Orain dela aste pare bat izan zen: uda amaierako nagikeria goxoan, ETB-2n arratsaldeetan ematen duten western horietako bat erdi ikusten erdi siestan nengoen, sofan etzanda. Ez galdetu pelikularen izenburua, ahaztua baitut; zuek imajinatu, ez zen hura baina, Haizeak eramana zela; sezesio gerrakoa zen behintzat.
Hura ikusten nengoela, bada, pentsatu nuen estatubatuarrek beren gerra zibil hartaz kontakizun bateratu bat egitea erabaki zutela, nolabait ere konsensuzkoa, denak konforme uzteko modukoa: iparraldeko yankiek zeukaten arrazoi historikoa esklabotzaren abolizioaren defentsan eta haiek zuten halaber progresoaren eta diruaren ahala; hegoaldeko federatuei, berriz, ideietan oker egon arren, beren tradizioei loturik iraun nahi duenaren noblezia eta jatortasuna aitortzen zaie, baita galtzailearen duintasun estetikoa ere.
Erretratu hori zenbateraino den errealitateari atxikia historialariek esan beharko dute, baina konstatazio bat da ez dela beti bilatzen ikuspegi komun hori. Esate baterako, adibide zinematografikoekin segituta, Donostian estreinatu berri da La voz dormida, Dulce Chacónen nobelan oinarrituta Benito Zambranok zuzendua; eta, horren harira ohartu naiz, frankismoak gauzak bere erara kontatzeko monopolioa izan ondoren lau hamarkadetan, antifrankistek beste bertsio bat kontatu nahi izan dutela azken 35 urtean, estalita egondako egia; erregimen zaharraren ondorengoek, berriz, nahiago hura ahantzarazi, kontu zaharra delakoan.
Eta gure artean zer? Armak, itxura denez, betiko isiltzera doazen une honetan, garbi dago hemen ez dela, Ameriketako Estatu Batuetan bezala, adostasunezko kontakizunik bilatuko. Ez dakit hori desiragarria edo komenigarria ote den, baina komunikabide eta alderdi nagusien jarduera ikusita bistan da ez dela posible, gau eta egun ari baitira esaten borroka honetan irabazle eta galtzaileak egon direla, egon behar dutela, eta horren arabera agertu behar dela nor izan diren auzi honetan onak eta nor gaiztoak azken 30 edo 50 urteetan, erdibiderik eta interpretaziorako tarterik gabe (bide batez, eskema horrekin funtzionatzen duenak argi dago ez duela bakea bilatzen, garaipena baizik). Beraz, frankismoaren eredua ezarri nahi dute, nahitaez: gerraren amaieran, irabazleak idazten du historia eta errepikarazten du eskoletan, liburuetan, zinema-aretoetan...
Hala izango ote den ikusteko dago, hala ere: gatazka armatua nork irabazi duen ez dago eztabaidatu beharrik, agerian dago edonorentzat (eta aurreikustekoa zen duela hogei urtetik gutxienez, batzuk itsu egon arren); bizirik iraun nahi duen herriak hor segitzen du, ordea, eta borroka politikoa luzerako daukagu; kontakizun historikoaren nolakoa, batetik, borroka horren emaitzak baldintzatuko du, baina, bestetik, eztabaida ideologikoa bera izango da lehia politikoa jokatuko den lubaki nagusietakoa.
Eta egoera honetan, zer egin behar du sortzaileak? Ni ez naiz nor errezetak emateko, bakoitzak du bere fedea eta eliza. Garai eta leku guztietan bezala, gurean badira eta izango boterearen nahietara makurtuko direnak, baita ideologiaren mene-koegi bihurtuta bere sorkuntza guztiz antzutzen dutenak ere. Bere lanean sinesten duen artistak, aldiz, barrura begiratu behar luke eta kontzien-tziaren aginduari segi. Bere egia zintzo kontatzen duenak bakarrik egingo baitu egiazko artea.