Akropoliaren azpian hasi dugu ibilaldia. Metaxourgio plazatik helgoaldera dauden etxe abandonatuen artean, kolorez beteriko auzo batek ongietorria eman digu. Bocho argazkilariarekin hitzordua daukagu bertan. Madrilgo gazte honek hormetan margotzea du afizio eta Atenas grafitien paradisu bat iruditzen zaio. Horregatik, agian, bere bizitoki egin du. “Grezian betidanik egon da muralak egiteko tradizioa, baina, azken urteetako krisi ekonomikoaren ondorioz, arte iraultzaileak eztanda egin du”. Bochok gazte europarren haserrea islatzen du, etsipena azaleratzeko espraiak hartu dituen belaunaldiarena. Haren ustez, kaleko artea greziarren gogo aldartearen erradiografia bat bihurtu da.
Gida turistikoetatik kanpo dagoen auzo dekadente honetan bat egiten dute etxe abandonatuek, jonkiek, emagalduek eta baita gentrifikazio saiakera xumeek ere. Eremu hau biziki hustu zen XX. mendeko azken hamarkadetan; biztanle dezentek alde egin zuten eta eraikin asko eta asko hutsik geratu ziren. Testuinguru horretan, kaleko artearen jaiotza eman zen Metaxourgion, eta, gaur egun, aire libreko museo aske bat da. “Etxe askotan ez da inor bizi, beraz, paretak ez dira inorenak”, nabarmendu du Bochok.
Metaxourgioko hormetan, Greziako eta mundu mailako grafitilari ezagunenen sinadurak ikus daitezke. Arteak eta aldarrikapen politikoak bat egiten dute bertan. Auzoan pixka bat murgildu bezain laster, grafiti probokatzaile batekin topo egiten dugu: Tsipras Hitlerren bibotearekin eta Europar Batasuneko banderarekin. Handik metro gutxira, berriz, beste mural batek zera esaten digu: “Gentrifikazioa klase borroka da”.
Atenaseko erdigunean dagoen auzo baztertu hau ikustean, zaila da sinistea Greziak Olinpiar Jokoak antolatu zituela duela 12 urte. “Joko Olinpikoak egin zituztenean, herritar askok pentsatu zuten hiri europar baten itxura hartuko zuela hiriburuak. Alta, jokoak amaitu bezain laster dena aldatu zen. Lehenik ustelkeria kasuek eztanda egin zuten eta gero krisi ekonomikoak”, gogoratu du Bochok. Egun, erabateko gainbeheran dago Atenas.
Baina itxura goibelak badu bere xarma. Azken hilabeteetan areagotu egin gira adierazpen artistikoak. Unibertsitateetako paretak, Arte Ederretako falkultatearen gidaritzapean, aldarrikapen politikoen elkargune bilakatu dira. Exarchia auzo anarkistan ere Troikaren kontrako aldarrikapenek grafiti ikusgarriak inspiratu dituzte. Zaila da ikustea muralen bat ez daukan paretarik. “Barkatu, baina horma zuri hau oso aspergarria da”, dio eraikin berri bateko fatxadan egindako sinadura batek. Oraintsu, gainera, grafitilariek aitzitik baino askatasun gehiago daukate. Bochoren arabera, “krisiaren aurretik agintariek paretak garbitzen zituzten, baina orain ez dago ezertarako dirurik, are gutxiago grafitiak kentzeko. Poliziak ez du gure lana oztopatzen”.
Ibilaldiak aurrera egin ahalean, dagoeneko sinbolo bat bilakatu den grafitia ikustera eraman gaitu Bochok: Alexis Tsipras eta Angela Merkel elkarri musu ematen. Berlingo harresiko Leonid Brezhnev eta Erich Honeckerren mural ikonikoaren kopia honek turista andana erakartzen du. Bochoren iritziz, ez da kasualitatea Atenasi artista askok Berlin berria deitzea: “Hiri hau elkargune bat bilakatzen ari da mundu zabaletik etorritako gazteentzat. Grafitilariena mugimendu ibiltaria da, eta horrek grafitien turismoa eragin du”.
Edonola ere, Atenaseko herritarrek zein iritzi dute adierazpen artistiko honi buruz? Kasu gehienetan gratifigintza ez da gehiago bandalismora lotzen eta poliki-poliki greziarren onespena jasotzen ari da. “Ez zaizkit gazteen moda hauek gustatzen, baina muralek ez naute gogaitzen. Grafitiek kolore pixkat ematen diete kale hustu eta triste hauei”, esan digu saltzaile batek, eta irribarre batekin erantsi du: “hobe daude paretak pintatzen beste gauza batzuk egiten baino”.