Eguraldi eguzkitsuko egunak aproposak dira kalean festibalak antolatzeko, kon-tzertuaren soinua inguruko paisaiaren ikuskizunarekin eta jendetzarekin nahasten diren ekitaldietarako, alegia. Uztaileko lehen egunetan ospaturiko Bilboko BBK Live musika-jaialdiaren irudiak azaltzen dira lerro hauek ilustratzen. Datozen lerroetan, baina, ez duzu bertan entzundako musikaren kritikarik aurkituko, ez eta honako ekitaldiek hirien markak bultzatzeko izaten ari diren oihartzunaren inguruko iritzirik ere. Antzeztokiari erreparatuko diogu, behin-behineko eraikuntza horiei, bestelako arkitektura aurkitu daitekeelakoan.
Hiru egun eskasetan igarotzen den ikuskizunaren irudia osatzean da-tza agertoki baten diseinua. Musikak akustika on bat erdiestea helburu nagusienetakoa bada ere, urte bakoitzean gertatutakoari irudi grafiko eta eszena bat ematea ere garrantzitsua da oroimenaren eraketarako. Baina arkitekturaren planteamenduan eragin handiena duen ezaugarria denbora da. Denbora gutxian eraiki eta deseraiki beharra dago, eta aldi baterako erabilera da. Birziklatzeko eskakizuna hortaz, beharrizan bat da.
Bilboko musika-jaialdiaren iruditegia Zuloark talde madrildarrak eraman du aurrera. Talde honek esperientzia luzea du hiri espazioetan txertatzen diren objektuak eraiki-tzen. Jendea biltzen eta negoziaketa bultzatzen duten elementuak izan ohi dira. Norbaitek esan lezake hori ez dela arkitektura, altzariak baizik. Arkitekturaren ikuspegi sozialago eta humanistago bat dago ikuspegi honen atzean. Arkitektura ez dela fisikoki dagoen hori soilik; testuinguruarekin sortzen dituen loturak eta harremanak ere arkitekturaren parte dira. Gure inguruan berriki egin dute lan bat, Donostiako 2016 Kultur Hiriburuaren harrera pabiloia, hain zuzen.
Zuloark-en lan egiteko modua berezia da. Hierarkia aldakorra darabilte barne-antolaketa sistemarako. Proiektu bakoitzean gidaritzarako pertsona bat dago, baina pertsona bera beste proiektuetan beste baten zuzendaritzapean dago. Hau da, hierarkia ez da antolaketa egitura bat, proiektuaren araberako hierarkia bat baizik. Lan giroan eragin zuzena du horrek eta garatzen dituzten proposamenetan beti azaltzen da parte-hartzea bultza-tzen duen elementuren bat. Lehenik, eraikitzeko modua eta materialak aukeratzerakoan, ikerketa sakona eskaintzen diote lekuaren errealitateari eta historiari lotutakoak identifikatzeari. Arkitekturak bertako baliabideen emaitza izan behar duela defendatzen dute, ekintza politiko gisa.
Aldamioekin egindako egitura arinak azkar muntatzen dira eta altuera handia lortu daiteke material gutxirekin. Egitura horiek egurrezko panel arrunt eta merkeekin estali ohi dira. Materialak ohikoak badira ere, egurrak lotzeko eta antolatzeko modua izango da instalazio horren bereizgarria. Egurrak irregularki baina egitura auto-eramangarri bat eratuz antolatu dira; egitura kalkuluaren ordez, funtzionamendu instintiboa erabili da. Itxura anarkiko edo desordenatu bat lortzen da horrela, jai-giroarekin bat egiten duena. Azken irudiak dibertimendua eta freskotasuna transmititzen du.
Lan honen atzean dauden pertsonen zerrenda oso luzea da. Arkitekto taldearekin hitz eginda, aitortzen dute, azkar sortzen diren behin-behineko eraikuntza hauen eraikitze-prozesuan erabaki garrantzitsuak hartzen direla. Mahai gainean eta bulegoan lan kontzeptuala aurreratzen da, baina ez dira marrazki gehiegi sortzen. Munta-tzaileen esperientziak, arotzaren trebeziak eta toldoak jartzen dituenaren kemenak proposamena zeharo aberasten dutela diote. Finean, elkarlan bat da dena. Hala, eraikitze-prozesuan sortzen diren harremanak -profesionalak eta pertsonalak- arkitekturaren esperientziaren parte bilakatzen dira. Musika jaialdi honen talde-lanaren susta-tzailea Last Tour izan da, eta produkzio lanetan Viuda de Ramirez egon da.
Bilboko jaietan ere, edozein konpartsaren txosnan, gisa honetako arkitektura mota egoten da: elkarlanaren prozesuan eraikia eta low tech jakinduriaren emaitza. Maitasuna eta pasioa epe laburrerako oroimen bat eraikitzen, hain zuzen ere.