Bertsolaritza euskal kulturaren berezko ezaugarria da, euskaratik eta euskaraz sortua. Beste hizkuntza batzuetan ere badira, ordea, antzeko adierazpideak. Errima eta neurria oinarri direla kantuak inprobisatzeko ohitura uste baino zabalduago dago munduan. Inprobisatzaileen arteko zubiak eraikitzeko asmoz antolatu dute Europa bat-batean nazioarteko topaketa Donostia 2016 Kultur Hiriburuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak.

2003an Bertsozale Elkarteak Ahozko inprobisazioa munduan jardunaldia antolatu zuen Donostian. Harrezkero, inprobisatzaileen arteko hartu-emana ez da eten. Europa bat-batean udazkenean hasi zen Leongo eta Bar-tzelonako jardunaldiekin eta orain Euskal Herrira ekarriko ditu munduko inprobisatzaileak. Apirilean herriz herriko girotze saioak egingo dira. Uztailean, nazioarteko biltzarra, Donostian.

Karlos Aizpurua Mintzolako kidearen esanetan, urtero atzerriko saioetan egoteko ahalegina egiten dute, baina nazioarteko topaketa Euskal Herrian antolatzea “estrategikoa” da. “Gurea kanpoan erakustea interesgarria da baina, batez ere, kanpokoa ezagututa aberasten gara”. Bertsolariek kubatarrei segidillak kantatzen ikasi zietenekoa adibide polita dela uste du: “Norberarenari eutsi behar zaio, besteenarekin aberastuta”.

Hamar tradizioko zerrenda egin dute Europa bat-batean egitasmoan: Kanarietako verseadoreak, Kurdistango Dengbeiak, Kataluniako glosadoreak, Galiziako reguefeiroak, Sardiniako cantadoriak, Kubako repentistak, Austria eta Bavariako Gstanzlsingen abeslariak, Galesko Byrfyryr tradizioa, Zipreko Tsiattista eta Mexikoko trovadoreak. Horiekin batera, euskal bertsolariak, jakina.

Pixkanaka Mintzolak harreman-sare zabal bat josi du, urtez urteko topaketei, bidean egindako kontak-tuei eta Interneti zukua aterata. “Inurri lana da”, dio Aizpuruak. “Esaterako, orain deskubritu dugu Austria aldean badirela inprobisa-tzaileak eta Brasilen milaka omen daude”. Sare horri forma emateko lanean ari dira, etorkizunean topaketa gehiago antolatu ahal izateko.

Uztaileko topaketara begira, giro-tze saioak egingo dituzte herriz herri, gaurtik apirilaren 23ra bitartean. Bilbon izango da aurreneko saioa, -gaur, 12:00etan, Azkuna Zentroan- eta Hernani, Donostia, Iruñea, Markina-Xemein, Uztaritze eta Aramaiora ere joango dira. Euskal bertsolariekin, Kurdistango Adnan Omar eta Brivan Idish dengbejak eta Sardiniako Paola Dentoni eta Simone Monni cantadoriak izango dira oholtzan. Kurduek, sardiniarrek eta euskaldunek nork bere hizkuntzan abestuko dute, toki bakoitzeko ohiturari eta teknikari eutsita.

Uztailaren 11tik 15era, Donostian, Europa bat-batean nazioarteko topaketa egingo dute. Goizetan jardunaldi akademikoak egingo dituzte, mundu zabaleko dozenaka aditu bertan direla. Arratsaldez, inprobisazio saioak egingo dira Donostiako zenbait txokotan. Tradizio bakoitzaren ezaugarriak, transmisioa, genero-ikuspegia, hizkuntza gutxituak eta abar landuko dituzte. Era berean, hitzaldi eta mahai-inguruekin batera, erakusketak eta proiekzioak antolatu dituzte. Min-tzolako langileak eta ehun boluntario inguru ariko dira dena presta-tzen (informazio gehiagorako: www.europabatbatean.eus).