Ardoa, larrua, eta orain, ispiluak. Milaka metafora lotu daitezke literaturarekin, eta aurten, ispilu-jokoa proposatu dute Literaturia jaialdiko antolatzaileek. Hala, ispilua izango da ekitaldi guztiak bilduko dituen gaia; leloa, berriz, Literaturia gure isla da. Hiru Damatxo Faktoriakoek, aurreko edizioen estiloari jarraiki, leloa oinarri hartutako aurkezpen bideoa prestatu dute.

Hilaren 25etik 28ra Zarautzera hurbiltzen direnek, literaturaren aterkiaren barruan antolatu dituzten solasaldi, musika emanaldi, aurkezpen eta omenaldiez gozatzeko aukera izango dute. Larrabetzutik erreleboa hartu zutenetik dagoeneko jaialdi honen hiru edizio igaro dira eta, beste behin, sortzaile eta irakurleen arteko plaza eta elkargune izateko prest dira antolatzaileak.

Zarautzeko Modelo aretoa, Musika plaza eta Garoa liburu dendaren artean “Bermudetako triangelua” osatu dute, Literaturia Kultur Elkarteko lehendakari Ana Galarragaren esanetan: “Aurtengo edizioan, Musika plazako azokaren eskaintza indartu dugu, familien-tzako gunea sortuz. Haurrek ere bere txokoa izango dute; kioskoa Jon Braunen Tipia bihurtuko dugu, berriki zendutako Imanol Urbietaren omenez”. Horrekin batera, gazteentzat ekintzak antolatu dituzte: “Literaturara hurbildu nahi ditugu jolasen bidez, eta irakurle taldeak osatuz”.

Modelon egitarau erakargarria antolatu dute aurtengo edizioan; estreinaldien artean, Irati Jimenez idazleak eta Petti musikariak ostiralean eskainiko duten Nigan, ispilu batean bezala emanaldia. Larunbatean, aldiz, Unai Iturriagak idatzi eta Manex Funchsek zuzendutako Artedramaren Hozkailua obra izango da ikusgai, Ander Lipus eta Patricia Urrutia aktoreekin. Lou Topetek Pete Seegerri omenaldi kontzertua eskainiko dio, Harkaitz Canoren hitzak musikatuz. Igandean, Iban Zalduak eta Miren Gorrotxategik solasaldia egingo dute Mikel Ayerbe bozeramaile dutela; Literatura, ispilu ala leiho? izango dute abiapuntua.

Aurreko edizioetan bezala, Bermudetako triangelua Garoan osatuko da, bertan izango baitira idazle gonbidatuak liburuak sinatzen. Dena den, Galarragak nabarmendu du jaialdia ez dela liburuen salerosketara mugatzen, ideiak partekatu eta literatura zentzu zabalenean deskubritzeko topagune izatea dute helburu. Zentzu horretan, Durangoko Azoka bezalako jaialdietatik urrun ikusten du Literaturia: “Guk ez dugu Durango txiki bat izateko inolako asmorik; helburu asko parteka-tzen ditugu, baina gure kasuan, euskarazkoa eta gurea den literaturari eskaintzen diogu plaza. Esango nuke, Durango produktuetan oinarritzen dela, salmentetan; gu ordea, letren kontzeptuaz arduratzen gara. Ezin alderatu daitezke bi azokak”.

harreman sarea Literatur jaialdi txikia izanik, ingurukoekin bateratu eta harremanak sendotzea positibo ikusten du Literaturiako lehendakariak. “Gure jaialdiak oso harreman onak ditu inguruko ekimenekin, eta polita li-tzateke literatur azoken sare bat osatzea; hor daude ere Donostiako Literaktum, Loraldia, Eako Poesia Egunak?”. Jaialdia antolatzen primeran pasatzen du lantaldeak, eta umore onez kutsatzen dute ekimena. “Halakoak egiten ondo pasatu behar duzu, bestela gogorregia litzake musu-truk egindako lanarekin gustura gelditzea. Bestalde, erabat betetzen gaitu jendeak jaialdiari egiten dion harrera onak; oraindik harritu egiten gara poesia errezitaldi bat jendez gainezka ikusten dugunean. Horrek erakusten digu jendeak ez duela paso egiten, beharbada gu garela modu egokian haiengana hurbiltzeko gaitasunik ez dugunak. Jaialdi honekin, jendearekin erakundeen bitartez konektatzen saiatu ordez, zuzenean guk geuk eraikitzen ditugu harremanak, sormenerako espazioa eskainiz”.

Sortzailea eta hartzailea maila berean ipin-tzearekin batera, Literaturian badute formula bat jaialdiaren baitan sormen-lan berriak ateratzeko; lehen begiratuan lan-ildo ezberdinak dituzten bi egile batu, eta gai bat komunean ipiniz, gauza berri bat sortzeko espazioa eskaintzen dute. “Bi elementu ezberdin elkar-tzearen metodoa Gianni Rodariren binomio fantastikoa da. Ispiluaren ideiak ere honetan sakontzeko aitzakia eskaintzen digu; azken finean, literaturak ispilu lana egiten du, eta halako batean zeure burua pasarteren batean islatuta aurki dezakezu”.

Osteguneko emanaldien artean ispiluekin zuzeneko lotura izango du Irati Jimenez idazleak eta Petti musikariak eskainiko duten Nigan, ispilu batean bezala ikuskizunak. Aurkezpen testuan dioten moduan, ispilu bakar batek ere ez du oraindik musikarik egiten ikasi; ostiralekoa izango da beharbada lehen aldia. Jimenezek eskaini dizkigu lehen xehetasunak.

Pettirekin osatu duzu ‘Nigan ispilu batean bezala’ ikuskizuna; nondik atera duzue izenburua?

Aurtengo gaia ispiluak zirela esan zigutenean, zuzenean Borgesen poema bat etorri zitzaidan burura: Ese montón de espejos rotos. Poemen artean arakatzen, baina, aukeratutako titulua duen beste bat aurkitu nuen, asko gustatu zitzaidana. Borges beti izan da magiaren bilatzailea, eta nik ere ispiluak magiarekin eta sineskeriekin lotzen ditut literaturan. Sinbologia handiko objektuak dira, eta idazleok ere beti izan dugu ispiluekiko lilura, errealitatea islatzen dutelako.

Pettirekin aurretik lan egin al duzu?

Nora liburua itzuli nuenean, aurkezpen ekitaldirako Pettiri deitzea otu zitzaidan, duela urte eta erdi inguru; oso gustura aritu ginen, Pettiren ahotsak primeran bat egiten baitzuen nik egindako aurkezpenarekin. Uste dut aurkezpen hori jaialdiko antolatzaileek ere disfrutatu zutela, eta horregatik proposatu digutela orain batera lanean aritzea.

Nola antolatu duzue lana?

Elkarlan modura antolatu dugu. Behin gaia finkatuta, bakoitzak bere alderdia landu du, eta ondoren elkartu gara ikuskizunaren detaileak findu eta ados jartzeko. Nik testu bat prestatu dut, eta Pettik kantuak landu ditu; nik gidoia, eta berak musika jarriko ditugu.

Ispiluekin ze jolas prestatuko dituzue?

Ispiluek soilik irudiak islatzen dituzte, ez dute musikarik, soinurik edota usainik islatzeko gaitasunik. Beraz, hor bada joko bat ispiluek egin dezaketena eta egin ez dezaketenaren inguruan.

Literaturari antzeko zerbait gertatzen zaio; ez da errealitatea osotasunean islatzeko gai. Ezin ditu usainak sortu, baina hitzek sentsazioez hitz egin dezakete. Letrek ezin dute musika egin, baina hitzen erritmoak gogora ekarri dezake. Gure ikuskizunean gauza horiek jorratuko ditugu, ezgaitasunetara egingo dugu bidaia.

Literaturiari amaiera emateko, Iban Zalduak eta Miren Gorrotxategik solasaldia egingo dute, hilaren 28an, Mikel Ayerbe bozeramaile dutela; Literatura, ispilu ala leiho? gaia ai-tzakia hartuta, bi idazleek euren kontraesanak jarriko dituzte mahai gainean. Zaldua kontrasteen garrantziaz mintzatu da.

Nola moldatuko zarete Gorrotxategi eta biak ‘Literatura, ispilu ala leiho? solasaldia prestatzeko?

Ispilu ala leihoaren ideiak abiapuntua eman digu literaturaz bi ikuspuntu aldenduetatik hitz egin eta gure ezberdintasun eta kontraesanak mahairatzeko. Garaiotan egile asko ispiluari begira bizi dira, autofikzio eta autobiografismo handia dago, eta ardatz horiek jorratuko ditugu. Kontrasteek garrantzi handia izango dutela iruditzen zait; nik ipuina landu dut gehienbat, eta berak generoko nobela arrakastatsua argitaratu du, beraz, perspektiba ezberdinetatik abiatuko gara. Nik badut dagoeneko ibilbide bat, eta Gorrotxategik liburu bakarrarekin berebiziko arrakasta izan du, beraz, oso ibilbide ezberdineko idazleak gara, eta hori da solasaldiaren asmoa, bi ikuspuntu ezberdinetik ideia berriak sortzea.

Zer deritzozu ispilua gaitzat aukeratu izanaz?

Jolasteko aukera ematen duen aitzakia polita da. Literaturan irudi errekurrentea da ispiluarena, eta beraz, oso abiapuntu ona. Beraz, ispiluetatik abiatuta, euskal literatura unibertsala den neurrian, literatura zoroaz hitz egitea espero dut.

Zenbateko garrantzia dute Literaturia bezalako jaialdiek?

Gurea bezalako literatur mundu txikietan rol inportantea dutela esango nuke. Egia da kultura handietan halako literatur edota musika jaialdiek “tasun” eta “keria” batzuk dituztela, eta kultura sinplifikatu, enbasatu eta kapsulatu egiten dutela. Azkenean, jaialdi handiak erabat komertzialak izaten dira, eta literaturarekin zerikusi gutxi dutela konturatzen zara. Baina gurea bezalako kultura txikietan, non merkatua ez den nabarmena, arnas-gune bilakatzen dira. Txikia bai, baina ez delako kalitate txikikoa. Literaturia bezalako jaialdiak garrantzitsuak dira, irakurleekin eta beste idazleekin harremanetan jartzen zaituztelako.