liburuetara. Bata zein bestea informazio iturri handiak izan dira, baina ez pentsa, oraindik erabat osatu gabe dago.

Zein da liburuaren erabilgarritasuna?

Gaur egun jendeak ez du ezer apuntatzen; nik aldiz, dena apuntatzeko ohitura daukat. Garrantzitsua da gauzak nola egiten diren jasotzea; horrela, hurrengo urtean aurrekoan ondo egin zenuen hori errepikatzeko aukera duzu. Gida honek urtean zehar landan egin daitekeena zehazten du, eta agenda baten moduan planteatuta dago, norberak ere bere gauzak apuntatu ditzan.

Nondik datorkizu baratzearekiko zaletasuna?

Txiki-txikitatik; amonari baratzean laguntzen genion, aita egurrarekin lan egiten zebilen bitartean. Beraz, betidanik egon naiz nekazaritza munduari lotuta; ohiturak, esaera zaharrak... denak ezagutu ditut.

Sasoian sasoikoa kontsumitzeko aldarrikapen sendoa egiten duzu. Horren gaizki egiten ote dugu kontsumitzaileok?

Normala iruditzen zaigu urte guztian zehar sagarrak, tomateak edo marrubiak jatea; baina barazki eta fruta guztiek dute beren sasoia. Egunotan supermerkatura hurbiltzen bagara, mota guztietako sagarrak aurkituko ditugu: freskoak, ingurukoak, garaikoak; aldiz, hilabete batzuen buruan denek izango dute itxura berbera, argizariz josiak eta zaporerik gabekoak izango dira. Badira, noski, produktu hauek modu naturalean kontserbatzeko teknikak; baina supermerkatuetan aurkitzen ditugun fruta eta barazki askok produktu kimikoei esker irauten dute. Horregatik, garran-tzitsua da bertako ekoizpena bultzatu eta sasoiko produktuak ezagutzen ikastea; Gabonetan gereziak jatea arraroa dela konturatu behar dugu.

Beraz, erosketa egiterakoan zer izan behar dugu kontuan?

Produktu bakoitzaren garaia noiz den ikasi behar dugu, baina ez hori bakarrik; erosketak egiteko orduan neurri kritikoa izan behar dugu. Kontziente izan behar dugu kontsumi-tzaileok sekulako eragina dugula ekoizpen eta kontsumo katean; guk agintzen dugu zer den kontsumitu nahi duguna, nola eta ze preziotan. Garaiko eta bertako produktuak kontsumitzeko hautua egiten badugu, inguruko nekazarien lana bultzatuko dugu.

Aldiz, kontsumitzaileei garestiak iruditzen zaizkie baserritarren prezioak; egia al da?

Elikadurarekin oso gaizki ohituta gaude. Uste orokorraren aurka, orain inoiz baino gutxiago gastatzen dugu gure elikaduran; garai batean etxe bateko ekonomiaren %70 erabiltzen zen elikadurarako; egun, ez da %17ra iristen. Bizitza mailak gora egin du, baina aldiz, elikadurari ez diogu baliorik ematen. Noski, horren atzean nekazaritza industria bortitza dago; etorkin ilegalen erabilera lur lanketan, kanpoan zentimoen truke ekoitzitako fruta eta barazkiak, miseria bat kobratzen duten nekazariak... Letxuga batek 70 zentimo balio badu, atzean zer dagoen galdetu behar diogu gure buruari.

Bakoitzak bere baratzea egin beharko lukeela diozu... eta hirietan, zer?

Edozeinek izan dezake baratze minimo bat. Jardinera batean bi letxuga jarriz hasi gaitezke, adibidez. Edozein txokotan jarri dezakegu, eta edozeinek zaindu ditzake; aldiz, ekintza xume horrekin asko ikasiko dugu. Supermerkatuan eskua luzatu eta segundo gutxitan eskuratzen dugun produktua hilabetetan hazten ikusiko dugu, bere benetako balioa ezagutzera emanez. Lau hilabetetako lanak 70 zentimo baino gehiago balio duela jakingo dugu.

Nondik hasi beharko luke baratzera lehen aldiz hurbiltzen denak?

Baratzean lehen pausoak ematen hasteko urtaro egokienean gaude orain. Tipulak landatu daitezke, eta baita baratxuriak, ilarrak, babak... baina onena, datorren urterako lurra presta-tzen hastea litzateke. Normalean, baratzean hasten direnek udaberrian ematen dituzte lehen urratsak, baina egokiagoa iruditzen zait orain hastea; horrela, lurrari prest egoteko denbora gehiago emango diogu, ongarriak xurgatu eta udaberrian indarrez ekiteko landaketari.

Oinarrizko ze beste gomendio emango zenieke?

Lurra ezagutu behar dugu ondo lan egiteko. Euskal Herrian bertan, oso ezberdinak dira barrualdean edo kostaldean dauden landen beharrak. Esate baterako, hegoaldean ur gehiago behar du lurrak, baina kostaldean ia ez da ureztatzeko beharrik izaten. Bestalde, oso garrantzitsua da zikloak errespetatzea, lurra ondo txandakatuz; ze landare zeinen ondoan jartzen dugun, elkarri kalterik egin gabe... guztiak du garrantzia.

Eta zer du hobeto, hazietatik prozesua zerotik hasi, ala landareak erostea?

Biak nahastuko nituzke nik. Egia da lehen pausoak ematen ari garenean errazagoa dela landareekin hastea, baina hainbat produkturekin hobeto izaten da hazietatik hastea, hala nola azenarioak, ilarrak, espinakak... Behin bara-tzean trebetasuna hartuta, ohikoa da jakin-mina izan eta haziekin hastea.

Zein da, orokorrean, baratzean egiten den akatsik ohikoena?

Nire ustez, askotan egiten den akats handi bat da familiak ezagutu eta bereiztea. Horrek, uste duguna baino garrantzi handiagoa du; esate baterako, solanazeoak elkarrekin jartzen baditugu (tomateak, piperrak, patatak, berenjenak...) lurrari kalte egiten ariko gara, ongarriak xurgatuko dituztelako. Beste akats larri bat gehiegizko ureztaketa izan ohi da, batez ere kostaldeko baratzeetan. Lur horiek biziki aberatsak dira, eta klimak nahiko ureztatzen ditu, beraz, ez dira gehiago ureztatu behar. Mangerak debekatuko nituzke baratzeetan; landareei kalte egiteaz gain, gaitzak ekartzen ditu. Gainera, garrantzitsua da baratzeak ez dezala itxura uniformea izan; gauza bakar bat landatzea baino, askoz aberasgarriagoa da aniztasuna. Euskal Herrian badugu berezitasun hori; baratzeetan denetarik aurkitu dezakegu; sendabelarrak, loreak, usaineko landareak, fruta arbolak... baratze batean denetarik egon behar du, baita jaten ez dena ere.

Eta inguruko belarrak kentzearen aldeko edo aurkakoa zara?

Hemen ere, landatu dugunaren araberakoa da erantzuna. Esaterako, letxuga batek hezetasuna behar du, beraz, tartean belar batzuk utzita lagundu egingo diogu; tipulari aldiz, beroa gustatzen zaio, eta hobeto dago bakarrik. Bakoitzak behar duena ezagutzean dago gakoa.

Eguzkia eta ilargia dira zure liburuko gidariak. Zer da bietatik jakin behar duguna?

Oinarrizkoena eguzkia da. Sasoiez mintzo garenean, argi izan behar dugu eguzkiak indar eta iraupen ezberdinak dituela sasoi bakoi-tzean; horregatik du landare bakoitzak bere garaia. Ilargiak berriz, zikloak bereizten ditu; garaiekin asmatzeko lagungarria da, baina ez du mirakulurik egiten!

Baratze ekologikoek nola egiten diete aurre izurriei?

Badira izurriak ekidin edo gelditzeko metodo naturalak. Esate baterako, sulfato ekologikoak erabili ditzakegu; baina metodorik onena, kaltea sortzen duenaren aurkari naturala aurki-tzea da. Adibidez, mantangorriak primerakoak dira zorriekin akabatzeko; baserritarrek asko erabiltzen dituzte. Geroz eta gehiago dira nekazaritza kimikoa baztertu eta ekologikora salto egiten ari direnak, arrazoi argi batengatik; lurra ez da ahultzen, eta beraz, luzarora onura handiagoak ditu.

Beraz, nekazaritza ekologikoa indarra hartzen dabil.

Hala dela iruditzen zait. Gainera, duela 50 bat urte betiko gauzak landatzen ziren; orain aldiz, gehiago esperimentatzen da. Kanpotarren baratzeak ezagutzen hasi dira nekazariak, eta beste herrialdeetan gauzak nola egiten diren ikasten ari gara; Peru, Pakistan, Argelia... herri baratze horietan egiten dutena aberasgarria da guretzat, oso gauza polita da.

Zeintzuk dira lurra landatzeak eskaintzen dituen onurak?

Nik beti esaten dut doako gimnasioa dela baratzea; osasuna mantentzeko ariketa ezin hobea da. Hain zuzen, Bizi baratzea liburuan, lan bakoitzarekin zein muskulu lantzen diren zehaztu nuen. Baina ez da hori bakarrik; jakintza, kultura lantzea ere bada, cultivare. Denborari beste neurri bat hartzen laguntzen digu, bere benetako neurria erakusten digu. Gainontzeko guztia, arazoak, kezkak... atzean gelditzen dira, eta zerbait hazteak eskatzen duen denboraz jabetzeko balio digu.