Hitz bat baino ez: Beltzuria. Ez testuaren gidoirik, ezta asmatutako pertsonaiarik edo amaierarantz garamatzan tentsio narratiborik. Fikzioa ulertzeko beste modu bat hartzen du lan honek. Nahi duena egiteko autonomia osoa eskaini dio liburuak Ixiar Rozas egileari.
Izkiriatzen zihoan heinean eman zion forma liburuari Rozasek. “Ez aurretik, ez ondoren”. Hasieran liburua zer izango zen ez zekien, “erabakiak ez nituen aurretik hartuak”, kontatu du. Hala, modu ireki horretan lan egiteak “aukera” eman dio orain arte beste lanetan erabili ez dituen materialak testuan sartzeko. “Liburua idazten jakin dut zer ari nintzen bilatzen”, aitortu du Rozasek. Ahotsaren espazio politiko eta estetikoari buruz idatzi du, bizi-tzako istorio batzuk bera “zeharkatu” dutelako.
Beltzuria “lau gauza” dira, Rozasen ustez: “Izen bat, izenburu bat izenburupean, izena biltzen duen kon-tzeptuari buruz idatzi duen liburua eta liburuari hasiera ematen dion irudia”. Irudi horretan, adineko emakume bat hondartzan paseatzen ikus daiteke. Ekaitzak jo aurreko zerua ikustean, honek esaten duen hitza entzun eta berehala jakin zuen lasartearrak bere hurrengo liburuaren izenburua horixe izango zela. Beltzuria “hitz sonoroa” eta “polisemikoa” dela dio, “borobila”. Liburuaren hasieran hiztegi desberdinek hitz honen inguruan jasotzen dutena agertzen da, eta, horrekin batera, egileak berak liburuan hitzari ematen dion esanahia.
Liburuan ahotsak agertzen dira, eta beraiekin ere osatu du testua idazleak: “Aitonarena, amonarena...” edo, bestela esanda, Franzisko Zelaieta Xamuio bertsolariarena eta Lina Sansberrorena. “Aitona pertsona zurruna zen, hitz gutxikoa, ziur aski Walter Benjaminek azaldu zuen esperientziaren pobrezia pairatu zuen. Hori da liburuan dudan hipotesia, eta isiltasun horrek ere eraman nau liburua idaztera”. Hain justu, “haren hitzak falta zirelako, isiltasunari buruzko gogoeta bat ere bada lan hau”, Rozasen aburuz.
Bilaketa lan asko egon da lan honetan. Batzuk zuzenak izan dira, “aitonaren ahotsaren aztarna fisikoak bilatzea, adibidez, edo amona izandakoaren bizitzaren pasarte baten trazaren bat” bilatzea. Horrez gain, Beltzuria hitzaren aitzakian, desager-tzear egon daitezkeen hitzak ere bilatu ditu Rozasek. “Nostalgiarik gabe egin ditut bilaketak, ager-tzen zihoanari edota hitz horiei erabilera berri bat, edo behintzat beste bat, emateko”.
Estilo aldetik, “narratibaz mozorrotutako poema, saiakera eta dokumentala” nahasten dituen liburua dugu Beltzuria. “Hainbat geruza dituen testu irekia”, Rozasen esanetan. “Ez da gauza bat bakarrik, gauza batetik bestera igarotzen doa”, eta igarotze horretan asko zaindu du azpitik dagoen geruza poetikoa. “Poetikoa denak lan bat du atzean, mundua ikusteko modu bat, eta lan hori guztiz ikusgarria egiten ez bada ere, irakurle, entzule edo hartzailearengana iristen da modu batean ala bestean”, azaldu du. Idazten duenean guztiz kontrolatuta ez dauden eremuetan sartzea interesatzen zaio Rozasi, baina, aldi berean, testuan dena dagoela neurtua aitortu du: isiltasunak, erritmoak, sonoritatea, erresonan-tziak. Hau da, testuaren barne dramaturgia. “Konposizioaren kontzientzia eta ardura bat dago nire lanean, posizionamendu argi bat. Materialak oratu egiten ditut eta gero hartzaileak sortzen ditu esanahiak”, kontatu du.
Beltzuria ez da amaitu esku artean dugun liburuarekin. “Beltzuria gauza bat da, amaituta dagoena, eta orain irakurketekin beste zerbait ari naiz sor-tzen, ez baitira zehazki errezitaldiak”. Gainera, honekin batera, datorren urtean argia ikusiko duen afektuei buruzko liburu bat lantzen ari da Rozas.