Nobela beltzetan ohikoak diren elementuei buelta eman eta beraien unibertso propioa eraiki dute Martin eta Xabier Etxeberria anaiek elkarren artean osatu duten azken eleberrian, Gizon gogorraren sekretua (Elkar). Eusko labeldun nobela beltza bailitzan, poker partiden ordez mus txapelketak, boxeoaren lekuan pilota partidak eta New Orleanseko inauterien partez Tolosakoak aurki di-tzakegu eleberri honetan. Hain justu, egileen iritziz, sortu duten atmosfera horixe da liburuaren ardatza. “Giroak zeresan handia du liburuan. Argi genuen ganberroa izan behar zuela nobelaren tonua, parodiarena, irribarrez egindako kritikarena? Beraz, inauteriak testuinguru ezinhobea zirela erabaki genuen. Maskarak, mozorroak, ezkutuko aurpegiak? misteriozko kontakizun baterako zer gehiago eska daiteke?”, diote.

2010.urtean kokatu dute istorioa, eta hautu horretarako ere arrazoiak izan dituzte. “Hemerotekan begiratuz, urte hartan Gipuzkoan egundoko elurtea izan zela jakin genuen. Inauteri haietan dena zurituta geratu zen eta primerakoa iruditu zitzaigun hori, ohiko lekuak ezohiko bihurtzen dituelako elurrak, gauzak gelditu egiten ditu, ezkutatu, mozorrotu? inauterietan bezala, azken finean”, gehitu dute.

Lehen orrialdetatik, beltzera jo-tzen du istorioak erabat. Erre izeneko gizon bat dugu eleberriko protagonista. Inauteriak hastearekin batera, bere etxe ondoko lantegian hilotz bat aurkitu dute, urkatuta eta kolpatuta, eta belarria eta zakila moztuta. Nola ez dakiela, belarria bere eskuetara iritsiko da, eta bezperako mozkorraldiaren ondorengo ajeak aparkatu ezinik, aurreko gaueko ibilerak gogoratzen hasiko da. Besteak beste, gaueko azken orduak igaro zituen putetxera itzuliko da Erre, hilketa hori ikertu nahian. Istorioan zehar protagonistak alboan izango du Jota, ikerketan lagunduko dion mutil ezindua; Eme prostituta atzerritarra, Burdel King-en lan egiten duena eta ‘femme fatal’-aren papera jokatzen duena; eta, azkenik, Karmele, ikerketa ofizialaren ardura duen ertzaina.

Istorioaren giroari erreparatuta, “nobela mozorrotua eta karnabaleskoa” egin dutela azaldu du Martinek. “Bada nolabaiteko maskara joko bat, baina ez hainbeste veneziar erara; satiratik du gehiego, jokotik”. Gainera, maskara jolas horrek inauteriek adina irauten du, ostegun gizenez hasi eta hausterre egunez bukatzen baita eleberria. Horrek erritmoa markatzeko balio izan diela jakinarazi dute: “Oso bizkor ematen dira gertaerak, eta nolabaiteko antolaketa lortu nahi genuen; hala, liburuko atal nagusi bakoitza inauterietako egun bati dagokio. Bukaeran, mozorroak erantzi egiten dituzte pertsonaiek, eta baita naturak ere, elurra ere urtu egiten baita azkenerako. Amaiera hori irudi polita zela pentsatu genuen”.

UMORERAKO JOERA

Istorioari darion belztasuna ez dute oztopo izan hain gustukoa duten umoreari tartea eskaintzeko. Umore eta ironiarako joera argia erakutsi dute Etxeberria anaiek, ateraldi xelebreak bilduz zenbait pasartetan. “Berez” atera zaiela diote. “Umorearen erabilera ez dugu kontzienteki egiten, uste dugu berez atera-tzen zaigula idazten ondo pasatzen ari garenean. Edozein modutan, kontakizunari lagundu egiten diola iruditzen zaigu, eleberriak duen tonu ironiko-ganberroa elikatzen duelako”. Aldiz, orriz-orri landuriko hizkera arreta handiz landu dutela jakinarazi dute. “Eleberri beltzek erritmo bizia eskatzen dute: akzio asko, pertsonaia ugari eta elkarrizketa biziak izan behar dituzte. Saiatu gara azken horiek piperra eta gatza izan zezaten eta hizkera naturalean josita egon zitezen”.

LAU ESKUTARA Etxeberria anaiek eskarmentua dute lau eskutara sortzen. Elkarlanean ondutako laugarren eleberria da Gizon gogorraren sekretua, eta aurrez haur literaturan egin duten guztia ere batera egin dute. Askorentzat zaila dirudiena ohikoa da beraientzat. “Ez du misteriorik. Gakoa sintonia ona edukitzea da, asko hitz egiten dugu hasi aurretik, eztabaidatu, adostu? Biok buruan gauza berbera izatea lortzen dugunean, idaztea erraza izaten da. Idazteaz gain lanpostu bana dugula eta bakoitzak hiru seme-alaba ditugula kontuan izanda, zailtasunak bestelakoak izaten dira”, diote aho batez. Lan honetarako tartea atera eta erronka gainditu dute, eta ez halamoduz gainera. “Ez gara batere erreprimitu nobela hau idaztean: nahi genuen istorioa eraiki dugu, nahi genuen moduan, eta emaitzarekin pozik eta harro gaude”.