Gosaria prestatu. Umeak eskolara lagundu. Erosketak egin. Bazkaria prestatu. Hautsa kendu. Arropa zikinak garbitu, eseki eta lisatu. Afaria egin. Haurrak dutxatu eta oheratu. Eta berriro ere hastera. Etxeko lanak ez dira amaitzen. Hori ondo baino hobeto daki Pello Ulaziak (Mutriku, 1966). Hamar urtez arduratu da etxeaz eta bere hiru seme-alabez, etxetik kanpoko enplegurik izan gabe. “Gure seme-alaben zaintza eta etxeko zereginen ardura nagusia nik hartuko nuela erabaki genuen emazteak eta biok; modu naturalean hartu genuen erabakia, emazteak lanean denbora luzea eskatzen zioten ardurak zituelako”, kontatu du Arte Ederretan lizentziadun eta egun unibertsitateko irakasle den Ulaziak. Zeregin hori bere gain hartzearekin batera, ikuspegia guztiz aldatu zitzaion: “Hasten zara ikusten etxean geratze horrek zer nolako ardura eskatzen duen: ez da erraza, astunak dira lanak, errepikakorrak, ez dira amaitzen, ez dira ikusten, eta ez dira errekonozitzen. Sarritan, kalera erosketak egitera joan eta Hi bizi haiz hi! edo Oporretan al zaude? galdetzen dizute. Ez dute planteatu ere egiten lanean ari zarenik”.
Lana diren neurrian, Ulaziak bizi izan du etxeko lanek suposatu dezaketen aspertze, errutina edo errepikapen hori. Hala ere, etxeko lanak ere izan daitezke “zerbait goxoa”, mutrikuarraren ustez. “Denborarekin konturatzen zara beste ikuspuntu eder hori ere badaukala. Hasi nintzen ikusten zeinen aberasgarria den etxean geratzea gizonezko batentzat, batez ere kontzientzia batzuk pizteko, munduarekiko beste sentsibilitate bat hartzeko. Eta ideia hori islatzeko eremurik egokiena artea izan zitekeela konturatu nin-tzen”, azaldu du. Hala, hamar urte hauetan etxe barruan izan dituen bizipen, sentsazio eta esperientziak islatzen dituen kontakizun artistikoa osatu du Isilean erakusketan.
Etxeko lanak, zaintza lanak bereziki, badauka jarrera etiko bat, Ulaziaren ustez. “Jarduera horien guztien atzean etika bat dago: duintasuna. Isilean eta inorentzat egiten diren lan horiek guztiak biltzen dituen elementua. Etxean zaudenean, zaintzaren etika bat barneratzen duzu bestearekiko”, dio artistak. Eta, era berean, etikaren eta estetikaren artean erlazio zuzena dagoela ikusten du Ulaziak: “Pentsatu nuen estetika izan zitekeela etika hori adierazteko lengoaia bat. Hala, artearen mekanismoak erabilita, jarrera horrek atzean daukan etika hori estetiko bilakatu nahi izan dut. Horregatik, erakusketan ikusgai dauden elementuak ohikoak dira, baina modu erakargarrian jarrita daude. Nire asmoa ez da izan artea egitea; artea bidea izan da. Artearen mekanismoak erabilita, etxe barruko jardunak daukan etika hori estetika bilakatzea izan da helburua”, argitu du.
IRAKURKETA POLITIKOA Ikuspegi artistiko horren atzean, Isilean erakusketak badu bestelako mamirik oinarrian. Izan ere, Ulaziaren asmoetako bat genero berdintasunaren gaia mahai gainean jartzea izan da, maskulinitatearen eta aitatasunaren eredu berriak sustatuz. “Benetako berdintasunaren alorrean pauso asko daude emateko oraindik, eta helburu horretan nire esperientzia aberasgarria izan zitekeela pentsatu nuen”, jakinarazi du. Horrekin batera, etxe eta familia eremuan ematen diren lan eta harremanei begirada ezartzeko helburua ere badu proiektu honek, lan horiek agerikoak bihur daitezen. Hala, “lan eta harreman hauen dimentsio politikoa azaleratu” nahi izan du mutrikuarrak. “Gaur egungo gizartean ikusgai denari ematen diogu garrantzia: eremu profesionalari, sozialari eta baita indibiduoari ere, bakoitzaren ongizateari. Baina isilean, etxe barruko eremuan, pertsona izateko oinarri den eremu horretan ez dugu indarrik jartzen; prestigiorik gabeko lantzat hartzen dugunez, inoren esku uzten dugu zeregin hau, gure duintasunarekin bat ez baletor bezala”, kontatu du.
Hala, Ulaziak dio oraindik ere lan horiek bere gain hartzen dituena emakumea dela kasurik gehienetan: “Emakume asko dira lan bikoitza egiten dutenak. Azken hamarkadetan emakumea arlo profesionalean murgildu den moduan, gizonezkoa ere barneratu egin behar da etxe barruko lanetara. Gaur egun, hitzetik hortzera darabiltzagu berdintasuna eta feminismoa bezalako kontzeptuak; diskurtsoak bai badira berdintasunaren aldekoak, baina praktikan oso bestelakoa da kontua. Uste dut gutxiago hitz egin eta gehiago egin beharko genukeela, batez ere gizonezkook”, aldarrikatu du.
ARRUNTA DENA EDERTUZ Askotariko obrek osatzen dute Isilean erakusketa. Besteak beste, ikus-entzunezko elementuak, argazkiak eta eskulturak paratu ditu artistak, 2002tik 2012ra bitartean ondutakoak guztiak. Ondo garbitu eta tolestutako arroparekin osatutako hiru zutabe altuk emango diote atentzioa bisitariari, aretora sartzearekin batera. “Arropak garbitu, lisatu eta tolestea den amaierarik gabeko jarduera hori gorpuztu nahi izan dut honekin -zehaztu du Ulaziak-; oreka kontu bat ere badago (lanaren perfekzioa islatzeko), jolas kromatiko bat ere bai?”, gehitu du.
Erakusketako hormak janzten dituzten argazkietan, ordea, etxe barnean arruntak diren elementuak eder bilakatu ditu artista gipuzkoarrak. Fardelak, garbigailua, izarak, edalontzi eta plater apurtuak, xaboiak... ikus daitezke argazkietan. Modu honetan, objektuei eman ohi ez zaien presen-tzia eman nahi izan die Ulaziak. Izan ere, bere esanetan, “arteak badu gaitasun hori gauzak beste era batera ikusteko, baina aldi berean baita gauzen esentzia harrapatzeko ere”.
Aitatasunaren inguruko autorretratu bat ere badago erakusketan. Ulazia bera ageri da argazki horretan, orain dela zazpi urte, galtzontziloetan biberoi bat sartuta duela. Lan hau “biberoiaren aldeko apologia” ez dela argitu nahi izan du, ezer baino lehen: “Biberoia ematea emakumearen zeregina dela uste da gure gizartean. Berdintasunaz hitz egiten dugunean, askotan uste izaten da gizonok emakume itxura hartu behar dugula, feminizatu egin behar dugula nolabait. Hori ez da berdintasuna. Kontua ez da gu amak bezalakoak izatea. Aita izatea da batez ere ardura bat, ez dauka femenino edo maskulino izatearekin zerikusirik. Ardurak hartzea da berdintasunerako bidea. Aita bakoitza den bezalakoa da eta hori defendatu behar da. Nik nahi izan dut nire burua erretratatu gizonezko irudi horrekin, inongo zantzu sexualik gabe”, azaldu du.
BIDEOAK, METAFORA GISA
Ikus-entzunezko zenbait proiekzio ere ikusgai daude aretoko hainbat pantailatan. Horietako batean, etenik gabe proiektatzen den Txiribueltak izeneko bideoa ikus daiteke. Bertan, Ulazia eta bere seme-alabak ageri dira, eta haurrak etengabe itzulipurdiak egiten ari dira aitaren laguntzarekin. “Aitatasunaren erlazio afektiboak” islatu nahi izan ditu Ulaziak ikus-entzunezko pieza honekin: “Seme-alabak eskolatik irtetean txiribuelta bat egiten genuen beti. Bizitzaren metafora moduan hartu dut elementu hori, gurasoen eginbeharra zein den erakusteko. Gurasoen funtzioa bizitzan seme-alabei helduleku bat eskain-tzea da: guk jartzen dugu eskua, baina buelta beraiek eman behar dute”, azaldu du. Hala, metafora hori oinarrian, ekintza bera hainbat momentu ezberdinetan grabatu, atzetik Jabier Muguruzaren musika goxoa jarri eta koreografia antzeko bat sortu du Ulaziak.
Erakusketa beste hainbat herritan ikusgai izan du Ulaziak eta aurrera begira ibilbide bat egin nahiko lukeela onartu du. Orain arte izandako erreakzioen inguruan galdetuta, hauxe kontatu du mutrikuarrak: “Batez ere bi pertsona mota gerturatu izan dira. Batetik, etorri zaizkit nire moduan etxean geratu diren gizonezkoak. Ez dira asko izan, baina beraien burua islatuta ikusi dute. Eta, beste aldetik, emakume edadetuak. Sei seme-alaba dituen emakume batek esan zidan berak hainbat urtetan eginiko lana ez zela inoiz errekonozitua izan, eta erakusketa honekin sentitu zuela nolabaiteko errekonozimendua”.
Izan ere, erakusketaren helburuetako bat horixe da: mendeetan isilean eta ahotsik altxatu gabe egindako lan duinari omenaldia egin nahi izan dio Ulaziak, eta hortik Isilean izenburua. Horrekin batera, gizonek etxeko lanen ardura hartu behar dutela aldarrikatu nahi izan du mutrikuarrak. “Ematen du gizonak sartu behar duela etxe barrura bertako lanen duintasuna aldarrikatzeko, eta hori ez da asmoa”, argitu du. “Mendeetan isilean egin den lan duin horri egindako omenaldi bat da, izan emakumea edo gizona lanean aritu dena”, argitu du. Ulaziak ez du uste bere kasuak aparteko meriturik duenik, baina uste du eredu izan daitekeela, “oraindik ez delako ohikoa gizon batek etxeko ardura nagusiak hartzea”. Berak argi dauka, ordea: “Orain guri tokatzen zaigu ardura hori hartzea. Emakumeak egin du bere iraultza. Orain gure txanda da, baina isil-isilik, zalapartarik gabe”.