Irakurtzeko sasoirik onenetakoa izan ohi da uda. Baina irakurzaletasuna sustatzeko antolatzen diren topaketa eta azokek aisialdirako tarte gutxi eskaintzen diete, nonbait, euskal editore eta idazle bati baino gehiagori; bai, behintzat, nobela beltzaren bueltan aritzen direnei.

Adibideren bat aipatzearren, ekainaren 28tik uztailaren 14a bitarte Donostiako Liburu eta Disko Azokaren 38. edizioa ospatu da; Gijonen, berriz, urtero mundu osoko ehunka idazle, editore eta kritiko biltzen dituen Aste Beltza izan dute. Bata zein bestea, genero beltzak euskal letretan bizi duen egoeraren erakusleiho izan dira eta aitzakia hori baliatu du Ortzadarrek ere gaiari garaiotan heltzeko. Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoa editorea eta Jon Arretxe idazlea izan ditugu solaskide.

Donostian nahiz Gijonen berriki, eta baita Sevillan ere joan den maiatzean, presente izan da, besteren artean, Ereinen Uzta Gorria saila (Cosecha Roja, gaztelaniaz). 2009an sortu zuen sail hori argitaletxeak, nobela beltzaren aldeko apustu sendoa eginez. Erronka horri Euskal Herriko literaturan hutsune bat bete nahian heldu ote zioten galdetuta, Iñaki Aldekoak "bai eta ez" kontatu digu. Izan ere, "nobela beltzak badira eta baziren euskaraz, baina gure erronkak sistematikoagoa izan nahi zuen. Europako beste hizkuntzetan hain arrakastatsua zen generoak ez zuen gurean halako predikamendu handirik. Zergatik ez probatu serioski?".

Bada, horretan dihardu Ereinek azken urteotan. Jatorriz euskaraz sortutako eleberri beltzek (Jon Arretxe, Eneko Zuloaga...) zein beste hizkun-tzetatik itzulitakoek (Donna Leon, H. Mankell, A. Camilleri...) elikatzen dute Uzta Gorria; hamartik gora nobela daude bilduman gaur egun eta hazten joango da aurrerantzean ere. Iñaki Aldekoa gustura dago sail honek orain artean izan duen harrerarekin: "Bai, pozik gaude. Harrera ona da eta aurrera jarraitzeko ilusioarekin gaude". Berritasunik edo lan berririk ere ba ei dute jadanik esku artean, udazkeneko uztan eleberri gehiago izango dituztela aurreratu baitigu editoreak.

Ereinen jardunak ez ezik, Igela argitaletxeak euskal literaturan nobela beltzari egindako ekarpenak ere merezi du aipamenik lerrootan. Itzulpenetan espezializatutako argitaletxe nafarrak lan handia egin du esparru honetan, eta hari esker hainbat eta hainbat klasiko, AEBkoak kasu, euskarara ekarriak daude jadanik. Baita hainbat nobela moderno ezagun ere.

Salmenta onekoa Kontsumo aldetik, genero estimatua da nobela beltzarena; herrialde gehienetako literaturetan eleberri hauek salduenen artean egon ohi dira beti. Joera hori desberdina al da, baina, gurean? "Bai -ebatzi du Aldekoak-. Hemen egileak saltzen du, genero batean idatzi edo generotik kanpo. Baina Jon Arretxeren kasuan ekuazio hori aldatzen ari da, genero beltzeko best sellertxo bat bihurtzen ari delako".

Jon Arretxe (Basauri, 1963) idazlea bera ere bat dator neurri batean editorearekin. "Generoa bera barik, hemen idazle batzuk dira salmenta onekoak, edo liburu batzuk", gaineratu du. Nobela beltzak Euskal Herrian bizi duen egoeraz, nolanahi ere, baikor mintzo dira biak ala biak. Aldekoaren esanetan, hain zuzen ere, "gero eta indartsuagoa da. Ez du beste hizkuntzetako predikamendurik, baina hazten ari den saila da hau". Arretxek, bere aldetik, zera nabarmendu du: "Euskaraz denetik idazten da apur bat, eta nobela beltza egiten dugunok ere bagara batzuk. Figura berriak ere ateratzen ari dira; kontua da ea finkatu eta genero hori lantzen jarraitzen duten luzaro".

Atzo eta gaur Atzera begira jarrita, Iñaki Aldekoak Gotzon Garateren izena aipatu du nobela beltzaren generoan erreferentetzat dituen euskal idazleen inguruan galdetzean. Eta, Arretxeri ere ez zaio oharkabean pasa hark utzitako uzta: "Idatzitako kopuruari begira, Gotzon Garate nabarmendu beharko genuke, nahiz eta haren nobelak oso-oso beltzak izan ez".

Genero eta azpigeneroen arteko bereizketa lausoa izan daitekeela ahaztu gabe, euskal eleberri beltzaren eta poliziakoaren inguruko hainbat solasalditan, aitzindari edo erreferentetzat aipatu izan dira Mariano Izeta (Dirua galgarri), Jose Antonio Loidi Bizkarrondo (Hamabost egun Urgainen), Txomin Peillen edota Xabier Gereño ere, besteak beste. Jon Arretxeren iritziz, "gero idazle asko egon dira, euren obren artean, nobela beltz bat edo beste idatzi dutenak. Espezialistak, ostera, oso gutxi dauzkagu. Gehien sortu duena Javi Abasolo da, nahiz eta erdaraz idatzi. Ladron de Gebara ere aipa liteke, honezkero batzuk idatzi ditu eta". Bada, egungo idazleen zerrendan Alberto Ladron Arana, Iñaki Irasizabal, Aingeru Epaltza edota Itxaro Borda bera ere nabarmendu genitzake, Arretxe bera ahaztu gabe.

Iragan maiatzean Sevillan ospatutako liburu azokan Euskal Nobela Beltzaren aniztasuna goiburupean aritu ziren hainbat euskal idazle, Ereineko kideak zein Arretxe tartean zirela orduan ere. Euskal letretan genero honen baitan aniztasunik egon badela iruditzen zaio idazleari behintzat: "Nik uste dut baietz, gutxi gara nobela beltza idazten dugunok, baina nahiko obra desberdinak sortu ditugu". Hori hala, gaur gaurkoz genero beltza Euskal Herriko literaturan "zulo beltza" dela esan izanarekin ez dago konforme: "Ez dut uste hala denik. Nire ustez orekatuta dago genero beltzean nahiz besteetan idazten dena".

Editoreak, bere aldetik, "nobela beltzaren sarea izugarri zabala" dela gogorarazi du, "nobela beltzaren idazleak ugari baitira gazteleraz eta beste hizkuntzetan. Euskaraz, berriz, ez".

Topikoak Salmenta onekoa bada ere, entretenimendu hutsarekin edo arintasunarekin lotu izan dute nobela beltza zenbaitetan; behe mailako generotzat jo, nolabait, kalitateari dagokionean. Antzeko iritzi edo aurreiritzien aurrean, ordea, Arretxe argi mintzo da: "Euskal Herritik kanpo gaindituta daukate topiko hori; euskaldun askok, ostera, horrelako konplexuekin jarraitzen dute. Nire ustez, ez daukate zentzurik".

Eleberri beltzei kritikaren aldetik, beste idazle batzuen begietatik edota mediatikoki ematen zaien trataera eta oihartzunaz galdetzean, berriz, zera ondorioztatzen du idazleak: "Euskal kritikak, halakorik badago, ez du gehiegi baloratzen genero hau. Prentsak gero eta kasu gutxiago egiten dio, orokorrean, literaturari. Izan ere, plantillak murrizten ari dira eta kultura atalerako gero eta kazetari espezializatu gutxiago daude". Bere esanetan, beraz, ez dago zalantzarik: "Nobela beltza salbatzen dutenak irakurleak dira; asko daude, eta oso fidelak".

Suspensea sortzen eta mantentzen duen trama bat, pertsonaia erakargarriak, erritmo bizia, sinesgarritasuna, kritika soziala... Nobela beltz batek ona izateko ezinbesteko dituen ezaugarriak aipatzea edo zerrendatzea ez omen da ariketa erraza, edo hobe esanda, Arretxeren ustean behintzat, "ez dago formula magikorik, bestela denok erabiliko genuke". Nolanahi ere, berak aipatutako irakurleen fideltasunari esker, akaso, Arretxek euskal nobela beltzen apalategiak elikatzen jarraitzeko asmoa duela dio. "Bai, bidaia-literatura nahikoa idatzi dut, umorea ere jorratu dut... Orain oso-oso gustura nago nobela beltzari lotuta eta horrela jarraituko dut nire irakurleak, edo ni neu, aspertu arte".

19 kamera eleberriaren ostean, 612 euro kaleratu du Arretxek, Ereinen Uzta Gorria sailean. Eta harrera polita egin zaio Touré detektibearen sagako bigarren nobela honi ere: "Oso harrera ona -dio egileak-. Ni neu ere harrituta nago, zelako krisi ekonomikoa dagoen kontuan hartuta". Bada, detektibearen sagak jarraipena izango du laster: "Bai, jakina. Pertsonaia interesgarria sortu dudala uste dut, eta nik beragan sinesten dudan bitartean, aurrera jarraituko dugu elkarrekin". Oraingoan atzerrira bidaia fisikorik egin gabe, Bilbok eskaini dio Arretxeri nobela horien trama etxean kokatzeko giro aproposa -San Frantzisko auzoak, zehazki-.

Posible da, hortaz, Euskal Herrian lekututako istorio sinesgarri batekin nobela beltz fin bat egitea? "Berez, nobela beltzak edonon koka litezke -dio idazleak-, baina Bilboko San Fran-tzisko bezalako lekurik ez dago Euskal Herrian nobela beltz klasikoak kokatzeko".