Ez da nolanahikoa Skasti talde zarauztarrak bere ibilbide musikalari eman dion itzulia. Aro berria bizi dute, izena eta guzti ipini diote, gainera, garai berriari: New Age. Filosofia guzti bat biltzen du kontzeptuak, musika bizitzeko modu berri bat. Baina Skasti ez da atzo eratutako taldea. 2005ean sortu zuten bost lagunek: Iker Iñigo Antxus eta Xabier Uzin Bino (ahotsak), Joel Crespo (gitarra), David Gorospe Davitxin (bateria) eta Ander Izagirre Iza (baxua) ziren. Funk-rock talde ohikoa zen hasierako hura. Gero, ska kutsua eman nahi ziotela erabaki eta, Skalariak edo Betagarri bezalako taldeak erreferentzia hartuta, haizezko instrumentuak sartu zituzten, Josu Gonzalez de Durana Tete-ren tronboia lehenik eta Mikel Alberdiren tronpeta ondoren. Antxus-ek dioen moduan, "urte asko egon ginen horrela eta kontzertu dezente eman genituen formatu horretan". Tartean, Aitor Iturralde Itu sartu zen akordeoia jotzen, Joxe Ripiau bezalako taldeen soinura gerturatuz. Berriki sartu da taldean Mattin Saldias gitarra-jotzailea, taldean zortzi izatetik bederatzi izatera pasatuz.
2006an kontzertuak ematen hasi eta hala ibili ziren 2011 amaiera aldera arte. Garai horretan jaiotzera zihoan New Age garai berri hau. "Gure musikari beste buelta bat eman behar geniola erabaki genuen, ikusi genuen jada ez zela nahikoa funk kanta erraz horiek jotzea, ezta guretzat ordurako oso esplotatuta zegoen ska mota hori egitea ere. Orduan sortu zen New Age deitu diogun etapa hau, musika aurreiritzirik gabe fusionatu eta ateratzen zitzaiguna egiteko, zerbait finkoa egin behar zenaren helbururik gabe, baizik gorputzak eskatu bezala egiteko", azaltzen du abeslariak. Aldaketa horretan eragina izan du, "dudarik gabe", entzuten duten musikak: "Oso desberdina da 2005ean 16 urterekin entzuten genuen musika eta gaur egun entzuten duguna; imajinatu zein desberdina izan daitekeen guk bederatziok entzuten duguna, Berri Txarraketik hasi eta nazioarteko taldeetara, orain modan dagoen pop-dance musika horretaraino". Urteetan lokalkide izan diren Delorean zarauztarren eragina, esaterako, oso handia izan dela diote.
Garai berriak ere ekarri du denek taldearekiko konpromisoa handitzea, eta alderantziz. "Orain, astean zehar, ahal dugun bezainbestetan elkar-tzen gara eta etorkizuneko ikuspegi serioagoa dugu. Gure filosofia da, taldeari zenbat eta gehiago eman, are eta gehiago emango digula taldeak guri. Hortik abiatuta, denok egin dugu lan estra bat eta lehen hobby hutsa zena zerbait serioagoa bihurtu nahi izan dugu".
Diskoaren bidez, oholtzara New Age izena du garai berri honetako lehen fruituak ere, euren lehen diskoa dena. Duela urte batzuk baliabide gutxirekin eta modu oso xumean grabatutako maketarekin alderatuta, gustura daude zarauztarrak. Diskoa helburu baino, zuzenekoetarako bide izatea nahiago zuten hasieratik, haietan jartzea indarra. "Euskarri fisiko bat beharrezkoa da ordea, interneten jartzeko, kontzertuetan saltzeko eta banatzeko. Horretarako eman diogu garrantzia handia diskoa ondo egiteari, gero kontzertu gehiago jo ahal izateko eta jende gehiagorengana iristeko, azken finean". Diskoa taldeko Joelek grabatu du, bere lehen grabazioa izan da gainera. Nahasketak eta masterizazioak, aldiz, horrelako lanetan urteak daramatzaten Eñaut Gaztañaga (Gaztain Estudioak) eta Estanis Elorzaren (Dr. Master) esku utzi dituzte, diskoari osotasun profesionala emanez.
Lan horrekin islatu nahi izan dute izan nahi duten hori, egin nahi duten musika hori, baina baita iraganean izan direna ere, maketan bildutako kantuen estilo hura guztiz galdu gabe. "Fusio berri bat egiten duen taldea gara, baina nahi genuen jendeak taldea identifikatzea ere eta aurrekoaren eboluzio bezala ikustea, hausturarik ez egotea, alegia", argitzen du abeslariak.
Estilo aldetik, aniztasuna da nagusi, reggaea eta erritmo lasaietatik hasi, eta ska erritmo biziagoetara, baita doinu dantzagarriagoak ere, haizezko instrumentuen melodia "erakargarri eta sarkorrez" lagunduta. "Etxean lasai entzuteko abestiak daude, baita zuzenekoetan irabazten duten horietakoak ere". Tartean kantu berezi bat, Oskuro; "ez baitu zerikusirik orain arte egin dugunarekin, ez erritmo ez melodia aldetik".
Testuak ere anitzak dira, desamodioari aurre egiteko jarrera positiboa lantzen dute batean eta Ekialde Hurbileko irudikatutako ume baten sentimenduak bestean. Txorimalo abestiaren kasua aipatzen du abeslariak: "Imanol Epeldek pasa zigun letra batetik abiatu zen, letra hori osatu eta musikatzeaz aparte, interpretazio jakin bat eman diogu. Azkenean elkar osatu dira eta collage polit bat atera da".
Kalitatea eta jai giroa Zuzenekoetara begira daude orain, New Age biran buru-belarri sartuta. Haietan eskaini nahi dutena argi dute: "Talde serio baten kalitatea, kalitatezko zuzeneko bat baina jai giroa mantenduz, goian gaudenok gozatzen ari garela, festaz gozatzen ari garela erakutsiz, baina atzean dagoen lan guztia ere ikustaraziz. Kontzertu duin bat, finean".
Horiez gozatzeko datozen aukerak: gaur bertan Azpeitian; Bilboko Errekaldeko jaietan (uztailak 6), Iruñeako Sanferminetan (uztailak 7) eta Bilboko BBK Live jaialdian (uztailak 11). Data guztiak euren Facebook orrian ikus daitezke.
Etorkizunera begira jarriak dira jada, udako olatua pasa eta hurrengo diskorako lehen ideiak badituzte dagoeneko. "Ilusionatuta gaude proiektuarekin -baieztatzen du abeslariak- eta tartean ez bada arazo handirik sortzen, udazkenean lokalean sartu eta kanta berriekin hasiko gara, jendeak ikusten ez duen ezkutuko lan hori egin eta hurrengo urterako zerbait berria eskaintzeko".