Eskumako zinegotzia berandu esnatu zen Euskal Herriaren independentzia bere eskutik etorri zen egunean". Esaldi hau izan zen Fermin Etxegoienek (Oñati, 1966) idatzitako lehen esaldia. Hordago handia da, baina Fermin Etxegoienek erronkari eutsi dio.
Protagonista nagusia Goiate herriko zinegotzi bat da, eskumakoa eta bizibidea harakin bezala irabazten duena. Gizon arrunt bat da Bixen, Zinegotzia (Erein) eleberriko protagonista. "Bai arrunta da. Askorentzat heroi bilakatzen da harakina baina berak ez du heroi izan nahi, betiko bizimoduari eutsi nahi dio". "Zer gertatzen da hemen?, galdetu zuen Bixenek, gela barruan ikusi zuenaz jabetu bezain pronto. Berehala konturatu bazen ere, galderari kutsu susmagarria ematen ziola, hemen hitzak, bai baitzirudien gertatzen ari zenak desatsegin behar zuen han gertatzen ari zelako, ezen ez desatsegina berez izateagatik".
Hogeita lau ordutan mundua iraul litekeela jabetuko da Bixen. Horregatik bere-bereak direnengan inguratzen da: Kristina emaztea, seme bikotxak edota emaztearen ama. "Kristina bere alter egoa izan daiteke. Emaztea tren bat dela esan nezake; berak esaten du trenak bere bizitzatik gutxitan pasatzen direla, eta igo beharra dagoela. Alde horretatik tren hau ez zuen harakinak galdu". Kristina da eleberrian Bixenen osogarri gertatzen dena.
Protagonistari izaera ezberdinak eman dizkio idazleak. Era honetara, batzuetan Bixen izango da, beste batzuetan harakina, eta hirugarrenez zinegotzia. "Badu tridimentsionala izateko asmoa. Ez dut zentzu psikologikoan egin nahi izan, teorikoan baizik. Idazterakoan errepikapenetan ez jausteko asmoa dago hor, ez besterik. Gero bestelako ondorio psikologikoak aurki litezkeela? Ba atera ditzatela, baina hasierako asmoa idatzitakoari bizitasuna ematea da".
Argazkia Gaurkotasunera oso lotuta, egun bakar batean gertatzen da dena, eta eleberriak egun hori azalduko du. Fermin Etxegoienek eleberriak data zehatza izateari ez dio eragozpen handirik ikusten. "Behintzat ikus dadila argazkia egun horretakoa dela. Begira, azken egunotan kontzertu ekonomikoaz sortzen ari diren ika-mika guztiek beste testuinguru batean jartzen gaituzte, eta eleberriarekin jarraituko banu, argazkia aldatu beharko nuke. Eskerrak amaitu nuela amaitu nuenean". Gabriel Garcia Marquez idazle kolonbiarrak esaten zuen liburuak ez direla amaitzen, abandonatu egiten direla, eta alde horretatik Etxegoienek Zinegotzia abandonatu du.
Eleberriak gora eta gora egiten du irakurlearekin. Indarrez eramaten du eta arazoa amaierara ailegatzerakoan etorri da. Istorioak amaiera behar zuelako. Idazleak eman dio bukaerarik, bide bat hautatu du. "Askok esan didate amaiera zapu-tza dela. Bai, egia da asko ez direla beteta sentituko amaierarekin. Ez nekien oso ondo zelan burutu eleberria, eta bai, beharbada izan lezake zaputzetik zer, baina bizitza bera ere zaputza da zenbaitetan". Amaiera asegarri ez izatea ametitzen du Fermin Etxegoienek, beraz.
Herri txiki bat Goiate herria da protagonistetako bat. "Ez da Oñati", argitu digu Fermin Etxegoienek. "Autokarabana lanean bazegoen oñatiartasunaz aldarrikatzeko ahalegina, honetan ez dago. Hau Euskal Herriko edozein herri txiki izan daiteke. Oñati baino txikiagoa dela esango nuke. Izan ere, Autokarabanako protagonista eta zinego-tzia herri berekoak izan daitezke -jarraitu du-; izena bera sonoritateagaitik aukeratu nuen; baina bestelako antzekotasunik ez dago".
Idazleak uste du liburua hiru zatitan bana litekeela. "Lehenengoan kontestualizazio sozio-politikoa dago. Gero, bigarren zatian, familia konstelazioa dago. Eta hirugarren zatian, aldiz, lehendabiziko esaldiaren hordagoari erantzuten ahalegindu naiz. Hor akrobaziak egin behar izan ditut", azaldu digu Etxegoienek.