Manjitek bere kometa altxatu du lagunarekin harremanetan jar-tzeko. Varanasiko gaztea ciclorickshaw edo karrodun bizikleta baten gidaria da eta goizero hots egiten dio hiriaren beste aldean bizi den lagunari. Kometak komunikazio tresna bat dira bi mutilentzat. “Ordu berean jartzen ditugu hegan. Ondo gaudela adierazteko kode antzeko bat da”, diosku Manjitek. Egunsentia da eta Indiako Varanasi edo Benares hirian gaude.
Manjitek bost urte daramatza ciclorickshawa gidatzen. Egunero hotel bateko atarian jarri eta atetik ateratzen diren turistengana hurbiltzen da erdigunera bidaia bat eskaintzeko. Varanasiko gaztea autodidakta hutsa da eta primeran hitz egiten du ingelesez. Manjitek ilusioa eta maltzurkeriarik eza transmititzen ditu, baina bere patua txintik ere esan gabe onartu duenaren tristura aurpegia dauka.
Ciclorickshawera igo bezain laster umetako istorioak kontatzeari ekin diogu, bereak eta gureak. Halere, pisuaren ondorioz, Manjitek esfor-tzu handia egin behar du bizikleta mugitzeko. Gaizki sentitu gara, kolonizatzaile zaharren ohiturak kopiatu dituzten turisten antzera. “Utz iezaguzu hemen eta oinez joango gara”, esan diogu, “pisu gehiegi daukagu”. “Ez, mesedez, eguneroko ogia irabazi behar dut”, erantzun digu. Jipoi bat sabelean jasotzea bezalakoa da indiarren egunerokotasun gogorrari hurbiltzea.
Oinez joango garela erabaki ostean bidaia osoa ordaindu diogu eta Manjitek hitzordua eman digu arratsaldean berriz ere elkar ikusteko eta denok batera te bat har-tzeko. Erdigunean zera aurkitu dugu, ordea: Herritarrak kalean gosez hiltzen, behiak edozein tokitan zaborra jaten eta saltoki ibiltariak bidea oztopatzen. Varanasi mistikora iristeko hiriko trafiko izugarritik bizirik atera beharra dago.
Antzina Kashi edo ederra izenaz batailatu zuten, ordea. Benares sakratua bihurtu zen Shiva jainkoak bertan malko bat isuri zuzenean. Orduz geroztik milioika erromes hindu hurbiltzen dira Ganges ibaian purifikazio errituak egitera eta maitatuenen hilotzak erretzera. Varanasin 100 ghat edo mailadi daude eta denak dira sakratuak. Hiria, gainera, erlijio ezberdinez osaturiko unibertso handi bat da. Hinduistek, budistek eta jainistek bat egiten dute bertan.
Horregatik, Gangesen elkartu egiten dira heriotza eta bizitza. Ez da harritzekoa hiriko ghat batera hurbildu eta bertan ikustea herritar bat bainua hartzen edo haginak garbitzen, eta, handik metro gutxira, hildako baten gorpu errea begiztatzea ibaiaren korronteak eramaten. Garai batean gardena eta garbia zen Ganges. Ez da egungo kasua. Gaur munduko ibairik kutsatuenen artean dute eta metal astunen ondorioz hilgarria da bertako ura edatea. Indiarrak ez garenontzat behintzat!
Halere, Manikarnika izeneko mailadira hurbildu gara eta Shivak negar egin zuen tokia aurkitu dugu. Bertan egiten dira hildakoen errausketa erritu gehienak eta bertan dago urrezko tenplu sakratua. Manikarnikan lilurak eta nazkak bat egin dute gure baitan. Ez dakigu zer sentitu egurrez beteriko suaren, erre usainaren eta hildakoen gorpuen erdian trantze mistikoan dauden herritarren aurpegia ikusten dugunean.
Baina ilunabarrarekin magia itzultzen da Varanasira. Manjit gure bila etorri da eta bere laguna aurkeztu digu. Goizetan kometen bidez komunikatzen diren bi mutilek elkar ikusten dute gauean. Oinetakoak kendu eta eskailera guztiak jaitsi ditugu ibai ertzera iritsi arte. Manjitek eta bere lagunak bainua hartu dute eta guk kanpotik begiratu diegu harridura aurpegiarekin. Ibaian sartuko bagina ospitalean amaituko genukeelakoan gaude. Une horretan haurrak eta emakumeak hurbildu dira lore freskoak botatzera eta gazte erromesek Gangeseko ura jaso dute plastikozko pitxarretan. Shivaren omenezko errituaren momentua da.