Samur eta gordin. Droga trafikoaren errealitatearen “irudikapen suntsitzailea” da Ados Teatroak aurkeztutako an-tzezlana. Narko-korrido batetatik aterata bezala, hango erretratu garratza ezagutzeko aukera luzatzen du La-dydi Garcia obrak. Senarrik, aitarik eta ia anaiarik gabeko lurraldean bizi dira Ladydi eta bere ama, bizi baldintzak lazgarriak diren Mexikoko Guerrero estatuko herri batean. Gizonek AEBetara jo dute bizimodu hobe baten bila, eta bertan geratu direnak droga karteletan sartu dira. Emakumeen herrialdea da, eta bahiketei aurre egiteko eta bizirauteko ezkutura jo behar dute, lurrean egindako zulo sakonetan babestuz. Testuinguru horretan bizi da Ladydi, istorio dramatiko honi samurtasun puntua jarriko dion pertsonaia.
Garbi Losadak zuzendu du antzezlana, eta Aitziber Garmendia, Iñake Irastorza, Klara Badiola, Dorleta Urretabizkaia eta Amaia Irazabalek antzezten dituzten pertsonaiek Mexikoko eskualde baztertuaren emakumeen bizipenak daramatzate oholtzara. Emakumeen istorioa da eta bakoitzaren ikuspuntu pertsonaletik osatzen da narrazioa. “Hango edozein neskatila izan zitekeen Ladydi Garcia; guztien ahotsa da”, dio Aitziber Garmendiak, antzokietan 16 urteko gaztea gorpuzten duenak. Sekula ez da gizonezkorik agertuko pertsonaien artean, beraietaz hitz egingo den arren.
Ados Teatroaren eskaintza berriak Jennifer Clementen Prayers of the stolen eleberria du ardatz. Bertan, neskatila gaztearen begietatik kontatzen da istorioa eta ikuspuntu “samurra, inuzente, goxoa, gaiztakeriarik gabekoa” darabil. Xalotasuna gordetzen duen pertsonaia sortu zuen Clementek eta horrela mantentzen da antzerki taldeak egindako egokitzapenean ere. Garmendiak azaldu duenez, azala eta izenburua erakarrita irakurri zuen Losadak liburua, eta behin amaituta, antzokietara eraman behar zuela sentitu zuen. Egoki-tzapena, gainera, “fidela eta publikoarentzat ulerterraza” da, bere esanetan. “Taula gainera eramateko zaila iruditu zitzaidan hasiera batean, baina Losadaren egokitzapena oso aproposa da”, gehitu du.
Flashbacken bidez antolatzen da narrazioa, eta antzezlan guztia kar-tzelan eta Guerreroko herrixka batean girotuta dago. Bi lokalizazio horiek islatzeko eszenografia “soila baina jantzia” erabili dute, aktoreak azaldu duenez. Motorizatutako panel batzuk baliatu dituzte, eta horien gainean ilustrazioak proiektatzen dira, espazio desberdinak islatzeko. Hala, argiak eta musikak garrantzi nabarmena jaso-tzen dute publikoa egoerara girotzeko.
ERREALITATE KRUDELA “Gogorra eta emozionalki nekagarria” izan da Garmendiarentzat Ladydiren azalean sar-tzea. “Orain arte izan dudan pertsonaiarik gogorrena da, dudarik gabe”, aitortu du. Gogorra, benetako istorioa delako eta egun horrela izaten jarraitzen duelako. “Hau ez da fikzioa, eta horrek pisu handia dauka antzezterakoan. Momentu honetan bertan egoera lazgarri hau sufritzen jarraitzen dute Mexikoko hamaika emakumek. Krudela eta bidegabea da haien errealitatea”, salatu du aktoreak. Bahiketak eta desagerpenak eguneroko ogi bilakatu zaizkie emakume askori. Hala ere, bizi-tzari gorazarre egiten dion kontakizuna da honakoa, egoera jasangaitza izan arren, pertsonaiek ez dutelako sekula irribarrea eta bizi-gogoa galtzen. Neskatilaren ahots “fresko eta pertsonalaren” bidez lortzen dute hori.
Gainerako pertsonaiek bideratuko dituen haria da Ladydiren ikuspuntua, baina Garmendiak lan korala dela jakinarazi du. “Bost pertsonaien ahotsak entzuten ditu ikusleak, eta bakoitzak bere istorio bortitza kontatzen du kar-tzelan. Adin guztietako emakumeak topo egiten dute bertan; abanikoa zabala da. Guztiek dute protagonismo handia”, dio Garmendiak. Tragedia eta errealitate gordina erakutsi arren, “arnasguneak” ere baditu antzezlanak. Garrantzitsua ikusten zuten taldekideek hori, eta umore puntuen bidez mamitu dute narrazioa. “Bizitzako une gogorrenetan ere barre egiten dugulako barnean daramaguna askatzeko”, hausnartu du Garmendiak. Tragedian ardazturiko istorio honek irribarreak ez ezik algarak ere atera omen dizkio publikoari orain arteko emanaldietan. “Harrera ona izan du antzezlanak, eta esango nuke ez duela ikuslea axolagabe utzi. Narrazioak berak hunkitzen duelako”, iritzi dio Garmendiak.