- Beñat Oribe eta Gari Uriarte haurtzaroko lagunak, musikariak eta lankideak dira. Duela bi urte sortu zuten Dupla musika taldea, eta, ordutik, gogo biziz borrokatzen dira beren pasiotik bizitzeko. Lortu dute. Musika talde honek kontzertua eskainiko du gaur Oihaneder Euskararen Etxean arratsaldeko zortzietan. Dupla nekazal ingurune baten musika urbanoa egiten duen taldea da. Hitz esplizituak erabilita, ikutu elektronikoa zein hip-hop-a nahasten dituen pop musika da beraien marka. Aguraineko bikote honek, hilean behin ateratzen zituzten ikus-entzunezko kapituluak Youtuben partekatuz, beraien lehenengo EP-a egiten hasi ziren 2018ko neguan. Zuzenekoetan, ahotsa zein bateria, elektronikaren indarrarekin nahasi eta antzerkiaren antza duen espektakulu bisuala sortzen dute.

Ordu gutxiren buruan kontzertu bat eskainiko duzue Oihanederren, pixkanaka kultur programazioa suspertzen hasi da berriro ere.

-Bai, eta berri ona da hori. Guk aspalditik prestatu dugu kontzertu hau. Ordubete inguru joko dugu, 14 abestirekin. Gogo handia dugu, gure abestien remix ere eskainiko ditugu; oso pozik gaude.

Zaila izan da programazio hori sortzea covid garaian?

-Zaila da, baina moldatzen gara. Jendea beldurrez dabil gaur kontzertu bat genuen Villabonan, eta azken unean bertan behera utzi dute, gorabeheraren batengatik. Gauza hauek gertatzen dira, baina moldatzen saiatzen gara.

Nola bizi izan zenuten konfinamendua?

-Denak bezala, arraro samarra. Musika-talde gisa, kontzertu asko genituen, ia denak bertan behera geratu ziren. Baina, beno, gainerako gizarteak bezala bizi izan dugu, une txarra eta arraroa izan da guztiontzat. Espero dut hori laster amaitzea, baina moldatzen gara, daukagun lanarekin zoriontsu gara, gehiago dator? Ederto, baina pozik gaude.

Orain, zuen disko berrian murgilduta zaudete. Konfinamenduan hasi zenuten lan hori?

-Bai, oraintxe ari gara disko berrian lanean, baina ez zen konfinamenduan jaio, lan hau aurten hasi dugu. Konfinamenduan ez genuen ezer egin, taldea gelditu genuen. Hori bai, kontuan hartu behar da musikariak, beti ari garela kantatzen edo grabatzen, baina ez lanean, dibertimenduan baizik. Nik ez dut play stationik; ordenagailua, pianoa eta gitarra nire lana eta pasioak dira. Ez da erraza, baina izugarri gustatzen zait.

Jotzen dituzuen abestiak, nork sortzen ditu bietatik?

-Beñat eta biok idatzi eta konposatzen ditugu abesti guztiak. Biok Dupla Talde gisa sinatzen ditugu, nahiz eta bat nik edo berak sortu. Izan ere, abesti bakoitzak historia bat du, eta bere prozesua. Ez zaigu gustatzen abesti bakoitzean prozesu bera partekatzea; gauza asko egiten ditugu bion artean, batzuetan batek konposatu egiten du eta besteak azken ukituak egiten ditu, beste batzuetan alderantziz. Ez dugu prozesu jakin bat jarraitzen.

Gaurkotasuneko gaiak, gazteenak... zuen abestiek zuen esperientziei buruz hitz egiten dute?

-Normalean bai. Baina gure abestietan era guztietako istorioak sortzen ditugu. 27 urteko bi gazte gara, eta gure abestietan gazteen prekarietateaz hitz egitea gustatzen zaigu, baina baita maitasunean eta desiretan izandako esperientziez ere, eta bizilagunengandik ikusten ditugun pasadizoak ere kontatzen ditugu. Beste batzuetan bai, gure esperientzietan jartzen dugu arreta.

Zure bizitza pertsonalean, zein musika-motak inspiratzen zaitu?

-Egia esaten badizut, bizitza pertsonalean denetarik entzutea gustatzen zait. Aitortu behar dut Dupla sortu dugunetik oso adi nagoela musika nobedade guztiez, eta talde batzuei jarraitzen diet. Baina, nire egunerokoan eta bizitza pertsonalean, asko disfrutatzen dut musikarekin; denetarik entzuten dut. Uste dut gauza bera gertatzen zaiola Beñati. Txikitatik lagunak gara, eta izugarri gustatzen zaigu musika; horregatik erabaki genuen musika-talde bat sortzea.

Hain zuzen, duela bi urte hartu zenuten erabaki hori, eta, bide horretan, pandemiak eragindako geldialdia bizi izan duzue. Zer balorazio egiten duzu Dupla Taldea sortu zenuenetik bi urte hauei buruz?

-Hori da, hain zuzen, 2019an sortu genuen taldea, eta bi urte hauetan oso balorazio positiboa egin dut; oso pozik eta oso gustura egin dugu lan beti. Egia esan, zorte handia izan dugula uste dut; jendea kontzertuetara etortzen da, lana izaten jarraitu dugu nahiz eta koronabirusa egon, eta pandemiaren hasieran ere lana izan genuen. Ezin gara kexatu. Atsegin dugunaz gozatu eta bizi gara. Oraindik ez gara normaltasunera itzuli, baina uste dut inork ez duela egin. Baina ez gara kexatzen. Orain Euskal Herrian bakarrik jardun behar badugu, edo edukiera mugatua, edo murrizketak bete behar ditugu, jendea eserita egon behar da kontzertuetaz gozatu ahal izateko..., baina, hala ere, gure lanaz gozatzen jarraitzen dugu. Zoriontsu gaude eta zorionekoak gara Duplan lan egin ahal izateagatik.