Eusko Legebiltzarrak, Vital Fundazioak eta Artium Museoak, Basterretxea urratsez urrats bisita gidatuen programa abian jarri dute, herritarrei XX. mendearen bigarren erdiko euskal artearen funtsezko figura baten nortasunean eta ekoizpenean sakondu ahal izateko aukera eskaintzeko.

Hala, atzo antolatzaileek azaldu zutenez, udazken honetan, herritarrek Néstor Basterretxearen lana eta figura ezagutu ahal izango dituzte, eta artista horrek garrantzi handia hartuko du hirian, izaera eta jatorri desberdineko hiru erakusketa-proposamen aldi berean egingo baitira. Eusko Legebiltzarraren Izaro-Nestor Basterretxea erakusketa da, eta bere ikur instituzionalaren sor-tzailea gogorarazten du: Nestor Basterretxea, Vital Fundazioak artistaren familiarekin batera antolatua; eta Zeru bat, hamaika bide, Artium Museoaren erakusketa, non Basterretxearen presentzia bereziki nabaria den. Bisita gidatuek ordu eta erdiko iraupena izango dute eta oinez egingo dira, Eusko Legebiltzarrean hasita eta Artium Museoan amaituko dute. Basterretxea urratsez urrats ibilbideak hiru erakusketak uztartuko ditu Gasteiz zeharkatuz eta Eusko Legebiltzarra, Vital Fundazioaren Erakusketa Zentroa eta Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa-Artium Museoa lotuz. Ibilbideak aurtengo udazkenean gauzatuko dira, larunbatean hasita abenduaren 8ra arte, larunbat, igande, jai-egun eta zubi-egunetan. Doakoak izango dira eta bi bisita egingo dira eguneko, 11:00etan (gaztelaniaz) eta 11:30ean (euskaraz). Izen ematea bisita bezperako 19:00ak arte egin ahal izango da, Artium Museoaren 945 209 020 telefonoan edo eta Museoaren txartel- leihatiletan.