Nork egiten du historia? Zelan ikasten dugu? Nola gauzatzen ari gara (dira) egungo errealitatearen historia, kontakizuna, etorkizunera begira? Memoria historikoa gaurkotasun handiko gaia bilakatu denean, halako auziei artearen galbahe eta begiradaren bidez aurre egitea albo batean ezin utzi daitekeen ekarpena da.

Setiatu ostean, indar espainiar, portugaldar eta ingelesek, frantsesek okupaturik zen Donostia berreskuraturik, poblazioaren kontrako erasoak gauzatu zituzten 1813an. Ofizialki laguntzera zetozenek sekulako sarraskia eragin zuten. Gertaera odoltsuaren bigarren mendeurrena ospa-tzen delarik, Haizea Barcenilla komisarioak hitz larriez idazten den Historiaren nolakotasunaz galdegiten du mostra zabal eta erakargarrian, hainbat artista garaikideren hautaketa orekatua bide.

Erakusketa karga kontzeptualak eta izaera narratiboak ezaugarritzen dute. Bisualki indar-tsuak batzuk, xume eta intimistagoak beste ba-tzuk, oro har ikuslearen arreta eskatzen dute lanek, patxadaz ikusteko mostra baitugu. Modu eklektiko eta ezberdinean, guztiek dute -distantziatik- Donostiako tragediarekin erlaziorik, eta aniztasunak, diskurtso nagusia diluitzeko arriskua lirudikeena hasieran, erakusketaren tesia indartzen du, alegia, istorio arras konplexuen gainean eraikitzen dela Historia.

Dokumentalismoaren inguruan mugitzen dira hainbat proposamen. Karlos Martinez B (Durango, 1982) artistaren Atxarte instalazioak 90eko hamarkadan politikak, ekologismoak zein komunikabideek modu baldintzaturiko ondare naturalaren defentsaren auzi garrantzitsuenekoa errekuperatzen du. Ikuspegi soziologiko batetik komunitateek urbanismoarekin duten erlazioak dira Bertille Bak-en (Arras, Frantzia, 1983) marrazki eta filmearen gai zentrala. Bide bera darraite Field Work kolektiboaren marrazki eskematikoek, storyboard bat bailiren, Ramalako biztanleen bizitzaren artxibo bisuala -bertsio ofizialaren B aldea- sortuz. Bestetik, biografia ofizialen ustezko sendotasuna ezbaian jartzen du Lene Berg-ek (Oslo, Norvegia, 1965). Bideo familiarraren estetikako proiekzioan, intelektual gisa ezkutatzen zen CIA-ko agente sekretu baten bizitza doblea desestaltzen du lanak.

Tânia da Fonte-k (Lisboa, Portugal, 1978) berariaz aretorako sortutako instalazioak, berriz, kiskalita geratu zen Donostia postulatu historikoetatik birsortzeko magiaren beharra aldarrikatzen du metaforikoki, hain justu konstituzioek araututako sistema itxiaren aurrean. Bere aldetik, Juan Perez Agirregoikoak (Donostia, 1963) gertakari samingarrien inguruan egiten diren ospakizunen zentzuaz galdetzen du kutsu ironiko argiarekin, konfeti eta erdi hustutako globo festaren amaiera birsortzen duen The party is over proposamenaren bitartez.

Ildo antzekoa dute Vincent Labaume-ren (Cosne-sur-loire, Frantzia, 1965) nazio himno ezagunenen bertsioen superposizio-antologiak -Marsellesa organo elektrikoz interpretatua edo espainiar ereserkiaren bertsio teknoa-; gizakiok errelato handietan egoteko behar -gehienetan absurdoaz- hitzegiten duen Oriol Vilanova (Manresa, 1980) katalandarraren Errekor Guiness Liburuen bilduma koloretsuak, zein egunkarietako albiste garrantzitsuenen erretratuak kolore biziz estalita irudiek imajineria popularrean jokatzen duten paperaren garrantzia azpimarratzen duen Marine Hugonnier-en (Paris, Frantzia, 1969) Art for Modern Architecture serieak.

Makro eta mikro narrazioak Halaber, Elena Ciobanu-k (Bukarest, Errumania, 1980) gorpu-tzeko orbain ezberdinen istorioen mapa kartografikoa, eta Alex Reynolds-ek (Bilbo, 1978) inplikazio metalinguistiko ezberdineko bideo lana aurkezten dute. Azkenik, Christine Meisner-en (Nuremberg, Alemania, 1970) proposamena AEBetako esklabismoaren kulturari lotutako musikari eskainia dago, eta garaiko arrazismoaren gaineko hurbilketa du oinarrian. Kutsu poetikoko filmea da, zinematografikoa oso, Yael Bartana-rena (Afula, Israel, 1970) legez. Sionismoan oinarritu fikziozko istorioak gerra eta eraso politikoak justifikatzeko errelatoen konplexutasunean eta izaera tranpatian du abiapuntua.

Talde memoriek, sinesmen eta aurreiritziek, kolektibitate sentimenduek, bizipen pertsonal zein kronika ofizialek osatzen duten Historia ofizialaren eta honek bigarren mailan utzi dituen historia ezberdinen, makro eta mikro narrazioen, errelato bakarraren eta intrahistoriaren arteko kontraesanak ageriratu eta hauen gainean hausnarketa bultzatzea da mostraren balioa. Funtsean, Historia eta istorioak hain ezberdinak ez direla erakusten zaigu. Muntatze egokiarekin, Koldo Mitxelenako erakusketak historia eta memoria -gure identitatea, indibiduala zein kolektiboa, osatzen duten bi lehengai nagusiak- kontzeptuetara hurbiltzeko bide berria proposatzen du, zinez aukera bikaina arte garaikide freskoenaz gozatu eta inguratzen gaituen errealitatea ikuspegi kritiko batetik ulertzeko.