Agurtzane Itxaurragak aspaldi zeukan mesanotxean Lorcaren Bernarda Alba liburua. Betidanik gustatu izan zaio Lorca eta, duela bi urte, antzezlana taularatzeko ideiarekin amesten hasi zen: “Arantxa Iturberekin bildu eta pentsatu genuen zaila zela istorio hori oholtzara eramatea. Baina, zergatik ez istorio propioa egin? Eta halaxe egin genuen”, kontatu du Intxaurragak. Iturbek eta Intxaurragak elkarlanean idatzi dute testua eta azken honek zuzendu du lana. Miren Gojenola, Itziar Ituño eta Agurtzane Intxaurraga bera arituko dira oholtza gainean.

Nahikoa izan dute urte gutxi batzuk atzera egitea gure herrian jainkoaren izenean emakumeoi zenbat leiho itxi zaizkion kontura-tzeko. Gure inguruan ere garai batean hainbat Bernarda izan baitziren: etxekoandre gogor eta zirikatzaileak, tradizioaren defendatzaile itsuak, elizari eta lege zaharrari lotuak... Bernardaren bizitza kontatzeaz gain, “horrelako pertsona baten heziketak zer nolako aztarna utzi dezakeen, kasu honetan bi alabarengan, kontatu nahi genuen”, jakinarazi du Intxaurragak. Emakumeen istorioa den galdetuta, Intxaurragak argi ikusten du: “Pertsonen istorioa da, baina emakumezkoak dira heziketa hertsi eta ilun hori gehiago jasan zutenak. Garai horietan emakumeak bide zuzenetik joateko heziak ziren, gizonekin alderatuta ezberdin; emakumeen kasuan, askatasunik gabe”.

Emozioen bidaia Arrate eta Begoña dira antzezlaneko protagonistak. Bakoitzak bere aldetik aurre egin diete amak haiengan utzitako arrasto sakonei. Begoñak, infernu hartatik ateratzeko, borrokaren bidea hartu zuen amaren aurrean. Arratek, aldiz, obedientziarena, amaren maitasuna eskuratzeko. Hogei urteren ondoren, ama hilda dago, baina bata zein bestea amaren arrastoa ezin ezabaturik dabiltza. “Ama eta alaben arteko zilbor-heste itogarria ikusten da obran, hilda egon arren, amak agintzen duelako haien bihotzean”, dio Intxaurragak. Istorioaren ardatza bi ahizpen arteko erlazioa izango da, “batak ez besteak ez baitakite umetan jasandako heziketa hertsi horrek beraiengan utzitako ubelduak zenbaterainokoak diren, ez dituzte ezagutzen”, kontatu du bere aldetik Miren Gojenola aktoreak, bi alabetako bat hezurmamitzen duenak. Bi alaben arteko talka horretan “emozioen bidaia” sortuko da, gaineratu du.

Konplexua da aktoreen lana antzezlan honetan, dramaturgia ez delako lineala eta etengabeak direlako denboran ematen diren jauziak. Begoña, Afrikan hogeita bost urtez lanean egon ostean, hutsik zeukan koaderno zuria amari idazten hasiko da eta koaderno horrek lagunduko dio jasandako mina arintzen. Beste ahizpak bizitza konbentzionalagoa du eta desagertutako ahizpa agertzerakoan galderak egin beharko dizkio bere buruari. Gainera, ama bera ere taula gainean ikusiko dugu.

Era poetiko batean, hainbat gaien inguruan hausnartzeko aukera ematen du antzezlanak: familiaren pisua, bakardadea, erlijioaren indarra, maitasun nahia, askatasun egarria, abortua, genero askatasuna, literatura... Gainera, eszenatokian dauden objektuek garrantzia hartuko dute. Hala, etxeko lau paretez gain, momentu batzuetan espazioa transformatu egingo da eta Afrika izango da, elementu guztiek balio poetiko eta sinbolikoa baitute.

Umorea arnasbide

Umoreari ere tartea utzi diote. Arrate ahizpa gazteena medikua da, eta bere paziente biren pasarteak tartekatu dituzte antzezlanean. “Arnasbidea topa-tzeaz gain, saiatu gara dramaturgian ere eszena hauek lagungarri izaten, eta Arrate pertsonaiari asko lagunduko dio gertatzen zaion hori ulertzeko eta bere burua hobeto ezagu-tzeko”, azaldu du Intxaurragak. Umorea sar-tzea “erronka bat” izan dela gaineratu du aktore eta gidoiaren arduradunak. Azken finean, antzezlan honek istorio latza du hizpide. Hala, istorio hain gogorra izanik, umorea tartekatu dute aringarri moduan eta lehenengo emanaldietan ikusleak eskertu egin duela uste du: “Bidaia emozionala benetan aberatsa izaten ari da, batzuetan umoretik, eta bestetan emozio mingarriagoak sentitzeko”.

Gogorra egin zaio Intxaurragari oholtzan eta hortik kanpo egon beharra aldi berean. “Emozioz betetako prozesua izan da, gorpuzten dudan pertsonaiak hustuta uzten nau. Egin dudan lanik zailenetako bat izan da”, onartu du. Hala ere, pozik da lehen emanaldietan izandako erantzunagatik: “Gazteentzako erakargarri dira erlijioarekin eta tradizioarekin loturiko gaiak; ez dute hain gertutik bizi izan eta horrek interesa sortzen die”. Bestalde, beste asko hunkitu egiten direla kontatu du: “Azken finean, gure inguruan bada jende asko erlijioaren pisu handia bizi izan duena”.

Datorren larunbatean Azpeitiko Sareasu An-tzokian taularatuko dute obra eta Basauriko Social Antzokian, azaroaren 25ean. Antzoki atarietan koaderno zuria paratu ohi dute Hika konpainiakoek. Dagoeneko ikusle batzuek haurtzarora bidaia egin dute. Beste batzuek, ordea, ahaztutako sentimenduak berpiztu dituzte. Emanaldiz emanaldi, koaderno zuria hitzez eta emozioz betetzen joan dadin espero dute orain.