Arrakasta itzela lortu zuen Maider Zabalegik (Oiartzun, 1976) Alaitz Telletxearekin batera osatutako Alaitz eta Maider bikoteak 90eko hamarkadako azken urteetan. Hiru disko eta ehunka kontzertu bizkarrean, agur esan zioten taula gaineko jardunari 2004. urtean. Ordutik duela oso gutxi arte, musikarekiko deskonexioa ia erabatekoa izan dela aitortzen du Zabalegik: “Taldea utzi eta urtebetera ama izan nintzen eta musika albo batera utzi nuen guztiz. Naturalki atera zitzaidan, ordea, ez nuen musikaren beharrik sentitzen. Amatasunaren burbuila horretan egon naiz, ikasketa prozesu ikaragarri batean”.
Baina bizitza berri batek musikatik aldendu zuen bezala, itzaltzen zihoan bizitza batek bultzatu zuen berriro melodia eta hitzak sor-tzera. “Urte hauetan guztietan dolu itzelak bizi izan ditut eta azkenekoan nire barruan zerbait lehertzen zela nabaritu nuen. Gertuko pertsona hori hiltzen ari zenean sortu nuen lehen melodia eta, hil zen egun berean lortu nuen lehen aldiz kantua goitik behera jotzea, ordura arte negarrak gain hartzen zidan-eta”.
Egun horretatik gaur arte ez da sormenaren gurpila gelditu. Horren erakusle da Elkar argitaletxearekin kaleratu berri duen bakarkako lehen diskoa: Zuei. “Disko hau hirugarren umetxo bat edukitzea bezala izan da; goizeko hiruretan edo lauretan esnatu eta lorik egin ezinda gitarra hartzea, argaltzea... Oso istorio indartsua izan da. Iruditzen zait urte askotan motxila harri kozkorrez betetzen joan naizela, gauza ederrez eta gogorrez, eta bat-batean motxila hori husteko garaia iritsi dela”.
ARGITASUN HANDIKO LANA
Leherketa, batez ere, musikala izan dela dio Zabalegik, berak musikan topatzen baitu barneko sentimendu horiek kanporatzeko bidea. Baina, hitzak ere jarri nahi izan dizkie kantuei, batzuetan asko kostatzen zaion lana dela onartzen badu ere. Bizitzaren arlo desberdinei buruz idatzi du, alderdi ederrez, noski, baina baita ez hain ederrez ere: “Doluaz idatzi dut, heriotzaren doluaz, maitasunaren doluaz, eta baita abortuaren doluaz ere, abortu bat gertatzen denean ezer gertatuko ez balitz bezala egiten delako sarri”.
Errefuxiatuen dramari ere tartea egin nahi izan dio diskoan: “Ama zarenean zerbait hausten zaizu barruan eta beste modu batera enpatizatzen duzu ama horiekin, haurrak utzi edo agur esan behar izan dieten horiekin”.
Kutsu malenkoniatsua duten kantuak badauden arren, “argitasun handiko disko” bezala definitzen du Zabalegik 10 kantu biltzen dituen Zuei hau. “Bizitzen ari naizenaren isla da, halaxe bainago momentu honetan, ilusio eta pozez gainezka. Seme-alabak koskortu eta amatasunaren burbuila horretatik atera naizenetik bigarren nerabezaroa bizitzen ari naizela diot askotan, askeago sentitzen naiz-eta”.
Diskoa esku artean hartu zuenean “oso sentsazio berezia” sentitu zuela dio oiartzuarrak, Elkarreko estudioan grabatzera sartu zenean bezala. “Oso zeurea den zerbait, hain barrenetik atera zaizuna, horrela esku artean edukitzea izugarria da. Gainera, kantu denak dira nik eginak edo oso neure sentitzen ditudanak eta horrek beste zen-tzu bat ematen dio guztiari”, kontatu du. Izenburuari dagokionez, eskerrak emateko modu bat dela dio: “Hainbeste daukat eskertzeko... Bizitzak asko kentzen digu, baina baita eman ere. Eta eskerrak eman nahiz nizkion bizitzari, pertsonei eta, zergatik ez, errekak egiten duen soinuari, ematen didan indarragatik”.
LAGUNAK ALBOAN
Diskoan bidelagun izan ditu bizitzan bertan ere altxortzat dituen musikariak. Aipatzekoa da Dani Venegas musikari eta ekoizleak diskoan egindako lana, berak eman baitie kantuei diskoan hartu duten behin betiko itxura. “Izugarrizko konexioa izan dugu Danik eta biok; nik pasatzen nizkion kantuen zirriborroak eta bi egunetan itzultzen zizkidan nire pentsamenduak irakurri izan balizkit bezala; justu nahi nuen puntu hori ematen zien kantuei”. Venegasek, gainera, hamaika instrumentu jo ditu diskorako. Proiektuaren hasieratik “bai pertsonalki, bai musikalki izugarrizko babesa” eman dio Urbil Artolak ere (Lap Steel, Dobroa, gitarra akustikoa, koruak). Joseba Loinazek (pianoa) eta Karlos Aranzegik (perkusioa) osatzen dute grabazioko eta oholtzarako taldea. Eta nola ez, ezin zen falta Alaitz Telletxearen trikiti hotsa, ahizpen artekotzat har bailiteke euren arteko harremana. Kon-tzertuetan lagun izango ditu Gorka Urra (gitarra) eta Garbiñe Sagastibeltza (baxua).
Pasa den martxoaren 18an Oiartzunen eman zuen estreinako kontzertua Maider Zabalegi eta bere taldeak. Hurrengo kontzertuak maia-tzerako iragarri dituzte: hilaren 7an, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean izango dira; eta maiatzaren 19an Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.