Ana Malagon Zalduak (Donostia, 1978) urteko libururik gorenetakoa ida-tzi du. Eta, horrekin batera, bulkada ederra eman dio lozorroan zegoen ipuingintzaren generoari, salbuespenak salbuespen, argitaletxeen nagiaren eta irakurleen nobelari dioten miresmen eraginez zokoratua baitago. Lasai, ez da ezer gertatzen (Elkar, 2014) mikro-ipuinen liburuaren ekin zion bere literatur ibilbideari, oraingo honetan niaren alderik ulertezinenak, irrigarrienak eta garratzenak ditu hizpide Malagonek.
Gelditu zaitezte gurekin (Elkar, 2017) argitalpenean idatzi hamalau ipuinetan, lehen pertsonan idatziak guztiak ere, pertsonaia gehienak existentziaren talka bortitzak jasaten dituzten galtzaileak edo irautea besterik ez dutenak dira. Apika, munduaren ikuskera dikotomikoa zalantzagarria dateke ikuskera filosofikoari helduta, zaila baita bizitza honetan irabazleak edo galtzaileak bereiztea bizitza beraren xedea zehaztu barik. Malagonen pertsonaiek zerbait lortzeko borrokan dihardute, hala nola, segurtasun ekonomikoa edo emozionala, arrakasta profesionala, denboraren aurkako dema antzua. Halere, Malagonen literatura gailendu egingo zaio eztabaida dikotomiko antzu horri munduarekiko begirada lazgarria totem pertsonala bihurtuz.
Harreman ezinduetan, bizitza heldu ezinaren galeran eta existentzia modernoaren ulertezintasunean kokatzen dira bere istorioak. Betiere, ironiaren, umore beltzaren eta etxeko marka den metafora zirraragarrien bidez. Apika, liburuak duen alderik eztabaidagarriena erabilitako metafora “lar ekarriak” lirateke, ez da erraza irudien bidez beti asmatzea baina egiten duenean goratu egiten dute istorioa: Malagonen begiradapean bizitza brikolajeko telebista saio bat izan daiteke, edota Getarian Elkanoren errepresentazioa edo, halaber, igeriketa sinkronizatuko proba bat, non ezer ez baitagoen sinkronizatuta, besteak beste.
Malagonen istorioak era autonomoan irakur daitezke baina egilearen filosofiak berak bateratzen ditu, idazle onek berezko duten begiradaren botereak berak lotzen baititu; donostiarra fikzio oso bestelakoan ere ondo egokitzen dela nabarmen-tzen saiatu arren, esan liteke bere bizitzatik ere badutela ipuin askok: dela adinean sartutako emakumea eta atzerritik etorritako zaintzailea munduarekiko aingura-leku bakarra duena, zein tabua zauriaren baitan gordetzen duen familia euskaldun bateko kide derrotatua, edota sexuaren bidez askapen bide bakarra aurkitzen duen emakume arrakastatsua eta maitasuna galdu duena, ez dira Malagon, baina Malagonen ikuskera beti dager.
Ipuin sorta erakargarria ondu du Malagonek, bere egin dituen gaiei helduta, Twitter-eko jarraitzaileek egiaztatu dezaketenez, baina baita bereak ez diren beste batzuk ere jorratuz, fikzioari gorpuzten utziaz.
“Sinpleki, gu ez garen norbait nahi dugu sofan gure aldamenean eserita, eguraldiaren parte gero eta luzeagoan, tenperaturaren beherakada nabarmen bat agintzen dutenean”. Malagonen literaturak gu ez garen hori dakarkigu geure baitara, baina denok erabat identifika-tzen gara, berorik sentitu ez arren, ikuskerarekin bat etorri ez arren, edo bai.