Arkitektura proiektu on askok kokapen, egoera eta bezeroen berezitasunean izan ohi dute jatorria. Beñat Saratxaga eta Gentzane Goikuria arkitektoen bulegoko atea albaitari eta abeltzaina den familia batek jo zuen, “baserri berri bat” nahi zutela eskatuz. Eskaera honen atzetik, arkitektooi kezka nagusi batek arduratzen gaitu beti: zer ulertzen du euskal gizarteak baserriaren arkitektura arketipotik? Galdeketa bat egingo bagenu, seguraski itxuraren inguruko erantzunak jasoko genituzke: bi isurietako teilatua hegaldura zabalekin, egurrezko egitura, harrizko hormak.

Galdera ez da nolanahikoa. Baserriaren irudia egoera jakin bati erantzuna emateko jaio izan zen arkitektura-emaitza bat da. Hau da, baserriaren kontzeptua irudian oinarritzeak arrisku handia du, pertsona baten izaeraren gaineko informazioa eskatzerakoan itxuraren gaineko detaileak soilik ematea bezalaxe. Beraz, baserri bat eraiki nahi duen orori galdera sorta luze bat egitera behartuak gaude: bizkaitar edo gipuzkoar baserria? XV, XVI edo XVII. mendekoa? Familia aberats edo txiro batena? Herrigune batean edo mendi magalean kokaturikoa?

Folklorearekin maizegi gertatzen den bezala, jatorrizko helburuak ahaztu egiten dira tradizioa galdu ez dadin, ikusgai den horri jarraitasuna emanez eta edukiaren inmaterialtasuna baztertuz. Baserriaren gainean bada beste gainkarga bat: euskalduna dela. Horrek eragiten du baserriaren eraldaketari erresistentzia handia aurkeztea gizartean.

Orozkon baserri bat eraiki da Saratxaga eta Goikuriaren diseinu eta gidaritzapean, zeinetatik hainbat ikasketa atera daitezkeen.

Lehena, eta garrantzitsuena, ez dela baserriaren irakurketa mimetiko bat egin. Hau da, ez da baserriaren itxura errepikatu nahi izan, baizik eta bere izaeraren ulerpenean du iturria.

Bigarrena, eraikina koka-tzeko modua da. Autoa hartu eta gure gertuko bailaretatik zehar nonahi aurkituko dugu baserri itxurako eraikin berriren bat. Eta seguraski aurkituko dugu baserri berri horiek orubea leundu dutela azalera lau bat lortzeko. Bere gainean eraikina ageri da, pastel zati bat mahai batean bezala. Izan ere, baserria, txori bat adar batean kokatzen den moduan, berezko topografian jarri egiten da, egoki-tzapen txikiak eginaz.

Hirugarren ondorioa, Gorbeialdeko Baserri Berria material lokalez eraikia dela da, bertako materialez eta bertakoekin egina delako. Baserriak garaiko kontakizun asko ditu irakurgai bere egituran eta paretetan, eta horietako bat bere inguruarekin duen harreman estua da. Nahiz eta baserriak eraikuntza sistema jakin bati jarraitu, badira baserri asko beren egitura gertu zeuden materialetara egokitu direnak. Saratxaga eta Goikuriaren arkitekturaren konstante bat behaketan eta beharretatik eratorritako erantzun bat ematea datza -erantzun isila, integratua eta pertinentea-, eta horiexek lirateke gure euskal arbaso eraiki-tzailearen oinarriak.

Laugarrena, bolumetria dugu. Autoz egindako ibilaldi horretan ere deigarria egingo zaigu nola baserri berriek baserri zaharren txabolak diruditen bolumetriaren aldetik. Orozkoko kasuan mendiaren maldari jarraitzen dion estalkiak bolumetriatzar bat defini-tzen du, bi altueratako etxebizitza bat sortuz. Maldari egokitzean solairu bakoi-tzak badu mendiarekin loturarik: kota batean makinaria eta autoaren sarrera daude, eta beste maila batean etxebizitzaren gune pribatu, domestiko eta funtzio garbiei dagokienak kokatzen dira.