Azkenaldian antzerki dexente ikusi dut: herri txikietan eta hiriburuetan, gaztetxe, antzoki zein kalean, merke eta garesti, handi nahiz txiki, moderno ala tradizional, komertzial edo abangoardiako. Eta gogoeta batzuk egiten hasi naiz. Gure antzerkiak nolakoa izan beharko lukeen, ez dakit inoiz plangintzarik egin den, egin litekeen edo komeni ote den ere. Beharbada 80ko hamarkada hasieran izan zen halako zerbait, Donostian Antzerti eskola sortu zenean aktoreen formaziorako, hango ikasleei soldatatxo bat ere ordainduz, ez ordura arte ez geroztik ikusi ez den kontua, euskal aktore plantel on bat sortzeari garrantzia ematen zi-tzaion seinale.
Ramon Labaienen buruan antzerki nazional bat sortzea egongo zela imajinatzen dut; eskola haren diseinurako katalanak kontratatzea ere ez zen kasualitatea izango. Hango ereduaren aplikazioan herren egin genuela esango nuke ordea. Adibidez: talde katalan puntakoek obraren esplotazioa katalanez eta espainolez egin ohi dute: Katalunian katalanez prestatu eta egin, hasieran, eta hangoa amaituta gaztelaniaz, Espainiarako. Hemen, berriz, obrak gaztelaniaz pentsatu, hautatu eta landu ohi genituen, eta horren ondoren bigarren mailako bertsio euskalduna prestatu, "elebitasunaren" izenean. Gure egoera demografiko eta soziolinguistikoak bultza-tzen gintuen horretara, bistan da, eta ez zen izango erraza bestelako bide bat hautatzea, profesionaltasuna lehenengo esijentziatzat hartuz gero (garai urrun hartan, Maskarada izan zen salbuespena, eta aparteko bide horri eutsi diote geroztik Mikel Martinez eta Patxo Telleriak). Alabaina, hautu hark hainbat ondorio oker ekarri zizkigun, hala nola euskararen izaera menpeko, baztergarri eta marjinala azpimarratzea, nahiz eta euskarazko bertsio horiek txukunagoak bihurtu diren urteekin. Pentsatzen jartzen bagara, gauza bera gertatu zen hamarkada hartan zinemarekin: Antxon Ezeizaren Ikusken eta zinema nazional euskaldunaren proiektua baztertuta, cine vascoaren eredua inposatu zen: Akelarre, La muerte de Mikel, Tasio, Vacas? eta gogoratzea merezi ez duten pelikula txar pila.
Hizkuntzarena ez da ondorio bakarra: funtzionamendu mota horrek Espainia erreferentzia ezinbesteko, etengabe eta ia bakartzat hartzera eraman gaitu: obrak hautatzean, idazleak bila-tzean, zuzendari edo aktoreak gonbidatzean, ikastaroak egitean, koprodukziorako lankideak topatzean? Ez pentsa bide makur horren alde politikoa salatzen nabilenik: hori ere bai, noski, baina artea eta kultura sortzen ari bagara, dramaturgia propio bat asmatzeko anbizioa izan behar genuke: bai antzezlanak idaztean, bai hortik ikuskizunak muntatu eta zuzentzean, bai aktoreen estiloa zertzean. Orain arte, ia hutsaren hurrengoa da bide horretan aurreratu duguna. Hemendik aurrera?
Ez da erraza izango, ez erabakiak hartzean, ez gauzatzerakoan, baina gero eta garbiago daukat antzerki nazional eta beraz euskaldun bat dela geure burua espresatzeko ez ezik, artistikoki interesgarria izango den zerbait aportatzeko modu bakarra. Bide horretan, euskarak izan beharko du lanerako eta harremanetarako hizkuntza bakar edo nagusia; antzerki amateurra eta profesionala, biak hartu kontuan; Iparraldekoek eta Hegoaldekoek elkarren ezagutza landu eta lankidetzan ere saiatu; telebistako eskemak kopia-tzeari uko egin, abangoardia eta tradizioa uztartu, ikusleen formazioa landu? Gauza askotxo agian, baina jar gaitezen abian.