Ana Karenina eta Gerra eta bakea maisulanak idatzi ostean, ospea, dirua eta maitasuna zituen Lev Nikolaievitx Tolstoik (Iasnaia Poliana, 1828 - Astapovo, 1910) krisi indartsua sufritu zuen, bizi-tzaren zentzuari buruzko galdera bizi-bizia bihurtu zitzaionean. Jainkoarenganako hurbilketa saiakerek eta ezinegon existentzialak goia jo zuten. Erantzunak ezagutza arrazionalaren bitartez lortzen saiatu arren, idazle errusiarrak ezagutza irrazionalean -fedean- aurkitu zuen egiazko zentzua, eta sakontasun erlijioso bati bide eman zion, Ebanjeliora hurbildu eta Eliza ortodoxotik aldenduz.

Lagun hurkoa maitatzea maxima egia moral eta erlijioso unibertsal gisa onarturik, aurreko bizimodu eta obra gaitzetsi eta lan erlijiosoak idazten hasi zen Tolstoi, bere sen artistikoa betebehar moralaren eta egiaren bilaketaren zerbitzura jarriz. Garai horretan kokatu behar dugu Zer da artea? saiakera, 1882an idazten hasi baina 1898ra arte argia ikusi ez zuena.

Jatorrizko testua abiapuntu hartuta, Aritz Gorrotxategi idazleak ondu du publikazioa; hark obraren testuingurua modu egokian sintetizatzen duen sarrera idatzi, bertsio originalaren hautaketa eta itzulpena egin, eta bukaeran den solasaldia ere koordinatu du. Tolstoi euskaraz irakurri ahal izatea berez da albiste ona haren hitzetan, eta lan konkretu honen ekarpenari buruz esan digu gaur egun arteari buruz dugun ideia "hankaz gora" jartzen duela, eta arteari buruz hausnartzera bultzatzen gaituela, "idolatriaz eta aurreiritziez aske".

Egiazkoa eta faltsua Artea eta zientzia herriaren miseriaren errudun zirela konbentzituta, indarrean zen artea aztertu eta subjektibotasunetik aldenduko den arte berri baten oinarri sendoak bilatzea zen Tolstoiren helburua. Arte egiazkoa faltsutik bereizteko irizpide sendo bilatu gura zuen. Hala, estetikaren ahultasuna agerian utzi eta mendebaldeko kanoneko sortzaile gehienak -Dante, Shakespeare, Goethe, Michelangelo, Rafael, Beethoven- baztertzen ditu. Izan ere, errusiarraren ustez, Errenazimentuan bizitzaren erlijio-kontzien-tzia oro galdu zen, arte esparruan Elizaren kristautasuna edertasunagatik ordezkatuz, eta munduaren ikuskera erlijiosoa galduz. Orduan ireki zen arte herrikoi batetik arte ulergaitz baterako bidea.

Tolstoirena argitasunaren aldeko apustua da; bere ustez, ezin egotzi dakioke jendeari ez ulermena; arteak hunkitzen ez badu, artea ez delako ala ona ez delako da eta. Artelan bat ezin da esplikatu, funtsean, sentimendu baten transmisioa da. Artearen esentzia gizakiak batzea da, eta hala gertatu ezean ez gaude benetako artearen aurrean, denbora-pasaren aurrean baizik. Horrexegatik, hedatua eta errotua egon arren, artea ona eta halere jende askorentzat ulertezina izan daitekeelako adierazpena bidegabea da.

Tolstoirentzat, artelanak denentzat ulergarri eta eskura errazak diren neurrian dira bikainak, hala nola, Iliada, Odisea, Itun Zaharreko istorioak, judutar profeten kantuak, salmoak, Ebanjelioko parabolak eta ereserki vedikoak: "Ulertezintasunaz mintzo dira. Baina mundu guztiarentzat dira, klase eskolatu eta eskolatu gabekoentzat ere".

Wagner, arte faltsuaren paradigma Artearen teoria nahasi eta ulertezinak, arteari buruzko judizio faltsu eta kontraesankorrak salatzen ditu Tolstoik. Bere ustez, sentimendu onenen eta gorenen ulermenaren oztopoa ez dago garapen eta heziketa faltan, faltsukerian baizik, eta zentzu horretan, arte faltsuaren metodoak -mailegua, imitazioa, harridura eta atsegingarritasuna- eta horretan laguntzen duten baldintzak -artisten ordainsari itzelak, arte-kritika eta arte-eskolak- salatzen ditu. Wagner da faltsifikazio poetikoaren etsenplu paradigmatikoa, haren operak arte simulakroaren gailurra baitira. Halako egoeran, artistikotzat jotzen diren obrez inguratuta egonik, jendearen gehiengoa -kultibatuena ere- ez da gai benetakoa faltsutik bereizteko, artearen esentzia harrapatzeko.

Baina, nola bereizi arte faltsua horrelakoa ez denetik? Bada seinale ukaezin bat, hain justu: artelan baten aurrean poz eta batasun espiritualaren sentimendua pizten badu, orduan benetako artea da. Baina barne seinale hori sentimendu estetikoarengandik bereizi behar da. Zenbat eta indartsuagoa sortzailearen eta hartzailearen arteko kutsatzea eta komunikazioa, orduan eta hobea artearen edukia.

Artea bi motatakoa izan liteke Tolstoiren aburuz: alde batetik, arte erlijiosoa, munduan den egoeraren erlijio-kontzientziatik sortzen diren sentimenduak transmititzen dituena; eta bestetik, arte unibertsala, mundu guztiarentzat ulergarri diren eguneroko sentimendu xumeenak trasmititzen dituena.

Adibideak aipatzean, Genesiko Jose eta bere anaien istorioa eta abesti herrikoiak nabarmentzen ditu, bere garaiko artisten artean gutxi batzuk baino ez ditu salbatzen, hala nola Victor Hugoren Miserableak edo Dostoiesvkyren obra batzuk, zein Jean-Francois Millet bezalako artisten pinturak; eta ez du arazorik Beethovenen Bederatzigarren sinfonia, Danteren Jainkotiar Komedia, edo Rafaelen Antzaldatzea arte kaskarraren artean sartzeko, haren ustez ez baitute sentimendu erlijioso gorenik transmititzen.

Artea sentimendu baten unibertsaltasuna izan beharko da soil-soilik, eta laburtasunak, argitasunak eta erraztasunak ezaugarrituko du. Baldintza horiek betetzean bakarrik utziko dio gizakiak oharkabetu eta usteltzeari, eta izan behar duen hori bihurtuko da artea: "Kristau erlijio-kontzientzia arrazoiaren eta adimenaren esparrutik sentimenduarenera transferitzeko bitarteko bat, modu horretan gizakiak praktikan, bizitza berean, erlijio kontzientziak erakutsitako perfekzio eta batasunera hurbilduz".

Harkaitz Canoren ustez, Tolstoik zioen guztia egun ez da aplikagarria, baina gustatzen zaio arteari halako "langa altu" bat -moralki eta estetikoki konprometitua- jartzen zion norbaiten iritziak irakurtzea, eta haren ustez originaltasunaren gaineko ikuskera zorrotzegia izan arren, erabateko gaurkotasuna du beste hainbat kontutan, hala nola, "berak arte faltsua deitzen dion horretan, nola mundu emozionala oso manipulagarria den artistikoki balio gehiegirik ez duten amarruen bidez".

Egiaz, Tolstoiren testuan gogoeta zintzoak eta gehienetan zuhurrak aurkitzen ditugu, eta eskertzekoak dira halakoak. Gainera, Gorrotxategik seinalatu bezala, Tolstoi ez da arteaz bakarrik ari, bizitzaz ere ari da, eta haren kezkak gaurkoak ere badira, gizakiak elkarrekin ondo konpontzea, alegia.

Artearen auziak Liburuaren bukaeran, Zer da artea? testua modu bikainean borobiltzen duen Cano, Atxaga eta Egañaren arteko solasaldiaren transkripzioaren bidez, irakurleak Tolstoiren saiakeraren gainean egindako hausnarketa pertsonalak ikuspegi ezberdinekin osatu eta aberasten du. Bertan obra bere testuinguruan kokatzearen garrantziaz, idazle errusiarraren zorroztasunaz eta ekarpenez -esaterako, ordura arte haintzat hartu ez diren aspektuei (hala nola, kantak, objektuak) garrantzia ematea, edota arteari eskatzen dion sinzeridade eta argitasuna-, zein arazoez -haren ikuskera murritza eta estua, eta artearen edukian morala aurretik jartzea desgaraian dagoela-, eta batez ere gaur egun zer pentsatua ematen duten auziez hitz egiten da, besteak beste, gustuak bideratzen dituzten eliteez, kanon artistikoen oinarri faltaz eta horien onarpenaz, artearen efektismoaz, gizartearen -eta hortaz artearen- ustelkeriaz, masifikazio eta banalizazioaren indarraz, sortzaileen paperaz, zein arte plastikoen eta hizkuntza erabiltzen duten arteen ezberdintasunez, besteak beste.

Agertzen dituen iritzi polemikoen gaurkotasun eta argitasunagatik artearen teoriaren esparruan klasiko bihurtu den Tolstoiren Zer da artea? euskaraz izatea, euskal kulturako pertsonaia erreferenteek hura abiapuntu hartuta egindako hausnarketek lagunduta, txalotzeko gertakizuna dugu, eta duda barik, gurera kulturaz eta arteaz eztabaidatzeko beste ahots berri eta singularra -inspiratzailea eta zirikatzailea- ekartzera dator.

XIX. mendeko testua izan arren, Tolstoiren hainbat esalditan gaurkotasun handiko ideiak aurkitzen ditugu, garaiko eta egungo artearen egoeraz hausnartzera gonbidatzen gaituztenak, esaterako: "Nahikoa da gure gizartearen goi-klaseak artearen esparruan sortzen den edozein erokeria berri onartzea, hura azaldu eta balioetsiko duen teoria bat itxuratzeko; aurrez gizarte talde esklusibo batzuk inongo arrastorik utzi ez duen eta guztiz ahazturik geratu den arte faltsu, itxuragabe bat onartu eta onetsi duten garai historikorik izan ez balitz bezala".