Orain arteko eskualdeko txapelketak lehiaketaren logikatik atera eta udazkeneko kanporaketetarako sailkapen fase berria abian da Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, Udaberriko Fasea, hain zuzen. 56 bertsolarik parte hartuko dute, horietatik 19k lehenengo aldiz. Izan ere, bertso-eskoletatik plazara saltoa emateko aukera eman nahi diete antolatzaileek gazteei. Bide batez, epaileen eta gai-jartzaileen alorretan ere lekuko aldaketa prestatzen hasi dira. “Bertsolaritza berritzen doala” erakusten du horrek, Asier Ibaibarriagaren esanetan.

Txapelketa gaztetua da aurtengoa, beraz. Dena dela, aspaldi ekin zioten berrikuntzaren bideari Bizkaiko Bertsozale Elkartean. Eskualde guztietako ordezkariak igoko dira oholtzara, harrobia ondo lantzea baita beren lanaren oinarrietako bat. “Udaberritik abenduko finalera arte, lehiaz gain, beste irakurketa bat ere egingo dugu: zenbat aurpegi berri agertu diren, bertso eskolek zein neurritaraino parte hartu duten?”, dio Ibaibarriagak.

“Eguneroko lana da, eskualde guztietara iristea urteetako lanaren ondorioa da. Irakasle asko ari dira herriz herri, eta lekuan lekuko eragileekin harremana dugu; txapelketa horren guztiaren eskaparatea izatea nahi dugu”, azaldu du Ibaibarriagak. “Bertsolaritza ez dugu lehiarekin soilik lotu nahi, aisialdiko aukeratzat aurkeztu nahi dugu”.

PLAZA BERRIAK

Udaberriko faseko bederatzi saioetan (apirilaren 10ean hasi zen eta maiatzaren 22an amaituko da), parte-hartzaileak beren eskualdetik kanpo abesten ari dira, Bizkaiko zonalde guztietakoak nahasian. Txapelketara haize freskoa ekartzeko helburuarekin aldatu dute formatua, eskualdeko faseen eredua agortuta egon delakoan. “Bertsolariek beste plaza ba-tzuk ezagutu behar lituzketela ikusi dugu”, agertu du Ibaibarriagak. “Eskualdekoak bazuen etxeko giro hori, hurbilekoa, baina sistema berriak jendea mugiarazten du; hasieratik txapelketa kutsua ematen dio horrek”.

Oholtza gaineko berritasunen alde egindako apustuak entzuleengana iristeko asmoa ere badu. Hala, komunikazioa indartu dute eta sare sozialetan jo eta ke ari dira. Nolanahi ere, Ibaibarriagak nabarmendu duenez, bertsolari berriak dira publiko berriak erakartzeko tresnarik eraginkorrena: “Aurpegi berriek beti ekartzen dute publiko berria bertsolaritzara: senideak, lagunak eta bertso-eskolako kideak. Guk hori zaindu behar dugu, gazteei ere plaza txukunak emanaz”.

Pixkanaka, epaileen eta gai-jartzaileen taldeak berri-tzen ari dira. “Ikastaro irekiak antolatzen ditugu, pozgarria da urte askoan egon direnek beste batzuei lekua uztea”. Gazteen txapelketak eta Udaberriko Fasea une aproposak dira berriek beteranoen alboan ikas dezaten. “Gai-jar-tzaile eta epaile taldea asko gaztetu zaigu urteotan, eta antola-tzaileena ere bai, ez pentsa. Ideia berriak dakartzate, aspalditik datozen oinarri batzuk zalan-tzan jar-tzen dituzte, horrek erakusten du bertsolaritza berritzen doala eta ez dela zaharkituta geratzen ari”.

ETORKIZUNARI BEGIRA

Bizkaiko bertsolaritza sendotzeko etengabeko lan horretan, txapelketarik gabeko urteetarako ideiak batzen hasi da Elkartea. Arabako eta Nafarroako ereduei jarraitu eta taldekako edo eskualdekako txapelketak sortzea aztertuko dutela aurreratu du Ibaibarriagak. Halere, datorren urtean, Euskal Herriko Txapelketa Nagusia jokatuko da eta orduan ikusiko da Bizkaiko bertsogintzak zenbaterainoko garapena izan duen. Ibaibarriagak baikortasunez ikusten du 2017ko hitzordua, “aurreko txapelketan bizkaitarrek lan polita egin zuten, orain gazteek zer pausu ematen duten ikusi beharko da”.

Eguneroko lanean dago etorkizuneko giltza eta horretan sendo dabiltza Bizkaian. Hasi berri den txapelketa ere, helburua baino, bitartekoa da, Asier Ibaibarriagaren hitzei kasu eginez gero: “Titularretan finalaurrekoak eta finala ager-tzen dira, baina atzeko lana ez da ahaztu behar. Txapelketak oinarriak martxan jartzen dituenez, bertso eskoletan giroa sortzen da eta horrek emango duen emaitza da garrantzitsua”.