Azken urte hauetan behin eta berriro aldarrikatu izan da hibridazioa, hots, generoen arteko nahasketa, literaturaren garapenerako bideetako bat bezala. Ziurrenik nik neuk ere hala defendatu dut inoiz, gure garaiko postmodernitate atzeraezinari zegokion moduan.

Baina adinak maiz dakarren javiermariasizazio prozesuaren eraginpean, beldur naiz iritziz alda-tzen ari ez ote naizen. Azken aldian irakurritako bi liburuk eraman naute hibridazioaren arriskuez hausnartzera.

Bata Kirmen Uriberen azkeneko nobela izan da, Elkarrekin esna-tzeko ordua (Susa, 2016). Onartu behar da, eta txalotu, egileak egindako izugarrizko ahalegina argumentuaren erdigunean kokatzen den Letamendi-Urresti familiaren historia berreraikitzeko ikerketan, mota guztietako iturriak -artxibistikoak, bibliografikoak, ahozkoak?- erabiliz. “Ez-fikziozko nobela” bat eraiki nahi izan du horrela, boladan omen dagoen genero hibridoa, gertakari errealetara oso pegatuta, eta fikzioaren esku hartze oso mugatuekin. Eta hor ikusi dut nik liburuaren ahuleziarik handiena: egileak bere buruari ezartzen dion autodiziplina horren ondorioz, “nerbio nobeleskoa” falta zaio nabarmen, nire ustez, nobelari.

Aitor dut izan daitekeela nire irakasle izaeraren tara bat, baina, horretarako, agian nahiago nukeen historia liburu konbentzional(ago) bat, bere oin oharrekin eta erreferentzia bibliografikoekin. Hori guztia, alde batera utzita liburuan nagusitzen den euskal historia garaikidearen interpretazio jeltzalefiloaren kutsua. Baina hori beste gai bat izango litzateke, noski.

Beste bat Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia (Pamiela, 2016) izan da, Hondarribiko alardearen auziari buruzko saiakera-kronika, gogo-tsu hartu nuena, Bidasoaldeko jaien inguruan emakumeen kontra gauzatutakoa gure historia sozial hurbilaren mugarri lotsagarrienetako bat den neurrian. Kontua da liburuaren saiakera izaera osatzeko eta egilearengandik harago lihoazkeen ikuspegiak sartzeko -Ni-ak, literatura garaikideenaren joerei jarraiki, pisu handia du liburuan-, egileak gaiaren inguruko fikzio laburrak tartekatzen dituela. Eta hori arazo bihurtu zait batzuetan, ez baitago argi ze puntutaraino dauden “benetako gertakarietan oinarrituta”, ala fikzioaren aldera lerratzen diren gehiago. Eta arazo bat dela diot, liburuaren testuinguru hibridoagatik: Urretabizkaiak Alardearen inguruko ipuin liburu bat idatzi izan balu ez legoke arazorik, jolasa zein den badakigulako denok, baina saiakera-kronika gisa aurkeztu den neurrian, inportantea izan daiteke istorioen egia maila neurtzeko modua izatea; ez dezagun ahaztu, ikuspegi praktiko batetik besterik ez bada, kontuak daukan karga polemikoa, oraindik ere. Ipuinok, gainera, ez zaizkit bereziki biribilak iruditu, kontakizun gisa.

Bestalde, deigarria egin zait, liburuan, gaiaren inguruan idatzi den piloari egiten zaion erreferentzien urritasuna, niretzat generoaren ikurretako bat dena gutxienez Montaigneren garaietatik. Baina hori ere beste gai bat izango litzateke, zer esanik ez.

Ez dakit: beharbada iritsi da hibridazio literarioaren aurka hitz egiten hasteko ordua. Pixkatxo bat, bederen.