- Familian jolastea, Euskal Herriko joko tradizionalak sustatzea eta aisialdian ere euskararen erabilera indartzea. Oihaneder Euskararen Etxeak Dona Dona Katona programa abian jartzen jarraitzen du, beste edizio bat. Joan den hilabetean hasi ziren etxeko txikienentzako tailerrak egiten, baina urrian ere tailer desberdinak antolatu dituzte.

DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkarian Uxue Ruiz de Arkaute talde eta antolatzaileko kideak azaldu duenez, hiru tailer eskainiko ditu udazken honetan Dona Dona Katonak. Lehen tailerra ostegunean izango da eta helburua lapbook formatuan liburu bat sortzea izango da, modu dinamiko, interaktibo eta sortzailean. Bigarren tailerra hilaren 22an izango da, 6 eta 10 urte bitarteko gazteentzat eta haien familientzat. Saio honetan hainbat osagarri zaintzeko aukera izango dute. Azken saioa hilaren bukaeran egingo da, 29an hain zuzen. Oraingo honetan, hiru eta bost urte bitarteko umeei zuzenduta egongo da tailerra, eta munduko hainbat jolas ezagutzeko aukera izango dute. Lantegi guzti hauetan familia giroan elkarrekin jolas egiteko parada izango dute, eta aldi berean, gurasoen eta seme-alaben artean euskararen erabilera sustatzeko espazioak sortzeko balio dute.

"Lapbook-a, azal-hegal, joku hezigarriak, marrazkiak, irudiak, liburuxkak eta paper-mekanismoak dituen zabalgarria den liburu bat da", azaltzen du Uxue Ruiz de Arkautek. Hau da, tailer hau gai edo kontzeptu bat garatzeko modu kreatibo, dinamiko eta interaktiboa da. Paper-mekanismoak eta azal-hegalak egiteko material desberdinak erabiliko dira: kartulinak, oihalak, paper desberdinak, belkroa... eta hortik abiatuta parte-hartzaileek aukeratzen duten gaia erabiliz beraien lapbook-a sortuko dute. Arima Cool Tourrek eskainiko du tailer hori. "Kalitatezko tailerrak eskaintzen dituzte, gaia eta metodologia familien profilera egokituz", azaldu du. Izan ere, gaur egun 350 lantegi inguru daude hainbat talderentzat, hala nola, familientzat eta gazteentzat. Bere dinamiken artean ere helburu desberdinak dituzte, baina horietako askotan euskararen erabilera indartzea lantzen dute, antolatzaileak azaltzen duenez. Lapbook-en tailer hau bereziki hamar urtetik gorako haurrentzat da. Hilaren 22an egingo den kustomizazio saioan, parte-hartzaileek arropa edo osagarriak, karpetak, agendak edo hainbat materialez egindako liburuak pertsonalizatzeko aukera izango dute. Parte-hartzaile bakoitzak lantegira eraman beharko du kustomizatu nahi duena. Hala ere, osagarri horiek apaindu eta pertsonalizatzeko erabiliko den materiala erakundeak jarriko du. Tailer hau Arrasateko Txatxilipurdi elkarteko kideek gidatuko dute. "1988. urtean hasi ziren udaleku irekiak antolatzen eta ordutik makina bat egitasmo egin dituzte euskaratik eta euskaraz, haur eta gazteen aisia gozagai bihurtzeko eta balio hezitzaileak zabaltzeko", azaldu dute Oihaneder Euskararen Etxetik. Tailerra arratsaldeko bost eta erdietan hasiko da.

Azkenik, hirugarren tailerra etxeko txikienentzat da. Hiru eta bost urte bitarteko haur guztiek parte har dezakete heldu batekin. Azken tailer honen helburua munduko hainbat joko eta eskulan ezagutu eta probatzea da. Arrasateko Txatxilipurdi elkarteko kideek dinamizatuko dute tailerra. Bigarren tailerra bezala, arratsaldeko bost eta erdietan ere egingo da.

Lantegi horien guztien helburua sinplea da. Ondo pasatzea, familian jolastea, seme-alabei denbora eskaintzea eta, gainera, euskararen erabilera sustatzea. Horrez gain, Uxue Ruiz de Arkautek dioenez, beste helburuetako bat Euskal Herriko joko tradizionalenak ezagutaraztea da. Lantegi horietan izena emateko baldintza gutxi daude, horietako bakoitzean eskatzen den adina kontuan hartzeaz gain. Baina erakundearentzat baldintza garrantzitsu bat dago. Euskaraz hitz egitea ahal den neurrian. "Garrantzitsua da parte hartzaileek, gurasoen eta seme-alaben artean, euskaraz hitz egitea. Izan ere, tailer horien helburuetako bat da, hain zuzen ere, euskararen erabilera sustatzea aisialdian eta herritarrak gehiago hitz egitera bultzatzea", dio. Eta erantsi egiten du: "Hala ere, orain euskara ikasten ari diren gurasoek izena eman dezakete. Ahal duten guztia euskaraz egiteko eskatuko diegu". Hiru tailer horietan izena emateko, Oihaneder Euskararen Etxeak hainbat aukera eskaintzen ditu. Bibe plataforman izena ematea, telefonoz eskatuta (615.986.832), 10:00etatik 12:00etara edota oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita. Jarduerara hamar minutu lehenago joatea gomendatzen da eta jarduerak doakoak dira, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak aurrez eskuratu beharko dira Oihanederren webgunean; horretarako emanaldia baino astebete lehenago irekiko da aukera, eta hasi baino ordubete lehenago itxiko.

Udazken honetan Dona Dona Katona zikloak hiru lantegi eskainiko ditu etxeko txiki eta gaztetxoentzat

Familia giroan jolas egiteko parada izango dute, eta euskararen erabilera sustatzeko espazioak sortzeko balio dute