Olsendarren sukaldeko mahai inguruan, Kopenhagen, gizadiaren karrera espazial apal eta bereziena saretzen ari da. Izan ere, Carlsten Olsen gizarte langile eta irakaslea eta bere Anna alaba, 17 urtekoa, bigarren hezkuntzako ikaslea oraindik ere, historiako lehendabiziko kosmonauta amateur bilakatzear dira.

Aita-alabak Copenhague Suborbitals proiektuko parte dira, irabazi asmorik gabeko elkarte daniar bateko kide, alegia. Elkarte horretan, 50 geek-ek (horrela definitzen dute euren burua) haurtzaroko ametsa egi bihurtzen ematen dute euren aisialdia, astean arratsalde pare bat: euren kontura astronauta bilakatu nahi dute, ezein gobernuren ez estatu mailako erakunderen laguntzarik gabe. Kostu txikiko teknologia sortu eta garatzea da plana, afizionatu eta (ia) artisau eran (2018 edo 2020 urterako) pertsona bat lehendabiziko hegaldi suborbitalean bidaltzea ahalbidetuko duena. Orain arte, erronka hori superpotentzia handien esku egon da soilik, hala nola AEB, Errusia edo Txinaren esku.

Copenhague Suborbitals elkarteak mundu osoko babesa jaso du eta modu erregularrean kuota ordain-tzen duten mila bazkide baino gehiago dauzka. Orain arte zenbait mugarri lortu dituzte; zibilek sortutako tripulatu gabeko suziri handiena jaurti dute eta Nazioarteko Federazio Aeronautikoaren merituaren domina jaso zuten 2013an.

Proiektu honen bitartez, erakutsi nahi dute espaziora bidaiatzeko ez direla milaka milioi behar, orain dela 60 urteko teknologia bertsuarekin egin daitekeela; eta are garrantzi-tsuagoa, adimen kolektiboa deritzonaren ahalmena ere aldarrikatu nahi dute, kolaborazioak lehiak baino gehiago balio duela nabarmendu. “Amesten lagundu diogu babesa ematen digun jende askori, espaziora bidaiatzea posible dela ikusarazi diogu eta astronauta izateko amets honetan lagundu ahal dutela sinestarazi. Horietariko asko zuek bezalako pertsonak dira, egunean zehar interes berezirik gabeko lanetan jarduten dutenak, lan aspergarrietan, ordenagailuko pantailaren aurrean edo erakusmahaiaren atzean”. Hala azaldu du Rune Henssell-ek, proiektuko boluntarioetako batek.

Copenhague Suborbitals elkartea harremanetan dago etengabe Danimarkako inteligen-tzia-zerbitzuekin, horrek gainbegiratzen baititu bere jarduerak, eta egin dituzten probazko jaurtiketa guztietan Danimarkako itsas zein aireko agintaritzaren lankidetza izan dute, segurtasun protokoloak bete-tze aldera. Jaurtiketak NEXO plataformatik egiten dituzte, Itsaso Baltikoan eraiki duten plataforman, hain zuzen.

Zalaparta honen erdian, Olsendarrek pare bat urte barru bidaiatu nahi dute artisau-kapsula horretan, 20 minutuz Lurra atzean utzi eta etxera bueltan eramango dituen espazio-ontzian.

Hegaldi suborbitala emula-tzea da helburua, espazioan izan zen bigarren gizonak, Alan Shepard estatubatuarrak, egin zuen bezalaxe. 1961eko maiatzaren 5ean, Yuri Gagarin kosmonauta errusiarraren bidaia arrakastatsua baino 23 egun beranduago, Shepardek ere zeharkatu zuen Karmanen lerroa, Lurraren azaleratik 100 kilometrotara dagoen leku hipotetikoa, atmosfera difuminatu eta kanpoko espazioa hasten den puntu hori. Estatu Batuetako Atlantikoko kostaldetik utzi zuen Lurra, Ozeano Barean lur hartzeko. Shepardek apenas 15 minutu eman zituen gure planetatik kanpo, eta Yuri Gagarinek 109 minutu. Lehenengo horren bidaiak Nikita Jrushchov Sobietar Batasuneko lider zenaren iseka eragin zuen, bere aberkideen arrakastak harrotuta, amerikarraren bidaia “arkakuso jauzi” gisa deskribatu baitzuen.

“Suziriak edo aireontziak eraikitzen dituzten beste klub afizionatuetatik bereizten gaituena gure giza faktorea da: izan ere, pertsona bat espaziora bidaltzeko sistema segurua sortzeko asmo irmoa dugu. Ez zaigu interesatzen suziria polita den ala ez, eta %20ko akats marjina izateak ere ez du balio; pertsona bat ez hiltzeko adina fidagarria izan behar du”, azaldu du Morten Bulksonek, 42 urteko ingeniari eta Copenhague Suborbitals elkarteko kideak.

“Ez utzi bere ile hori luzeak eta on aurpegiak engaina zaitzaten, inoiz ez zaio panpinekin jolastea gustatu; asko irakurtzen du eta oso azkarra da, berak lortu zuen espazio-programan onartu nintzaten”, hala min-tzatu da Carlsten bere alabari buruz. “Oraintxe bertan ez dut espaziora joatean pentsatzen, honekin guztiarekin gozatu besterik ez dut nahi” dio Annak.

“Azken erabakia misioko sendagileak hartuko du; estresa kudeatzen jakitea izango da garrantzitsuena, ez soilik hegaldiak iraun bitartean, jaurtiketaren aurretik kapsulan sartuta egon beharrak eragiten duen estresa ondo kudeatzen jakitea ere baloratuko da”, azaldu du Carlstenek. “Aita naizen aldetik, nahiago dut Anna hautagai ez izatea; ez berarekin lehiatu behar izateagatik, ez dudalako nahi arriskurik izan dezan. Hala ere, badakit zuhurra dela eta adinez nagusia denean bidaia egitea lortzen badu, oso harro egongo naiz”, dio. Momentuz, aita eta alaba pozik daude proiektu honen aurpegia izatearekin eta zeregin ezberdinetan laguntzeaz gozatzen dute. Azken batean, espazio zaleak dira biak, Gudrun emaztearen kalterako.