Natura maite du Imanol Marrodan artistak (Bilbo, 1964) eta mendia eta paisaiaren arteko harremanak lantzen ditu bere sormen-lanetan, argazkien bidez. Anboto proiektuaren parte da Frozen Trees argazki-bilduma eta Begira Photon ikusgai egonen da azaroaren 13rarte. 2001etik lantzen ari den argazki-bilduma honetan Anboto mendiaren inguruko 26 zuhaitz izoztu fotografiatu ditu.

Zergatik erabaki zenuen zuhaitzak fotografiatzea izoztuak daudenean eta ez beste egoera batean?

Zuhaitzak izoztuak daudenean haien bizitza zikloa minimoetan dago. Muturreko baldintzak jasaten dituzte, eta energia osoa sustraietan izaten dute. Hori ikusarazi nahi nuen; izan ere, izaki bizidunak dira, baina estatikoak, ez dute inolako mugimendurik. Zuhaitzen denboraren neurria guztiz desberdina da. Izoztuta daudenean, konturatzen zara oso izaki ahulak direla, baina era berean oso sendoak. Hori ikustaraztea nahi nuen erakusketa honekin. Haien bizitza erritmoa oso pausatua da. Inguratzen gaituen pasaia ez da betirako. Uste dugu natura ez dela aldatuko baina gero konturatzen zara ez dela horrela. Hausnarketa hori eragin nahi dut erakusketaren bidez.

Non egin dituzu argazkiak?

Zuhaitz guztiak Anboto ingurukoak dira eta Urkiolako Parke Naturalean egindakoak dira argazki guztiak. 26 argazkik osatzen dute bilduma, baina proiektua amaigabea da, argazkiak egiten jarraitzen dudalako oraindik. 2001ean egin nuen bilduma honetako lehena. Argazkien bidez, balioan jarri nahi ditut izaki bizidun hauek, gehienetan oharkabean pasatzen direlako. Zuhaitz isolatuak dira, bakarrik daude. Gehienak pagoak dira baina pinu bat eta haritz bat ere badaude. Ez dakit zenbat urte izan dezaketen, zaila da kalkulatzea, baina 100 urte baino gehiago bai.

Axtxikin zegoen zuhaitz bat orain dela gutxi erori zen eta berriro landatu duzue, ezta?

Bai, iraileko egun haizetsu batean ekaitz baten ondorioz erori zen. Niri pena handia eman zidan pagoa lurrean ikusteak, eta konturatu nintzen beste pertsona batzuei berdina gertatuko zitzaiela. Orain dela 30 urte egin nion lehenengoa argazkia pago horri. Talde bat bildu eta birlandatzea erabaki genuen. Magikoa izan zen, oso hunkigarria. Guztion artean egin genuen.

Zer da ‘Anboto’ proiektua?

Paisaia ikertzen duen proiektua da. Anbotoko inguruneari buruz hitz egiten dut lan honetan. Izan ere, Anboto mendi oso berezia da inguru honetan bizi garenontzat eta baita beste askorentzat ere. Karismatikoa da ingurune hau, eta oso espirituala. Artea eta natura erlazionatu ditut eremu natural enblematiko honen hainbat ikuspegi susta-tzeko. Argiaren aztarna erabiltzen dut espazioaren eta paisaiaren forman aldaketak kartografiatu eta inbentariatzeko. Anboto liburua da proiektu osoa ikusteko modu egokiena. Frozen Trees proiektu honen zati bat da. Eta www.anboto.airplace.org webgunean ikusgai daude proiektu hau eta gainerakoak.

Zenbat urte daramazu proiektu honekin?

Bost urte daramatzat honetan, eta aipatutako liburua da emaitza. Era honetan, paisaia eta mendi hau, Anboto, berriro behatu ahal izango ditugu hain ezaguna ez den alde misteriotsuan arreta jarrita. Askotan leku exotikoetara joaten gara argazkiak bilatzera baina ez gara konturatzen etxe ondoan gauza oso erakargarriak ditugula. Anboto oso berezia da eta uste dut ez dela honen inguruko horrelako publikaziorik egin.