Inoiz plazan entzun duenak ez du ahazten Maurizia Aldeiturriaga (Zeberio, 1904-1988), pandero-jotzaile bizkaitarrak ez baitu parekorik izan, askoren ustez. “Orain dela urte asko egin nuen topo berarekin -oroitu du Edu Muruamendiaraz Aukeran dantza konpainiako dantzari eta koreografoak-. Ni dantza ikuskizun batean parte hartzera nindoan, eta bera erromeriara. Harritu egin ninduen panderoa jotzen eta kantuan erakusten zuen indarrak, aldi berean transmititzen zuen sendotasun eta goxotasunak”, kontatu du Aukeran taldeko kideak.
Ez zaio arrazoirik falta dantzariari. Plazarik plaza, panderoa esku artean, bere ahots eta izaera boteretsua lau haizeetara zabaldu zuen Mauriziak. Eta ez edozein momentutan. Gerraostean bihurtu zen plazetako erregina, euskal kutsua zeukan edozer baztertua eta itzalean zegoen garaian, hain justu. Plazakoa zen Maurizia, plazandrea, bere nortasun eta ezaugarriak unean uneko egoerara eta plazara egokitzen zekiena. Panderoa jotzeaz gain, koplak sortu, inprobisatu eta, behar izanez gero, dantza ere egiten omen zuen jendea animatzeko. “Maurizia zerbait bazen, indarra zen”, nabarmendu du behinola plazan ikusi zuen Muruamendiarazek.
ASKOREN EREDU Ume-umetatik hasi zen panderoa jotzen Maurizia; Zeberio eta inguruetan haur zenetik egingo zen ezaguna bere ahotsa ere. Plazan aurrenekoz 12 urterekin agertu zen, eta 60ko hamarkadatik aurrera egin zen ezagun Euskal Herrian, gerora erreferente bilakatuz askorentzat. Musika joera berriak jorra-tzen zituzten gazteak ere txundituta utzi zituen, 80. hamarkadako euskal rock eta punkaren ordezkariak, kasu. Hertzainak taldeko Josu Zabala, Kortatuko Fermin Muguruza eta abar luze batentzat Mauriziaren abesteko modua eredu bihurtu zen. Horren adierazgarri dira Kortatu taldeak bere lehen diskoko Tolosako inauteriak abestian egindako bere ahotsaren erabilpena edo, orain dela ez urte asko, Xabier Solanok gidaturiko Esne Zopak egitasmoko abesti batean erabilitako bere berbak.
Oraingoan, Aukeran dantza konpainia izan da Mauriziaren figurari erreparatu diona bere azken sorkuntzari forma emateko. Maurizia ikuskizuna ez da, baina, pandero-jotzaile bizkaitarrari eginiko omenaldia, edo “ez hori bakarrik”, Muruamendiarazek dioenez. “Urteen poderioz, gure kulturaren erreferente bat bilakatu da Maurizia. Gauza asko irudikatzen dituen pertsona izan zen, eta guk bere ezaugarri batzuk hartu ditugu: batetik, emakumea zela; bestetik, euskalduna zela; eta, azkenik, aitzindaria izan zela euskal musika tradizionalaren esparruan”, azpimarratu du Aukeran taldeko kideak.
Muruamendiarazek argitu du ikuskizun honen asmoa ez dela Mauriziaren bizitza kontatzea. “Helburua askoz zabalagoa da. Emakume eredugarri hau eta bere musika abiapuntutzat hartuz, emakumeak bere baitan dituen alderdi ezberdinak taularatzea bilatu dugu: alderdi indartsua eta ahula, aurpegirik gogorrena eta xamurrena, alderik argiena eta ilunena, irudi primarioa eta aldi berean sofistikatua... Maurizia bera eta gainerako emakume guztiak, nolabait, apur bat gehiago eta hobeto ezagutzea da koreografia honen asmoa”, jakinarazi du Muruamendiarazek. Horrela, Mauriziaren figuran eta musikan oinarrituz, “emakume guztien istorioa” kontatu nahi izan dutela agertu du. Horren adierazgarri da, dantzariaren esanetan, istorioaren leit motiv-a: Ni naiz Maurizia. “Maurizia bat eta bakarra izan zen, baina, era berean, Maurizia asko daude munduan. Guzti horientzako omenaldia ere bada ikuskizun hau”, gehitu du dantzari eta koreografoak.
IZAERA MODERNOA Aukeran dantza konpainia 1997an sortu zen, Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoaren ekimenez. Ia 20 urteko ibilbidean lan oparo eta emankorra egin du taldeak, euskal dantza tradizionalaren eta dantza garaikidearen arteko mestizajea izan dela konpainiaren ezaugarri nagusia bere sorreratik. Koreografia klasikoak eta garaikideak uztartzeko asmo horri jarraitzen dio bihar Campos Antzokian taularatuko duten Maurizia ikuskizunak ere, zeinetan hamaika dantzari arituko diren oholtzan (bost mutil eta sei neska). Oraingo honetan, gainera, Ainhoa Aierberen eszena zuzendaritzapean aritu dira, estreinakoz.
Muruamendiarazek agertu duenez, taldeak ohikoa duen estiloen fusioan “urrats bat gehiago” eman dute ikuskizun honetan. “Maurizia eta bere figura euskal tradizioaren ikur diren arren, obra honek izaera modernoa du”, jakinarazi du taldeko koreografoak. “Collage bat egin dugu musikan ere: fandangoa eta arin-arina daude, baina baita euskal tradizioarekin zerikusirik ez duten bestelako musikak ere. Oinarritzat hartu dugun figura ikusirik, jendeak kontrakoa pentsatuko du ziurrenik, baina ikuskizun hau panderoa, fandangoa eta arin-arina baino askoz gehiago da”, gehitu du. Dena den, panderoa izango da guztiaren hari gidaria, Muruamendiarazen esanetan. “Normalean, trikitiaren lagungarri moduan edo bigarren plano batean ikusten dugun instrumentua protagonista izango da. Panderoak emango dio lotura ikuskizun guztiari”.