Dagoeneko 27 urte dira Uztaro-ren aurreneko alea argitaratu zenetik. Garai hartan irakasle eta ikerle askoren euskarazko lanak argitaratzeko zeuden gabeziei erantzuteko jaio zen aldizkaria, giza eta gizarte-zientzien alorretako ikerketak eta artikuluak euskaraz jasotzeko. Bide luze horretan Jokin Apalategi izan da aldizkariaren gidaria. Orain, aldizkariaren 100. zenbakia besapean, agur esango dio zuzendari ardurari, egindako ibilbideaz eta pausoz pauso lortutakoez harro.
‘Uztaro’-ren ibilbidea inolako krisirik gabe igaro dela diozu. Nola moldatu da unean uneko egoeretara?
Edozein aldizkarik sortzearekin bizitzen dituen erronkak izan ditu, hasteko. Zein jenderi zuzendu behar zitzaion? Irakasle-ikerle zirenei eta izan nahiko zutenei, bai noski, baina, baita, orokorrean, euskal kulturan sakontzeko gogoa eta kuriositatea zeukan edonori ere. Berehala jabetu ginen gure intuizio-kalkulua egokia zela, hasieratik 400 harpidedun inguru izan genituen eta oso gutxi galdu ditugu urte guzti hauetan; batzuk desagertzean beste batzuek ordezkatu izan dituzte beti, aldizkariari egonkortasun gozoa eraginez.
Zeri egin behar izan dio aurre aldizkariak urte hauetan?
Guretzat zailena giza eta gizarte jakintzetatik zetozen ikerketa lanak ugaritzen ikustea izan zen. Lehen urteetan, Uztaro-ren zenbaki bakoitza betetzera ozta-ozta heltzen ginen. Baina, pixkanaka, ikerketa lanak gehitzen joan ziren. Irakasle-ikerle gazteak ugaritzen zihoazen Euskal Herriko unibertsitateetan. Aldi berean, hainbat euskaldun irakasle-ikerle munduko unibertsitate hoberenetan euren egonaldiak eginez formazio eta kalitate mailan gora joan zen. Honek Uztaro-n isla izan du, lanen kopurua eta kalitatea hazten ikusi genituelako. Egoera berriak berehala gure aukerak aurreragoko erronka batera gida-tzeko animoa eman zigun.
100. alera heldu da ‘Uztaro’, datu positiboa bai aldizkariarentzat eta baita euskararentzat ere, ezta?
Oso gazte nintzelarik, euskaltzale sutsu bati ondoko hau entzun nion: “Euskarak ez dik filosofatzeko balio, ez baitik hizkuntzazko ahalik, gutxi garaturiko hizkuntza baten aurrean baikaudek. Honen froga nabarmena zera duk, ez daukagula euskaraz idatzitako filosofiazko obra duinik”. Arrazoiketa harekin, lehen kolpean, harrituta gelditu nintzen, baina, ez konforme. Nire iritziz, funtsean, arazoa gizarte kondizio kontua da.
Zorionez, azken 50 urte hauetan bereziki, urrats hori eman dugu, eta erresistentzia proiektu goranahi-kutsakor bati esker, gogo hori gizartean itsastea eta zabaltzea lortu dugu, horretara heltzeko batzuen izerdi eta sufrimenduaz eta aldi berean erresistentzia onartua egiteak dakarren zorion biziaz, bidesaria ordaindu behar izan badute ere. Azken sei hamarkadetan, euskaraz garatzen joan garen hezkuntza sistema propio, alfabetatze-euskalduntze sistema eta produkzio literario eta mediatikoarekin (liburugintza, diskogintza, prentsa, irratia?) euskarak behar zuen gizarte kondizioa sendotzea eta barreiatzea lortu dugu.
Zer eskaini dio ‘Uztaro’-k Jokin Apalategiri, eta alderantziz?
Asko izan gara, ez ni bakarrik. Hainbat adiskide sartuko nituzke hemen, euskararen eman-tzipazio zientifikoa lortzeko aukera eginez buru-belarri sartuta bizi izan gara hainbat urtez, eta, militantzia mota guztiak bezala, euskararenak ere, militantzia kolektiboa den horrek, zorion anitz eragiten du. Egia esan behar badut, nik neuk Uztaro-rekin ez dut sufritu. Unibertsitatean, nire karrerari ateak osoki irekitzeko behar nituen bi seiurtekoak lehen kolpean buruturik, zera galdetu nion nire buruari: horiek pilatzen jarraitu behar al dut ala euskararen militantziari eskaini behar natzaio? Bata ala bestea aukeratu beharra baitzegoen. Hainbat argitaletxeren eta elkarteren sortzaile eta bultzatzaile bezala, baina bereziki Uztaro-n nire alboan beti egon den lan-talde finarekin eta UEUren itzalean, loriaturik bizi izan naiz.
Zuzendari izateari utziko diozula iragarri duzu.
Ez gara betirako ezertan! Gutxiago gara nahitaezkoak. Eta horrela izanda, sasoian gaudenean eta askatasun osoa dugunean lekukoa pasatu nahi izan dut. Horrek adierazten du, noski, ordezkoa badagoela eta berarengan sinesten dugula. Nik neuk hor inguruan jarraituko dut ahal dudan arte, ez noa alde batera uztera. Aspalditxo honetan Uztaro-ren erredakzio-kontseilua gazte eta sasoizko jendez beteta dago. Une honetan euskal gizartean dauden erronkei aurre egiteko behar den ausardiarentzat sentsibilitate puruak daudenean askoz hobeto.
Gidor Bilbaok hartu du lekukoa. Zergatik bera?
Lan asko egin du. Urte guzti hauetan erredakzio-kontseiluko kide izan da. Nagusiki berak kudeatu zuen Uztaro Latindexen sartzeko egin genuen ibilbide administratiboa. Euskara eta eleaniztasuneko errektore-ordea izana da. Badakizki orduan administrazioko trikimailuak. Negoziatzaile ohitua da. Neurriak gordetzen daki edozein eztabaidaren aurrean. Gainera, irakasle-ikerle kalitateari dagokionean, goi mailakoa da. Ikasketa klasikoak irakasten ditu. UEUren Inguma datu-baseko hirurogeitik gora lan bereak dira. Mikel Laboa katedraren kudeaketan ere ari da. Langile porrokatua da.