Ez ziren bueltatzekoak. Edo beraien itzulera ez zegoen iragarrita, bederen. Baina gauzak zer diren: desagertutako talde bati gerta dakiokeen “gauzarik politena” gertatu zaio Peiremans-i, bere partaide Imanol Ubedak dioenez. “Normalean, talde bat itzali eta hamar urtera bere itzala txikituz joaten da, baina gure kasuan ez da horrela izan. Peiremans-en abestiek, talderik gabe ere, bere bidea egiten jarraitu dute. Hori da kantu bati gertatu ahal zaion gauzarik ederrena. Kantuek mantendu dute taldea bizirik”. Denborak ahanzturara eraman ordez, justu kontrakoa gertatu zaio Peiremansi, eta horren atzean arrazoi desberdinak ikusten ditu Ubedak. “Agian, bere garaian, bati baino gehiagori ez genion denborarik eman taldea deskubritzeko, eta isilik egon garenean deskubritu dute askok Peiremans, batez ere gazteenek. Akaso horregatik ari da izaten harrera hain beroa orain”, gehitu du taldeko gitarra-jotzaileak.
Unean uneko egitasmo moduan jaio zen Peiremans, 2005ean. Lagunartean hizketan, beren taldeekin etenalditxo bat zutela ohartzean erabaki zuten taldea sortzea Gorka Urbizuk (Berri Txarrak, Katamalo), Imanol Ubedak (Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean) Txikik (Kashbad, Lau Itzal) eta Marino Goñik (Balerdi Balerdi). Tolosako Bonberenea Gaztetxeak lagunduta, bost kantuz osatutako lana kaleratu zuten eta baita zenbait zuzeneko eskaini ere. Ondoren, ordea, taldekide bakoi-tzak bere bidea hartu zuen.
Iaz, taldearen hamargarren urteurrena ospatzeko elkartu ziren eta kontzertu batzuk ematea erabaki zuten. “Beroaldi bat izan zen, Peiremans-en itzulera ez zegoen planifikatuta, eta are gutxiago disko berri bat kaleratzea”, aitortu du Ubedak. Elkartu eta kantu zaharrak joz “ondo pasatzea” zen helburua, baina emanaldiak osatzeko kantu berriak sortu zituzten, eta “kantuok galduko balira gero damutuko” zirela jabetuta jo dute berriro Bonbereneara. Urteurreneko kontzertuetarako onduriko abesti berri horiekin osatu dute orain lan berria: Bigarren saria (Autoekoizpena). Eta argitalpen berri honi bultzada bat emateko etorri dira aste honetan Madril eta Bartzelonan eman dituzten bi kon-tzertuak eta gaur Durangon eskainiko duten azkena.
DISKO OSOAGOA Hamar urteren ondoren, berriro ere elkartu, makinaria osoa martxan jarri eta herdoila kentzea kostatu bazaie ere, emai-tzarekin “pozik” dira Peiremans-eko kideak. Bigarren saria taldearen lehen EParen “kalko moduko bat” edo hari emandako “erantzun bat” da, Gorka Urbizuren esanetan. Hain justu, bereak dira disko berriko hiru abesti; beste biak Ubedak egin ditu. Peiremans-en ohiko bidetik, pop melodiak eta gitarra rockeroagoak uztartu dituzte lan berrian. “Hamar urte ez dira alferrik pasatzen, ordea”, iritzi dio Urbizuk, eta bidean ikasitakoak “disko osoagoa” egiteko balio izan diela gehitu du Berri Txarrak taldeko abeslariak. Letrei dagokienez ere, aurreko diskoarekin landutako ildoa mantendu dutela dio Ubedak. “Badaude letra batzuk ironikoak eta jostariagoak -Radiomaria, Orain eta Zortziak bat, esaterako-, eta badira sakonagoak direnak -Bemidji eta Zutik iraun, kasu-”.
Taldearen itzulera arrakastatsua izan bada ere, Peiremans “galtzaileei gorazarre egiteko” sortu zela gogorarazi dute Urbizuk eta Ubedak. “Izenetik bertatik, galtzaileen existentziaren berri eman nahi izan dugu, eta proiektu osoa ildo horretan osatu dugu hasieratik”, dio Ubedak. Futbolzale ez direnek jakingo ez duten arren, Frederic Peiremans Errealeko jokalaria izan zen, baina ez zuen partida ofizial bat bera ere jokatu bi urtean, eta futbola uztea erabaki zuen, depresioak jota. “Zoritxarraren ikur gisa erabili dugu bere figura eta izena, argi dugulako bizitzan guztioi tokatu ahal zaigula egoera berean egotea, galtzaile izatea, nolabait”, dio Urbizuk. Bigarren Saria izenarekin ere hortik jo dute, bere esanetan. “Zentzu bikoitza duen izenburua da: batetik, bigarren saritua izateak uzten duen zapore gazi-gozo hori dago; baina, bestetik, zaleentzako bigarren opari bat ere bada disko hau”, jakinarazi du. Ideia horri tiraka dator Gorka Gondraren diseinua daraman diskoaren azala. Garaipenaren zeinua eta era berean bi zenbakia irudikatzen duten bi hatzamar ageri dira bertan, horietako bat Peiremans-en ikur bihurtu den tirita eta guzti.
GOZATZEA HELBURU Proiektu paralelo soil bat baino gehiago, beren taldeen hutsarteek ahalbideratutako “gozamen ederra” izan da -eta da- Peiremans bere partaideentzako. “Berri Txarrak-ekin konparatuz desberdina da -dio Urbizuk-. Egon daitezke, eta badaude, bat egite puntuak, baina musika ez ezik aldartea ere desberdina da batean eta bestean. Peiremans-ek transzendentzia kendu nahi dio kontuari, baina horrek ez du esan nahi arinkeriaz aritzen garenik. Gure helburua berdina da lehen eta orain: goza ditzagun zuzenekoak”.
Urteurrenaren harira eskainitako emanaldiak “ezusteko handia” izan zirela dio Ubedak eta, bere esanetan, “publikoaren berotasun hori” izan da disko berria grabatzeko arrazoietako bat. Durangon gaur eskainiko duten kontzertua labetik atera berri den lanaren aurkezpena izango da, baina, aldi berean, taldearen despedida ere bai. Izan ere, aurrerantzean Peiremans-ekin zer gertatuko den inork ez daki. Momentuz, lozorrora bueltatuko da taldea, hurrengo ira-tzartzea iritsi bitartean.