- Gazteak Zulora eztabaida saio berria estreinatuko du irailaren 30ean, Gaztearen Youtubeko kanalean eta eitb.eus-en. Ane Zuazubiskar kazetariak aurkeztuta eta Hiru Damatxok ekoiztutako proiektu digitalak bogan dauden gaiei buruzko zeresana duten hiru gazte elkartuko ditu, kezkak, galderak, hausnarketak zein bizipenak konpartitzeko. Lehen denboraldiak sei atal izango ditu eta atal berriak bi asterik behin izango dira. Gainera, saioa entzun nahi duenak EITBPodkasten entzuteko aukera izango du eta edukiak sare sozialetan zabalduko dira.

Zulora proiektuaren muina solasaldia izango bada ere, saioak ondorengo atalak izango ditu: Zulotik at (Julen Portillo tiktoker eta umoregileak saioan jorratzen diren gaiei buruz arituko da kaletik), Hesteetatik larri (gaiari lotutako animazio esketx laburra) eta Bota! (landuko den gaiari buruzko aditu baten ikuspuntua). Atal bakoitzak 30 minutu inguruko iraupena izango du.

Lehen atala irailaren 30ean izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera. Matxismoa sarean titulupean, Maialen Arteaga kazetaria, Marina Landa musikari eta ikerlaria eta Irati Erauskin psikologoa emakume gazteek sare sozialetan sufritzen dituzten jarrera matxistez arituko dira. Aditu gisa, Estibaliz Linares ikerlaria izango dute gonbidatu.