aider Oleagaren Kuartk Valley dokumentalak beste film bati buruz hitz egiten du, lehen euskal westernari buruz, hain zuzen ere; balentria hark herri oso bat inplikatu zuen, eta zinemak kontatzea merezi zuelako egin omen du.

Film amateur haren izenburua da Algo más que morir, eta cowboy izpiritua zuen Arabako Kuartango herri txikiko bizilagun batek mendebaldeko film bat egiteko egindako ahaleginaren emaitza izan zen. Oleagak 2018an eta 2019an grabatutako “filma nola egin zen” partikularra gaur estreinatuko dute Zinemaldiko Zinemira sailean.

Bertan kontatzen du nola hartu zuen Jose Luis Murgak bere gain, Oier Martinez de Santos lagunarekin batera, Algo más que morir pelikularen zuzendaritza. Gainerako kredituetan ehundik gora bizilagun agertzen dira, 2007 inguruan hasi eta hainbat urtez luzatu zen abenturan parte hartu zuten bidaia-lagunak.

“Istorio liluragarria da, ia inork ezagutzen ez duena eta pena handia ematen zidan”, dio Maider Oleagak (Bilbo, 1976). Aipatu duenez, Algo más que morir 2014an modu pribatuan estreinatu omen zen Gasteizko Florida zinema aretoetan, banatzailerik ez zuelako. Urte hartan bertan, Epaimahaiaren Saria eta Almeria Collection aipamen berezia irabazi zituen Almeria Western Film Festivalean.

Murga bera da protagonista, Dick Murray pistolariarena egiten. Filmaren hasieran, zaldi gainean agertzen da, paisaia ikusgarri baten aurrean. Genero horretako ohiko soinu-banden doinu nahasezinak ere entzungai daude filmean zehar.

Horiexek dira Kuartk Valley dokumentalean agertzen diren filmeko irudi bakarrak, Oleagaren asmoa ez baita izan Algo más que morir disekzionatzea, haren filmaketa prozesua erakustea baizik; izan ere, balentria hura egin ahal izateko, cowboyen herri bat ere eraiki baitzuten Arabar bailara ezkutu hartako lursail batean.

“Filma nola egin zen kontatzea zen helburua, hura ikusteko gogoa eta grina sustatzeko”, adierazi du zuzendari bilbotarrak. Grabaketatik gordeta zeuden hartualdi faltsu ugari digitalizatzeko aukera izan du, making off haren artxiboko bitxi paregabeak direnak.

Harrigarria da oso egitasmo hartan hainbeste jendek parte hartu izana; inguruko herri guztien artean 400 biztanle eskas dituen bailaran hainbeste lagun antzezteko eskaini izana... Sally, Lilian Anderson, Red Cooper edo Miller sheriffaren azalean jartzea, hainbat etenaldi izan zituen filmaketa hartan.

“Kuartangoko jendea halakoxea da. Nire irudipena da, baina esango nuke, ametsa zenbat eta eroagoa izan, orduan eta laguntzeko prestuago zeudela “, adierazi du zuzendariak.

Oleagaren iritziz, proiektua ez jausteko arrazoietako bat, bi zuzendari egotea izan zen. “Bati hatsa agortzen zitzaionean, bestea ondoan izaten zuen bultza egiteko”, dio.

“Badu zerikusia, gainera, belaunaldi batzuentzat, nirea barne, westernek utzitako arrastoarekin. Akaso, beste pelikula bat egiteko ere lagunduko zuten, baina westerna izanik, cowboy izatera jolastea zekarren horrek, eta hori oso erakargarria zen askorentzat. Eta beste asko, adiskidetasunak ekarriko zituen, laguntze hutsagatik “, gaineratu du.

Zinemagileak berak mendebaldeko pelikula kutsua eman nahi izan dio dokumentalari, formalki “oihartzun horiek” izatea nahi zuelako, ez baitzuen ohiko “nola egin zen” bat egin nahi. Halaber, Kuartangon zegoelarik jabetu zen han paisaiak duen “garrantziaz”, “westernetan bezalaxe”, eta horregatik erabaki zuen udalerria bera ere “pertsonaia bat” izango zela.

“Ikaragarri gozatu dut. Ekoizpen eta dokumentazio prozesuan, bizitza osoan baino western gehiago ikusi ditut, txikitan oso zalea nintzela kontuan izanik “, esan du zuzendariak. Cowboyen film klasikoen jarraitzailea dela ere aitortu du, bere kuttunenak “ John Forden edozein”, eta orain, arabar cowboyaren gustukoenak ziren spaghetti westernak ere maite omen ditu. “Ederki pasa nuen Sergio Leonerenak ikusten”, aipatu du amaitzeko.

“Filma nola egin zen kontatzea zen helburua, hura ikusteko gogoa eta grina sustatzeko”

‘Kuartk Valley’ zuzendaria