Mikel Martinez eta Patxo Telleriak urteak daramatzate bikote artistiko bezala lanean, Ez dok Hiru zigilupean antzerki obrak sortu, ekoiztu eta antzezten. Euskara Sencilloaren Manifiestoa, Larru Haizetara, Euskarazetamol, Lingua Nabajorum?. Zerrenda luzea osatzen dute sortu dituzten antzezlanek. Denborarekin, gainera, halako estilo bat lortu dute ia oharkabean, iturri askotatik edaten duena baina bere esentzia agerian duena: euskara eta euskal kultura hartzen dituzte oinarrian beti -edo ia beti-, umorea darabilte, aktore bien elkarrizketa motz eta azkarrak, eroak... Badute euren egiteko era, alegia.
Bada, ildo berari jarraitzen dion ikuskizuna da Ez dok Hiru. Euskal musikaren benetako istorioa ere, Patxo Telleriaren esanetan: “Gure zigiluaren betiko ezaugarriak hor daude: umorea, hitz-jokoak, hizkuntzarekin jolas egitea, laugarren paretarik gabe aritzea (publikoari zuzentzen gatzaizkio), sketx an-tzeko pasarte biziak? Baina badago nobedade bat, gainera, ikuskizunaren gaia edo oinarria ere badena, kasu honetan: euskal musika. Beti jolastu izan gara hitzekin, baina oraingo honetan musikarekin eta kantuen hitzekin egiten dugu jolas”, kontatu du Telleriak.
Bi musikologo adituren paperean ikusiko ditugu Telleria eta Martinez obra honetan. Martinez Doktorea eta Telleria Doktorea izango dira, eta euskal musikari buruzko online ikastaro baterako irakasgaiak grabatuko dituzte zuzenean, publikoaren aurrean, ikasgaietarako materiala sortuz.
Neolitikotik gaur egunera arteko euskal musikaren historia kontatzea da bi doktoreen asmoa, eta hemezortzi ikasgaitan antolatuko dute hitzaldia. “Euskal musikan adituak diren edo, hobe esanda, adituak direla uste duten bi gizajo izango gara, bi desastre, hanka etengabe sartuko dutenak -kontatzen du Martinezek-. Landu izan ditugun pertsonaiei dagokienez, konstante bat izaten da halako profila duten pertsonaien azalean sartzea. Izan ere, Patxok askotan esaten duen bezala, sarritan porrotetik sortzen da umorea, eta bi hauek asko izango dute horretatik”.
MUSIKA ARDATZ
Zenbat euskal kanta ezagutzen dituzu, zahar edo berri? Kalkulua egin duzu inoiz? Ziur gaude uste duzuna baino gehiago direla. Ikuskizun hau aurkezteko hitz horiexek erabili dituzte eta, hein batean, galdera horri erantzuna ematera dator antzezlana. “Harridura sortu nahi dugu, ikuslea konturatu dadin zer nolako altxorra den gure musika, gure hizkuntza. Gure ondare musikalarekin jendea harro sentitzea bilatzen dugu, nolabait”, dio Martinezek.
Euskal kantutegiak euskaldunontzat sekulako garrantzia daukala gaineratzen du Martinezek, eta hori azaleratu nahi dute obra honekin. “Kantutegi hori hobeto ezagutzea da asmoa, horrekin jolas egiten dugun bitartean; azken finean, euskal musikaren iruditerian zehar bidaiatzeko proposamena da, euskal musikaren istorio txiki-handiaren errepaso ironiko, absurdo eta dibertigarriaren bitartez”.
Telleriaren iritziz, “euskaldun guztiok komunean dugun elementu identifikagarri inportanteenetako bat” da musika, nahiz eta askotan ez garen oso kontziente horretaz: “Gure musika ondarea benetako altxorra da. Obra honen bidez, altxor hori indarrean jarri nahi izan dugu, eta erakutsi zenbateraino daukagun sartuta euskal musika gure burmuinean eta gure memoria historikoan”.
MEMORIA KOLEKTIBOA
Telleria izan da obraren idazketaren ardura izan duena. Bere hitzetan, “kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala” da honakoa, kantu zerrendak erabili baititu antzezlana idazterakoan. “Nire irizpidea izan da euskaldun batentzat ezagunak diren kantuak hauta-tzea, memoria kolektiboan gordeta dauden euskal abestiak. Izan ere, obra honetan oso inportantea da jendeak kantuak ezagutzea; behintzat, errekonozitzea. Eta gehien ezagutzen direnak ez dira orain dela 10 urtekoak, zaharragoak dira”. Gaur egungo edo azken urteetako abestiak ez erabiltzeko bi arrazoi aipatu ditu Telleriak: “Batetik, sor-tzaile eta musikari berriei ez diegu itzalik egin nahi, eta, bestetik, azken urteotako kantu asko oraindik ez dira gure memorian toki bat izatera igaro, gaurkoegiak direlako. Nire ustez, denboraren filtroa igaro behar da kantu bat gure memorian iltzaturik dagoen ala ez egiaztatzeko”. Dena den, obra honetan agertzen diren kantu guzti-guztiak ez badira ere, publikoari gehienak ezagun egingo zaizkiola ziurtatu du Telleriak.
Zalantzarik gabe, euskal musikaren aberastasuna agerian geratuko da obra honetan. Izan ere, guztira, 220 abesti, edo abestiren zati, entzun daitezke ikuskizunean zehar. “Asko da, bai. Baina jendea ez dadila ikaratu” -argitu du Telleriak-. Kantuak oso modu desberdinean lantzen ditugu: askotan, kantu baten aipamen hutsa egiten dugu, apunte bat, edo abestiaren hitz batzuk edo lelo ezagun bat erabiliz eszena bat sortzen dugu... Ez dira 200 abesti interpretzatzen, hori ezinezkoa baita ordu eta erdiko obra batean, noski”. Kantu kopuru ederra darabilten arren, aipatu gabe utzi dituztenak ere gogoan dituzte Telleriak eta Martinezek: “Horiek ere estimatu egiten ditugu, lan honetan tokirik aurkitu ez badute ere”.
Musikarekin batera, garaiko testuinguruak ere izango du islarik oholtzan: Frankismo garaiko zentsura politikoa, sexuaren eta musikaren arteko harremana... Denak ere umorea lagun harturik. Bestalde, liburua ere kaleratu dute antzezlaneko testuekin. Elkar argitaletxeak argitaratu du, eta, obraren gidoiarekin batera, Spotify atarian entzuteko moduko kanta batzuk ere badakartza azken orrietan. Antzezlanean aipatu edo kantatuko diren kantak entzuten dira bertan.
ZUZENEKO DOINUAK
Telleria eta Martinezek osaturiko bikoak beste hiru kiderekin partekatuko du oholtza ikuskizun honetan, Adrian Garcia de los Ojos, Maria Telleria eta Ivan Alluerekin, hain zuzen. Antzezle eta musikari izango dira horiek, aldi berean. “Hiru musikari bakarrik daude, baina instrumentuak dozena bat baino gehiago izango dira, hiru horiek denetik joko dutelako: biolontxeloa, gaita, pianoa, txirulak, perkusioa? soinu-elementu asko egongo dira eszenatokian”, kontatu du Martinezek.
Hitzari, Ez dok Hiruren ohiko tresnari, zuzeneko musikaren indarra gehituko zaio obra honetan, beraz, eta hori ere berritasuna dela aipatu du Telleriak: “Zentzu horretan ere ikuskizun desberdin bat sortu nahi genuen. Orain arte biok egon izan gara beti oholtzan, eta orain musikariekin ari gara. Zuzeneko musika izango da, baina ez dira soilik abestiak edo abesti zatiak entzungo, obran zehar entzungo den guztia bertan sortua izango da; efektuak, besteak beste: dela tinbre bat, pauso hotsak, ate bat irekitzen? doinu eta zarata oro ere bertan sortuko da. Zentzu horretan, bizia izango da ikuskizuna”.
IBILBIDE OPAROA
Tartean Teatroak ekoitzi du Ez dok Hiru-ren proposamen teatral berria eta Jokin Oregi aritu da zuzendaritza lanetan. Ibilbide luzea duen konpainia da Tartean Teatroa. Jokin Oregi, Patxo Telleria eta Mikel Martinez dira bere hiru zutabeak. Taldeko kideek sortutako testu eta ideiekin eraikitzen dituzte ikuskizunak, hitza, euskara eta umorea oinarritzat hartuta. Hainbat sari irabazi ditu konpainiak azken urteotan. Besteak beste, 2012an, Telleria eta Oregik euskarazko testu onenaren Max saria jaso zuten Larria, kutsakorra eta mendebaldekoa lanarekin; 2013an, Telleriak euskarazko testu onenaren Max saria eskuratu zuen Lingua Nabajorum lanagatik, eta 2015ean sorkuntza dramatiko onenaren Ercilla saria Pankreas lanagatik, bere bertsio bikoitzean.
Ez dok Hiru. Euskal musikaren benetako istorioa lanarekin aurreko antzezlan horiekin baino ibilbide luzeagoa egitea espero du Martinezek. “Azken aldiko lanak, Pankreas edo Zergatik Jamil, kasu, kostatu egin zaigu ondo saltzea, obra ederrak eta onak izanagatik ere. Ez dok Hiru-ren umorearekin dramarekin baino aukera gehiago izan ditzakegula ikusten dugu. Gainera, jendeak ezagutzen gaitu, gure aurreko lanekin lotzen gaituzte eta gugan konfiantza jartzen dute. Uste dugu gure obrekin ondo pasatzen duela publikoak eta honetan ere ez da salbuespena izango”. Martxoaren 7an eta 8an estreinatuko da Ez dok Hiru. Euskal musikaren benetako istoria, Bilboko Arriaga Antzokian. Hortik aurrera, dagoeneko lotuta dituzte datozen hilabeteetarako hainbat emanaldi, Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan.