Kulusukeko supermerkatuan oso arraroa da erosketa-zerrenda. Apalategi berean topa ditzakegu konpresa marka bi eta garagardoak, denak pilatuta; aurrean, maniki batean eskegita, gizonezko traje itsusi bat (laukidun oihalezko jaka), eta marmelada potoak parean. Pasabide bi harago, salgai dauden sei eskopetaren ahoak ikus ditzakegu. Sarrera ondoko beiratean: foka-hezurrez egindako tailuak, giltzarrapoak, bonbillak, pilak eta balak, izan daitezkeen kalibre ezberdin guztietakoak. Dena elkarren ondoan pilatuta. Izan ere, bertan dago Kulusuken eros dezakezun guztia, saltoki horretan.

Uharte bakarti batera zer eramango genukeen galdetzen digutenean, ez dugu Karibeko paradisua irudikatu behar, Kulusuken pentsatu behar dugu; bakartia izan ez arren, munduaren azken muturrean esekita baitago. Granito-harkai-tzezko uhartetxoa da, 63 kilometro koadrokoa; 300 biztanle ditu eta ez da zuhaitz-espezie bat bera ere hazten, goroldioa soilik ausartzen da ateratzera. Eta udaberrian, munduko gainerako lekuetatik deskonektatuta egoten da erabat: uhartea Groenlandiako gainerako lekuekin lotzen duen itsaso zatitxoa ez da nabigagarria; desizozten hasia da garaiotan eta ez da leretan bertatik korritzeko nahikoa egonkorra. Izotz eta urezko ore likidotua da.

Pilersuisoq da Groenlandiako supermerkatu sarearen izena; harro esan dezakete munduko horniketa-logistika zorrotz eta eraginkorrena dutela. Itsasontzi bat Kulusukera heltzen da uztailean eta bertan uzten ditu hurrengo urteko uztailera bitarte herrixkan beharko diren elikagai, hornigai eta material guztiak. Hor bukatzen da logistika eta horniketa-sistema. Kito.

Supermerkatuak lau kale txiki baino ez ditu, biltegi bat ganbaran eta beste handiago bat atzean. Zorua porlanezkoa da eta sartzean garaje batean zaudelako sentsazioa eragiten dizu; espazioa ez da gure edozein hipermerkatuetako sei aparkaleku-plaza baino askoz handiagoa.

Larrialdi kasuren batean Tasiilaq-etik (aldameneko herria) edo Islandia zein Danimarkatik hegazkinez zerbait ekartzea posible izan baliteke ere, supermerkatuko biltegiak ez du kutxa berririk jasotzen. Zorionez, despentsan ez da armiarma-sarerik sortzen, Kulusuken apenas bizi delako intsekturik.

Saltokiko kutxazain lanetan diharduen emakumea eta posta-bulegoan (dendaren eraikin berean) dagoen gizona arduratzen dira elikagaiak nola eta noiz banatuko diren kontrolatzeaz; dendara ateratzen dituzte horiek gastatuz doazen heinean. A zer nolako lana apalategiak betetzen edo merkatu horretako inbentarioa egiten! Herrixka osoa hornitzeko eran-tzukizuna dute, urte osoan zehar.

Produktuen iraungitze-data igarotzen denean hasten dira eskain-tzak. Jakin behar dugu, Pilersuisoq-en, elikagaiak edo higiene produktuak zaharkituak daudenean baino ez direla beherapenak izaten; orduan bakarrik jaisten dira artikuluen prezioak. Produktu freskoak (frutak edo arrautzak) arian-arian heltzen dira eta, jakina, produkturik garestienak izaten dira; fruta pieza batek (ez kiloak) euro bat baino gehixeago balio du. Hala eta guztiz ere, Tuborg edo Calsberg garagardoak nahiko merkeak dira; laurogei bat euro-zentimo balio dute. Eta jogurtek zazpi euro. Horrela, uhartea urtean behin hornitzen duen itsasontziko biltegia, neurri handi batean, bodega izango da, zentzu literalean, Groenlandia ekialdeko eskimalen “alkohol egarri” handia asetzeko balio izaten baitu. Ogia egunero izaten dute; moldeko dozena bat ogi desizoztu eta laberatzen dituzte egunero. Baina, horiek bukatutakoan, ez dira gehiago ateratzen. Hurrengo egunerako arrazionatu beharra dago.

Uharte artiko honetan bizirautearen bereizgarririk bada, foka ehiza eta fiordoko arrantzaz gain, kontserba latak izango dira, ziurrenik. Batek daki zer nolako oihar-tzuna izan zuten gurpila asmatzeak eta industria iraultzak herrixka horretan, baina, hori bai, letoi zati batean hutsean ontziratutako elikagaiek bertako pertsonen bizia aldatu zuten, ziur. Ni beti harritu izan nau zenbait kontserbak hamar urteko iraungitze-aldia dutela jakiteak, baina artiko azpiko herrixka horretan harridura salbazio bilakatzen da. Denda honetan saltzen den ia guztiak behar du poto-irekigailua.

Horiek horrela, Kulusukeko erosketa-otzara arrunt batean honakoak topatuko ditugu, beharbada: gaileta kutxa iraungia, kontserba lata mordoa, zenbait garagardo, konpresak eta 22 kalibreko bala kutxa bi.