Bilbon eta New Yorken, eta Bilboren eta New Yorken artean bizi da. Batean zein bestean, bere estudioan, margoaren bidez ikertu egiten du. Goizean goiz, esnatzean, paperean jasotzen ditu burura datozkion lehenengo ideiak eta irudiak. Gero, lihoaren aurrean margotzen du, eserita, meditazioan balego bezala. Paperean edo egurrean ere egiten du. Arkatzez, akuarelaz, zeraz, oleoz edota tintaz. Margotzeko keinua bat-batekoa da eta erabateko kontrola behar izaten du, bere lanek ez baitute zirriborrorik. Horia, gorria, urdina, ura, pintzela eta bera. Ines Medina. Goiz bazkaldu eta arratsaldean irakurri edo idatzi egiten du. Idatzi bereziki. Natura behar-beharrezko du, batez ere euskal paisaia berdea. Horregatik joaten da ia egunero Artxandara. Hori Bilbon dagoenetan. New Yorken, Brooklyn-Manhattan egiten du oinez, zubitik zubira, eta hor aurkitzen duen naturaz gozatzen du.

Hogeita hiru urterekin, margotzen hasi eta berehala, Ines Medinak bere buruari galdetzen zion: artea zertarako? Argi ikusi zuen artea iker-tzeko zela, alegia, ezagutzeko. Eta ezagutu zer? Bere burua eta mundua. Adierazpenarekin hasi zen, baina segituan abstrakzio absolutuaren munduan barreiatu zen. Kolore bakarreko koadro handiak margotzen hasi zen. Pigmentu puruz egindakoak ziren, lihoa guztiz estali gabe bertikalak eta horizontalak jarrita. Erradikaltasun horrek liluratu egiten zuen, alegia, bi elementu horiekin soilik margotu ahal izateak. Eta hori Piet Mondrian da, bere lanaren oinarrizko zutabeetako bat: bai plastikoki eta baita ideologikoki ere, artea ezagutzarako tresna den neurrian. Harrigarria iruditzen zaio, lerroetatik abiatuta nola planteatzen zituen maskulinoaren eta femeninoaren arteko muga bezalako analisi sakonak. Eta txunditu egin zuen abstrakziotik abiatuta nola eraikitzen zuen artista nederlandarrak.

Espazioa, puntuak eta emozioak Ines Medinaren lanaren oinarrizko zutabe horretan Jorge Oteiza ere badago. Mondrianek bidimentsionalitatea gainditu nahi zuen eta, Oteizak, ostera, bolumena hustu espazioarekin gelditzeko. Bata, margolaria izaki, bi dimentsioez ari da eta, bestea, hiru dimentsioez, eskulturagilea den neurrian. Eta Ines Medinak bere obran biak uztar-tzen ditu. Hala ere, beste bi autore gehitzen ditu bere pilare horretara: Velazquez, argiaren kon-tzeptua dela eta, eta Giotto, errealitatearen gaia abordatzen duelako. Lau izen horietatik abiatuta elementu plastiko eta eduki guztiak ikertu ditu Ines Medinak, hasieratik bere jarrera hori izan baita, ikertzea. "Pinturako bi dimentsioetatik abiatuta, kurbarik gabeko bolumenak eta diagonalik gabeko perspektibak sortu ditut, alegia, tridimentsionalitate purua", zehazten du. Eta hori hamabost urtez egin du. Hasierako etapan abstrakzio erradikala sortzen zuen eta, geroago, arte organikoagoarekin hasi zen. Nolanahi dela ere, ikerketa beti bera izan da.

Bere lana serieka banatzen da eta, guztira, orain arte, 20 egin ditu. Abstrakzio erradikalaren etapa New Yorkera joatean ixten du, 1998. urte aldera. Une horretan, beharrezko elementu plastiko bakarra puntua dela ulertuta, irudi guztiak sor daitezkeela pentsatu, plano guztiak hautsi eta puntua ikertzen hasten da: puntua bera eta puntuaren barruko hutsunea, alegia, positiboa eta negatiboa. "Neurria tratatuta espazioa sor-tzea da gakoa. Diagonalak eta kurbak erabili gabe, neurriarekin soilik, dimentsionalitate purua lortzen da: lerro bakoitzaren dimentsioa, distantzia, proportzioa eta saturazioa kontrolatu behar dira". Zientzia purua dela iruditzen zaio. Adibidez, bi dimentsioko plano batean, puntu horiekin, gorriekin eta urdinekin egindako hiru plano batera jarri eta mugituz gero, zer gertatuko litzateke? Ordenagailuarekin probak egin ostean, norabide desberdinean mugitzen zirela frogatu zuen, "laugarren dimentsioa sortuko balitz bezala"; sortuko balitz dio, ez zuelako sentitu sortu zenik. Froga horretan, burmuina, bihotza eta adimena ageri zirela nabaritu zuen. Abstrakzio erradikalaren etapa horretan, ordenagailu bidez sortutako arte asko sortu zuen Ines Medinak. Horrez gain, puntuen etaparen itxiera eta mundu fisikoaren eta emozionalaren irekiera tartean, irudi sentiberez egindako serie bat egin zuen.

Emakume-nortasuna 2000. urtetik gaur arte, alor formalean jasotako esperientzia alor pertsonalean aplikatu behar zuela erabakita, batetik, alde fisikoa lantzen dihardu eta, bestetik, pilatutako memoria; fisikoa, emozionala eta mentala eta hiruren arteko mugak. Horretarako, introspekzioa egiten hasten da eta konturatzen da pilatutako memoria guztia, esperientziak eta bizipenak barne, gutako bakoitzaren barruan dagoela, hain justu bizkar-hezurrean. Horren adierazle da bere obra askotan azaltzen den bizkarreko hezurduraren irudia. Une horretan, New Yorken, psikoanalisia egiten du; aurretik ere egina zuen. Oso tresna baliagarria dela dio, barru-barruan dagoenetik argazkiak ateratzen baitira. Hala ere, pertsonak, subkontzientea dugunez, memoria baino gehiago gara: "Subkontzientzian egoa gainditu behar da libre izateko, bestela bizipenik gabe gelditzen zara, zure bizitza bizipenek baldintzatzen dutelako". Izan ere, bizitzan esperientzia onak eta txarrak datozkigu eta txarra ezin da lente negatibotik begiratu, atzean gelditzen zarelako: "Ez da erraza aldatzea, baina posible da. Esperientzia saturatua eta barren-barrenean sentituta, sakonki, transmutatu egiten da". Hori beldurrak eta egoa gaindituta lortzen da, "buruan ditugun egiturak askatuta eta horietan sinestarazteari utzita", gehitzen du.

Pilatutako memoria hori kanporatzeko argia behar da, funtsezko elementua, bai behatzeko, bai erlaxatzeko. Behatzeko linea horizontalak jartzen ditu, errealitateari hortik erreparatzeko: "Behatzaileak errealitateko elementu guztiak behatzen ditu, baina kanpotik eta distantziatuta. Orduan beste egia batzuk azaltzen dira eta esperientzia interesgarriagoa izaten hasten da".

Izan ere, barruko mundua ezagututa gehiago ezagutzen eta onartzen da bat. Bere lanetan ikus daitekeenez, adimena horia da, bihotza gorria eta urdina burmuina. Eta koloreen esangura aipatuta, marrak banaketa ere esanahi du, Ines Medinaren obraren kontzeptu nagusia. "Beldurrak eraginda banaketak egiten ditugu eta, hori egitean, barneko ikuspegitik abiatuta jokatzen ari gara: zu aberatsa eta ni pobrea, zuk agintzen duzu, nik ez, baina bakoitzaren errespontsabilitatea zein den ere erabaki egiten da". Hasiera batean, banaketa kontzeptua orokorrean interesatu zitzaion, baina 2007an artearen bidez genero-banaketaren gaia ikertu zuen Emakunden eta, orduz geroztik, genero-banaketa da bere ikerlerro nagusia. 19. seriea da, Burnt-Dolls-Panpina erreak, gai horri buruzko obra bereizgarriena.

Etapa espirituala Horren guztiaren ondotik 20. seriea dator, The Transmutation of The Mind. The Capacity to Visualize the Totality-Transmutazioa. Osotasuna Ikustarazteko gaitasuna: errealitatea beste ikuspegi batetik behatzen da, memoria kanpoan baitago. "Zure burua objektu gisa ikusten duzu, bere ezaugarri materialak dituena, gustuak, zaletasunak eta esperientziak. Hala ere, oraindik ez zara guztiz zu, bizitzan, esperientzia ikasteko hartzen delako. Horren guztiaren gainetik erabakiak hartzen dituen beste zerbait dago: kontzientzia". Horren harira sortu du hogeigarrena, aurrekoak baino kon-tzientzia gehiagoz egindako lana da, espiritualagoa. "Fisikoa, emozionala eta mentala izaten jarraitzen du, baina kanpotik behatuta", adierazten du. Orain arte ez bezala, kolore bioleta agertzen da, bere iritziz intelektualtasunarekin lotuta dagoena. "Goiko esfera, espiritua, gainditu egin daiteke eta horrekin esanahi dut zu izaten jarraitzen duzun izaki horrekin kontak-tuan zaudela".

Une honetan, 21. seriea sortzen ari da eta, bertan, errealitate anitzak ulertzen jarraitzen du. Puntuak ageri dira, beldurraren harresia gaindituta dagoela erakusten duten adierazpenak, minaren arketipoa edo barrutik kanporatutako ideiak komunikazio kontzeptua erabilita. Kolore bioletarekin batera granatea ere azaltzen da. Serie horrekin ari da lanean, orain arte bezala modu bakarlarian, sortzen ari denean isolatuta egoten baita. Aldiz, estudiotik kanpora irtetean edota klaseak ematerakoan ez du bere obraz hitz egiten, artistaren sortzailetasuna detektatzea denez helburua pertsonarekin kontaktu zuzena bilatzen du. Izan ere, Ines Medina artista izateaz gain pedagogoa ere bada, dohain gizatiarrak eta sentsibilitate berezia dituen emakumea.