Cospicuari rumba falta zaio. Kale ilun hartan, eraikin oker eta azala eroritako hormen artean, bi emakume zahar zeuden -bat ihar-iharra eta bestea potolo-potoloa, ipurdi handidun horietakoa- atari batera ematen zuten eskaileretan eserita. Haien aurrean, txapa herdoildua eta pintura hondatuta zeukan auto bat. Barruan, bi neskatila jolasean, gida-tzeko itxurak egiten. Ni ikustean, haur gidariak burua atera zuen. Argala eta malgua, neskatilak gorputz erdia atera zuen leihatilatik, ibilgailu barruan hankak soilik geratu zitzaizkiola, gerria atearen gainean eta oinak aginte-mahaiaren kontra, zapatarik gabe.

Moooook! Klaxon-hotsa. Umeak hankekin sakatuta zeukan, nahi gabe. Bestea, kopilotua, oinak trabatzen saiatzen ari zitzaion, muturrez aurrera eror zedin, neskatila gidariari hainbat hagin apurtzeko sentsazioa biziarazi nahian, antza. Baina orduan, emakume zaharretako bat garrasika hasi zen malteran. Mezuaren konplexutasuna ulertu nuen, ama eta amonen nazioarteko zeinu hizkuntzari esker: Esku irekia, airean mugituz. Klaxon-hotsa berehala isildu zen, eta emakumeek berriketan jarraitu zuten. Ondoan, mutiko batek amorru biziz ematen zizkion ostikoak baloi bati, etxeetako fatxaden kontra, kale estuaren alde batetik bestera eskegitako kable-nahaspilaren gainetik, eta gutxienez bi aldiz lortu zuen pilotaren kolpeak eraikin zaharretatik pintura txintxorren bat askatzea.

Cospicua Maltako hiririk za-harrenetako bat da, baina portuaren izkina batean sartuta dagoen 4.000 pertsonako auzo bat dela esan genezake. Zaharra izateaz gain, Nazien Ardatzak gogor bonbardatu zuen Cospicua, Bigarren Mundu Gerran. Denbora asko pasa da ordutik, baina eraikin asko horrela geratu ziren, hautsita. Hainbat film egin dira bertan, Beirut, Gaza edo Ramallah-ko kaleak irudikatuz, Ekialdean ezin baita horrelakorik egin, eta Cospicuak leku horien antza handia dauka. Ematen du Cottonera barrutiko hiri honetan saiatu egin direla dekadentzia puntu horri indarra ematen, zikinkeria eta uger geruza baten bidez. Hauts-zurrunbilo fin batzuek bertakoek eskegita daukaten arropa zikintzen dute batzuetan.

Zeharka-meharka doazen eskailera, bihurgune, kalexka eta patio txikietan edozer aurki daiteke, baita txalupa bat ere; haurrak oinutsik jolasean ikusi ditudan Maltako leku bakarra da -arratsalde erditik ilun-tzera arte kalean alferkerian ibiltzen dira-, eta amak zarataka hasten zaizkie deika, pilotaren zarata, bizikleten itzala edo haurren arteko iskanbilaren bat baino ez dutenean somatzen.

Cospicuako taberna-zuloek -hala nola Hibernians, El Chelsey, Liverpool Wembley eta abar- Snack bar epiteto erakargarria daramate izenean, futbol ingelesaren erreferen-tzia argi horiez gain. Tabernetako leihoak irekita egoten dira eta kaletik ile urdindun gizonak ikus ditzakegu, futbola ikusten, edaten edo karta-jokoan. Batzuetan, hori dena aldi berean. Nire gustukoena Sea Man’s bar izenekoa da (itsasoko gizonen taberna) eta bezeroak erakartzeko-edo, kanpoaldean profil horretako hainbat gizonezko egoten dira: zahar eta zimelduak, bizar zuridunak, iharrak eta ardo txarraren eraginez gibela lur jota dutenak.

Dekorazio nagusitzat Marilyn Monroeren poster bat zeukan taberna bat ere aurkitu nuen. Badaude beste Snack Bar batzuk, Coca Colaren plastikozko aulki eta musika zatarrarekin; aizkoraz egindakoa dirudien ile-orrazkera daukaten gaztez beteak (alde batetik, luze, bestetik oso labur), piercing-ak eta praka eroriak daramatzatenak. Beheko solairuetan bizi diren herritar askok etxeko atea irekita edukitzen dute, eta beren bizitzetan zokomiran ibil gaitezke. Haiek entzutea erraza da: Telebista topera daukate eta are ozenago hitz egiten dute.

Cospicua hiri katoliko sutsua da, dudarik gabe: Bonbilaz egindako gurutzeak daude eskegita leku guztietatik. Kaleak aldarez beteta daude, batzuk beste batzuk baino hobeto egindakoak. Baina, bestalde, Cospicua izan da transexualak kaletik normaltasun osoz ikusi ditudan Maltako hiri bakarra, gainerako herritarren aldetik inolako erreakziorik gabe. Baita erlijio-musikako kontzertu hartara sartzen ere. Ondoan, gizon bat ikusi nuen ate batean pankarta txiki bat jartzen, beste lau begira eta jarraibideak ematen ari zitzaizkion bitartean. Wirja ta vari zioen kartelak. Aste Santuko pasioa irudikatzen duten figuratxoaren erakusketa pribatu bat zen. “Aurrera, ez izan lotsatia. Baina jakizu ez dela hiriko bildumarik onena”, esan zidaten.

Iluntzean, jende asko ibiltzen da Cospicuatik. Jendea dago leku guztietan. Oso leku bizia da; ez da garbia, ez da polita, baina mugimendu handia dago. Batzuetan, polita ez denak bertute handi bat dauka gizatasun eta kazetaritzaren ikuspuntutik: Sinpatia. Bertako kaletxoetan galdu nintzen aldietan oso jende jatorrarekin jardun nuen. Agian, ni ere zera naizelako? oso sinpatikoa.