Geldialdia iragarri du Bide Er-tzean taldeak. Badoaz, baina ez dituzte zaleak esku-hutsik utzi; bitxikerien bilduma bat utzi die esku artean, Zutaz kantatzeko izenekoa. “1998tik hona, argitara eman gabeko kantuak joan zaizkigu pilatzen. Horretaz gain, bazen irratietan edota kontzertuetan erregistraturiko zuzenekorik, ganorazko maketaren bat, itzalean utzitako aldaera txukun batzuk, remix-ak? Guztiak argitara eman gabeak”, azadu du Imanol Ubeda abeslariak. Hala, 14 abestiko bilduma osatu dute “ganbaran topatutako txukunenak eta esanguratsuenak” batuta.
Bilduma honetan taldearen garai ezberdinak islatuta daude, baina ez omen da Bide Er-tzean-en ekarpenaren erakusgarri, “horretarako dago diskografia osoa”, azaltzen du Ubedak. Hain zuzen ere, 18 urteko ibilbidean hamargarren diskoa da Zutaz kantatzeko, aurreko guztiak bezala, Gaztelupeko Hotsaken zigilu eta babespean kaleratua. Etapa baten hasiera eta amaiera dira zutaz kanta-tzeko hitzak, taldearen lehen diskoko lehen kantutik baitator izenburua, “Zutaz kanta-tzeko jaio bide nintzen mundura” zioen errepikak orduan, eta hitz horiek hautatu dituzte disko honen izenbururako, zirkulua nolabait itxiz.
ibilbide oparoko talde txikia Diskoa egiteaz gain taldearen ibilbidea jasoko zuen liburuxka bat egitea ere bazuten asmotan taldekideek, eta musika eta kultur arloan ezaguna den Jon Eskisabel kazetariari egin zioten horretarako proposamena, duela pare bat urte. Eskisabelek bazituen bi zalantza lan hau onartzean: “Batetik, talde aktiboa zela proposamena egin zidatenean -atsedenaldiarena kontu berriagoa da- eta, nahi ala ez, arraroa da aktibo dagoen talde bati buruzko biografia bat idaztea. Eta beste zalantza zera zen: badirudiela talde bati buruzko historia idazterakoan, talde horrek mundu birak eta milioika disko salduak behar dituela izan biografia bat merezi izateko. Eta hain justu estereotipo horrekin apurtzeko gogoa sentitu nuen; Bide Ertzeanek ibilbide luzea eta oparoa izan du eta baditu jarraitzaile fidelak ere, baina beti izan da talde txikia”, azaldu du Eskisabelek.
Txikia izanik ere, Bide Ertzeanek “beste inorekin konpara ezin daitekeen nortasun propioa” duela irizten dio kazetariak; “gauzak esateko eta egiteko modu propioa dute eta hori da taldearen ekarpen nagusia, euren kantutegian presentzia berezia duten poeten hi-tzak edota pop-a erabiltzea memoria historikoa bezalako gai potoloak lantzeko, besteak beste. Gainera, Bide Ertzeanen lana beti egon da unean uneko gizarte egoerari lotuta, eta, beraz, euren garaiaren isla ere badira lan horiek”, dio Eskisabelek.
Liburua osatzeko hainbat elkarrizketa egin ditu kazetariak, gaur egungo taldekideei (Imanol eta Joni Ubeda, Karlos Aranzegi eta Joserra Senperena) eta taldekide ohiei (Fran Iturbe eta Labrit Zabala), baina baita ibilbide osoan zehar taldearen inguruan ibili diren pertsona esanguratsuei ere, hala nola, Kaki Arkarazo soinu teknikariari, Ubedatarren senitartekoei edota Jose Luis Otamendi poetari. Ibilbidearen kronika eta elkarrizketekin batera, Eskisabelek bere iritziak, kantuen interpretazioak nahiz diskoen analisiak ere tartekatu ditu liburuan, ohiko biografia eta kontakizun lineal eta hertsitik ihesi.
Gorka Urbizuri eskatu zion hitzaurrea egiteko, “hasieran zale gisa eta gero lagun gisa, taldearengandik oso gertu egon izan baita beti”, dio kazetariak. Gainera, eranskin modura, bost testu labur ere bildu ditu. “Batetik, Berria egunkarian argitaratutako lau iritzi artikulu, zeinak Bide Ertzean duten hizpide; eta, bestetik, Igor Estankonari libururako propio eskatutako artikulu bat, poesia eta musikaren harremanean oinarrituta Bide Ertzeanen kasua aztertzen duena eta Jose Luis Otamendiren figura azpimarratzen”.
Etenaldi mugagabea “Familia, lana, musika? Dena uztartzea ez da erraza. Eta orain, arrazoi pertsonalak medio, are zailagoa. Orain entsegu eta emanaldien dinamika horretan jarraitzeko zailtasunak ditugu. Eta ordezkoak bilatzen hasi baino lehen, nahiago dugu etenaldi bat egin. Libreago gaudenean itzuliko gara”, dio Imanol Ubedak. Bitartean, eta iragarri dituzten lau emanaldiren ostean, “Bide Ertzean lozorroan geratuko da bolada batez. Baina, modu batean edo bestean, musikari lotuta jarraituko dugu”, azaldu du. Momentuz askorik aurreratu nahi ez duen arren, abeslariak badu jada proiektu berri bat esku artean.
18 urteko ibilbidea izan da hau, ibilbide luzeago baten lehen etapa. Liburuan eta taldekideen bihotzetan gordeta gelditu diren milaka istorio eta bizipen. Baina horietatik guztietatik bat aukeratzekotan argi dauka Ubedak: “Taldekideen arteko harremana da Bide Ertzeanen istoriorik ederrena”.