Diziplina anitzak batzen dituen jaialdia da Ondarroan ospatzen den Marabilli; hain zuzen ere, Aitzol Aramaiori bere herrian egitea bururatu zitzaiona, hil baino lehen. Zinemagile bizkaitarra 2011n zendu zen eta hari gorazarre egiteko asmoz, urtebete beranduago, dantza, an-tzerkia, bertsoa, zinema, artea eta musika uztartzen dituen jaialdia sortu zuten bere lagun eta senideek.

Marabilli “sormenezko jaialdia” dela diote Aramaioren lagunek, festibalerako propio sortu duten webgunean, batez ere, “hainbat alorretako jendea biltzea dibertigarriagoa” zela iruditu zitzaielako. Baina, aitortzen dute dena aitzakia bat izan zela Aramaiori eta eurei gehien gustatzen zaiena egiteko: “Manuel eta bandaren atzetik joan, buruhandien aurretik ibili eta parranda egin. Gero, biharamunarekin, sortuko dugu zerbait akaso”, diote antolatzaileek.

Aramaiok askotan esaten zuen Bixitxi marabilli re eta hortik dator hain zuzen, jaialdiaren izena. Hitza herri hizkeratik hartu dute antola-tzaileek, gaztelaniako mailegua, herrikoitasuna eta mestizajea azpimarratzeko. “Zinez, artearekiko maitasuna, baikortasuna, bizizaletasuna adierazten ditu gure ustez berba honek, horixe da jaialdiaren beraren filosofia”.

EGITARAU ANITZA Datorren ostegunean, urriaren 5ean, emango diote hasiera lau eguneko egitarau oparoari. Goizetik iragarri dituzte ekimenak, baina hasiera ekitaldia 19:50ean izango da zinta mozketarekin. 20:00etan berriz, eguneko ekitaldi nagusia izango da: 10 minutu izeneko saioa. Hainbat artistak hartuko dute parte eta hamar minutuz sortzen eta sormenaren inguruan hausnartzen arituko dira. Ekimen horretan parte hartuko dute Jon Mayak, Giorgio Bassmattik, Miren Amurizak, Ander Lipusek, Igor Zalakainek eta Iratxe Fresnedak. Ostean, Kukai Dantza Taldearen emanaldia izango da. Ostiralerako ere ekimen ugari prestatu dituzte; nabarmentzekoak dira, besteak beste, Nire Sekuentzia Kuttunak solasaldia, Asier Altuna zuzendariarekin, Joseba Irazoki eta Antxon Uskolaren eskutik Margo musikatuak ikuskizuna eta El Gancho Sonidero eta Amparanoia taldeen kontzertuak.

OMENALDI ETA GUZTI Hirugarren egunari Zapato gorrixe izena jarri diote. Kasu honetan, Jose Mari Argoitia bere hasieratik Marabilliko kide izan zenari omenaldia egingo zaio. Horretarako, Itoiz taldean bere lagun izan ziren Juan Carlos Perez eta Jose Garate Foisis jaialdian izango dira eta belaunaldi hartako erreferente nagusi den Bernardo Atxagak beren-beregi idatzitako hitzaldia emango du. Antolatzaileek adierazi dutenez, musika eskolako umeek Argoitiaren letrekin egindako Marea gora eta Lo egin kantatzen dituztenean etorriko da “unerik hunkigarriena”.

Omenaldi honekin batera, larunbaterako ere asko dira prestatu dituzten ekimenak: Horien artean daude Zea Mays eta Los Zopilotes Txirriaos taldeen kontzertuak, elektrotxaranga, erraldoi eta buruhandien kalejira. “Sari bitxi” bat ere emango dute antolatzaileek egun horretan: I. Euskal Herriko Sormen Saria. Sormenaren alor zabalean nabarmendu den pertsona bati emango diote, eta honek bere itxurarekin egindako buruhandi bat jasoko du.

Igandea izango da Marabilli jaialdiaren azken eguna. Oskar Alegriaren Eman bakia eta Dabide Cabaleoiroren Sitio Distinto filmak eta Josu Goikoetxearen Aterabidetik dispertsiometraia proiektatuko dituzte. Ondarroa eta Lekeitioren arteko bertso desafioa ere egingo da egun horretan, eta Oier Ituarte argazkilariaren Aztarnak erakusketa ere egongo da ikusgai. Aurtengo jaialdiari amaiera emateko, iluntzeko 19:30ean, Artedrama konpainiak Hozkailua an-tzezlana eramango du oholtzara.