andemiak kolpe gogorra eman ondoren, kultura sustatu eta bultzatzea, eta euskararen erabilerari indarra ematea. Helburu horiekin, Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak TopAraba jarri zuten abian lehen aldiz. Kultura diziplina ezberdinetako norbanako sortzaile arabarrei zuzendutako proposamena da, eta euskarazko kultura sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea izan ditu helburu. DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkariak bi talde irabazleekin hitz egin du, haien proposamenak xehetasunez ezagutzeko eta proiektu pertsonaletan nola eboluzionatzen duten jakiteko.

Horrela, egitasmoak otsailaren 27an eman zituen bere lehen pausoak Oihanederren egin zen egun osoko topaketan. Bertatik, alde batetik, Mamiak kolektiboa sortu zen. Kolektibo hau Ogiak hizketan baleki proposamena garatzeko sortu da, eta diziplina ezberdinetako sei sortzailez osatuta dago: Marina Suarez (zuzendari eszenikoa), Irantzu Lekue (arte zuzendaria), Josune Velez de Mendizabal (aktorea), Edu Zelaieta (gidoilaria), Ander Gondra (ikerketa historikoa) eta Txema Ramirez de la Piscina (komunikazio arduraduna). Bestetik, Benniz proiektuaren inguruan Beñat Goitia eta Anne Baskaran batu dira. Elkarlan honen kasuan, TopAraba egitasmoaren jardunaldietan ernaltzen hasi bazen ere, 2020ko urtarrila du abiapuntutzat, orduan utzi baitzuen Beñatek Montauk musika taldearen proiektua eta orduan ekin baitzion musika eta tresna elektroniko bitarteko bideari.

"Benizz konfinamenduaren ondorioetako bat da. Etxeratu aurreko azken urtean zehar, nire erreferente musikalak aldatzen joan ziren, The Blaze, HVOB eta Yung Beef ezagututa. Montauk-en inguruan zalantzak sortu eta etxean egon ginen hilabeteetan Benizz sortu nuen. Bizitzan lehenengo aldiz nahi nuena egiteko denbora izan nuen eta hori, nire kasuan, musika egitea da. Egunerokoan xurgatzen gaituen bizitza hau gelditu zen, asko sufritu nuen, asko ikasi nuen, baina emaitza Benizz da, desinhibiziorako bide bat", kontatzen du Beñatek Benniz proiektuaren gainean.

Geroago, bere proiektua garatzen ari zela, TopArabara aurkeztea erabaki zuen, bere musika aurkezteko, Euskal Herriko kulturaren sustatzaile gisa, eta irabazi egin zuen. "Badakit nondik natorren, ezagutzen dut gure identitatearen, gure kulturaren, gure kantagintzaren tradizioa, baina bide berrietara joan nahi dut. Euskal Herrian berritasunaren beldur bizi gara, eroso bizi gara iraganera begira eta oraindik ere 80. hamarkadako formulak errepikatzen jarraitzen dugu (kantautore konbentzionalak eta pop erromeriak)", esan eta gaineratzen du: "Oso eroso bizi dira asko eta asko parametro horietan, baina asperdura eragiten dute. Gure zilborra begiratzeari utzi eta inertziak hausten hasi behar dugu". Eta anbizio, lan eta ahalegin horretan Anne Baskaranekin bat egitea erabaki zuen, eta, orain, grinaz eta dedikazioz ari dira lanean, urrirako, gutxi gorabehera, amaitu beharko duten proiektuan. Egun sare sozialak dira gazteon eguneroko bizitza. Musika sare sozialetan hedatzen da, eta bertan irudia da nagusi. Beraz, elementu bereizi ezinak dira. Zer janzten duzun, nola mugitzen zaren... musikaren parte da. Eta hor sortzen da Anne Baskaranekiko elkarlana. Hainbat filmazio egingo ditugu Annerekin eta zuzenekoan atrezzoaren parte izango dira", nabarmendu du. "TopArabarako diseinatutako aurkezpena urri ingururako prest egongo da. Horren ostean, lanean segituko dut, proiektua bide berrietatik handitzen joateko".

Mamiak kolektiboa da bere proiektuan lanean jarraitzen duen bigarren taldea. Koordinazioarekin, ilusioarekin, gogoarekin eta grinarekin, sei kide horiek Ogiak hizketan baleki lanean dihardute egunero. Proiektu hori hiri okupatuaren kronika bat da: 15-20 minutu inguruko proposamen eszenikoa planteatzen da. Egitasmo honek Gasteizko historiaren baitan ahaztuta dauden zenbait pasadizo berreskuratu nahi ditu. Trama lehen karlistaldian dago kokatuta; bost hilabetetan, 1835eko abendutik 1836ko apirilera bitartean, hain zuzen ere. Gasteiz hiri okupatua zen. Tropa liberalekin batera borrokatzeko hainbat tokitatik etorritako 20.000 soldadu zeuden Arabako hiriburuan. Tiro hots gutxi entzun arren, hildakoak 1.200etik gora izatera iritsi ziren. Zer gertatu zen negu hotz eta hits hartan? Proposamen honek, nolabait, garai hartako giroa birsortzen du, orduko intrahistorian murgiltzen da eta, horretarako, bitarteko berritzaile bat erabiltzen du: Argentinan berriki sortutako kazetaritza performatikoa; hau da, ikerketa kazetaritza eta arte eszenikoak zeharkatzen dituen artefaktu kulturala. "Antzezlan honek beste proiektu osatuago baten parte izan nahi du. Taldearen asmoa obra luzeago bat, antzoki batean, egitea da eta, aire librean, beste performance txiki bat ere egitea. Baina, hori guztia, geroago izango litzateke eta deialdi honetatik at geratzen da, finantzazioa lortu arte", azaltzen dute taldeko kideek. "Egia da dagoeneko fase batzuk bete ditugula; hala ere, lana sortzen ari gara oraindik ere. Kontuan hartu behar da, eta hau askotan aipatzen ez den alderdi garrantzitsua da, lehenik eta behin elkarren ezagutza minimo bat ezinbestekoa dela, geroagoko elkarlana emankorra izango bada: bakoitza nondik datorren; lan egiteko metodo ezberdinak nola uztartu; kide bakoitzaren espektatibak eta zirkunstantziak... Beraz, gure hiriaren kronika plazaratzeko, Mamiak kolektiboaren barne-kronika bat ere badago aurretik", azaltzen du Eduk. "Bost diziplina desberdin —arte eszenikoak, artibismoa, literatura, historia eta kazetaritza— eta sei sortzaile elkartu gara egitasmo honetan. Ibilbide zabaleko eta belaunaldi desberdineko sortzaileak gara. Esperientzia zabala dugu kultur ekimenetan, arte eszenikoetan, gertakizun historikoen peskizan eta dibulgazioan, erakusketen antolakuntzan, kazetaritzaren munduan eta ikerkuntza akademikoan ere...", erantzuten du Josunek.

Proiektu hori lantzea, gidoia sortuz, martxan jarriz, taldeko kide guztiak ondo ezagutuz eta kultura sormenez bultzatuz ez da lan erraza, baina bai atsegina talde honetako kideentzat. Oraindik lan asko dute egiteko, baina denek diote mimoz gozatzen ari direla lan horrekin. Alderdi zailak ere baditu, baina goxoenak irabazten dute: "Erronkarik handiena, agian, proiektuan bat egin duten diziplina desberdinen arteko dialogoa sortzea izan da. Hala ere, esku artean dugun historia eta dokumentazioa hain da ugaria eta erakargarria, ezen nahiko erraza izan da gure arteko puntu komunak topatzea", dio Anderrek eta gaineratzen du: "Nik esango nuke ez dugula zailtasun handirik topatu eta, hasiera-hasieratik bat egin dugula kontakizunaren elementu nagusiak detektatzerako orduan. Beharbada, eragozpen eta, aldi berean, erronkarik handiena gure istorioko protagonista nagusiaren inguruan -Josefa de Mugika¬ren inguruan, alegia- dagoen informazio urritasuna izan da. Baina horrexek ere gure irudimena lantzeko bide eman digu". "Zalantzarik gabe egitasmo berritzaile eta ausart baten partaide garela sentitzea oso polita da guretzat", erantzuten dio Irantzuk.

Polita zein zaila, proposamen honen bitartez gauza eta egoera guztiekiko begirada kritikoaren beharra azpimarratu nahi dute. "Bai duela berrehun urte hiri honetan gertatu ziren jazoera ezezagun eta lazgarriegiko, baita egun bizi dugun garaiarekiko ere. Nik lau hamarkada eman ditut komunikazioaren munduan. Lehenengo hamarkadan (80koan) kazetari moduan. Eta azken hiruretan akademiko bezala. Kazetaritza lanbide, pasioa eta sakrifizioa izan da niretzat. Betidanik azpimarratu dut kazetaritza librea izateko modu kritikoan landu behar dela; bestela ez da kazetaritza... izan daiteke propaganda, sasi-informazioa, dotrinatzea, desinformazioa, gezur biribila edo beste zerbait, nahi duzuna, baina ez kazetaritza. Benetako kazetaritza izateko librea izan behar da", erantsi du Txemak. "Fake news fenomenoa ez da gaur egungoa, aspaldikoa baizik. Horixe ere azpimarratu nahi dugu proposamen berritzaile honen bitartez".

Bi proiektu hauek garatzeko 7.500 eurotako diru-poltsa osatu da TopAraba deialdian, eta Vital Fundazioak eman duen babesa

Aurten lehenengo aldiz Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak TopAraba egitasmoa jarri dute martxan