Tradizio oso baten errepasoa

Larunbat honetan, Ibaiondoko Gizarte Etxeak Ekidako 'Manifestua' ikuskizuna aurkeztuko du arratsaldeko 19:00etan

04.06.2021 | 00:19
Lerro hauekin batera doazen irudietan, ikuskizunaren kartela eta taldea interpretazio batean. Utzita

GASTEIZ– Manifestua diziplinarteko ikuskizun bat da, literatura, musika eta eszenografia uztartzen dituena. Oinarrizko asmoa Ekida kultur ekimen sozialistaren asmoak eta ideiak aurkeztea da. Hortik izena ere: asmo batzuk aurkezten dituen agiriari esaten bazaio manifestua, eta talde honektaula gainean egin nahi izan du hori. Horregatik, kapitalismoaren krisi historikoaz eta langileen antolakuntza sozialista berrabiatzeaz hitz egin nahi dute, baita lan horretan arteak bete dezakeen paperaz ere. Ekidako Manifestua ikuskizuna iritsi da Gasteizera, larunbat honetan, 19:00etan, Ibaiondoko Gizarte Etxean.

Egoera historikoaren aurreko posizio iraultzaileaz eta arte sozialistaren eginbeharrez dihardute poemek, kantek eta testuak, oro har, testu osoak. Horrela, tradizio oso baten errepaso ere bihurtzen da ikuskizuna: emanaldietarako propio sortuez gain, tradizio sozialistari lotutako testuak eta abestiak ere badira, besteak beste. "Otsailean eman genuen Ekidaren sorreraren berri, eta bi hilabete inguru eman genituen Euskal Herriko hainbat lekutan aurkezpen-hitzaldiak egiten, gure asmoak eta proposamen politikoa zein diren zuzenean azaltzeko. Hala ere, Ekidaren asmoa kulturaren eta artearen esparruetan lan egitea denez gero, egokia iruditu zitzaigun arte-espresioen bitartez ere aurkeztea geure burua. Hortik dator Manifestua", azaldu du Paul Beitia, Ekida kultur ekimen sozialistako kideak egunkari honetan. "Esan bezala, diziplinarteko ikuskizun bat da: badira poemak, narrazioak, kantak, bertsoak... Tartekatu egiten ditugu guztiak, elkarren artean zentzu oso bat eman ahal izateko. Guztiak biltzen dituena eszenografia da, oholtza gaineko presentzia, argiztapena eta abarrak", erantsi egiten du.

Ildo horretatik jarraituz, ikuskizun hori egin ahal izateko, zortzi lagun igotzen dira agertoki gainera: hiru musikari, hiru abeslari eta bi narratzaile. Hala ere, Ekida ez da oholtza gainera igotzen den artista taldea bakarrik; parte hartzen dute lan teknikoez arduratzen direnek, antolakuntzan dabiltzanek, gidoigintzan aritu direnek ere badira. "Hain zuzen, Ekidatik egitura horiek guztiak garatu nahi ditugu, politika sozialista elikatuko duen artea garatzeko", azpimarratzen du Beitiak.

Mugimendu berria Ekidaren helburuetako bat kulturaren eta artearen esparrua ikuspegi sozialista batetik elkartzea da. Hain zuzen, Paul Beitiak dio kultura gizarte-klaseari oso lotuta dagoela, eta horregatik sustatu nahi dutela arte sozialista. Bere hitzetan, "azken urteetan Euskal Herrian garatu den mugimendu sozialistak, krisi garaiotan langileon antolakuntza iraultzailearen aldeko apustua egin duenak, hasieratik heldu izan dio nola edo hala kulturaren gaiari. Guk uste dugu kultura klaseari gero eta gehiago lotuta dagoela eta, zentzu horretan, langileok kulturalki ere bagaudela zapalduak. Horregatik egiten dugu politika sozialistaren alde, eta horregatik nahi dugu arte sozialista sustatu".

Martxoan Gasteizko EHUko campusean ospatu zen Herri Unibertsitate Nazionalean estreinatu zuten Manifestua. Herri Unibertsitatea ikasle-mugimenduak urtero antolatzen duen egitasmoa da, maila handikoa eta berritzailea. "Ederra izan zen bertan parte hartzea. Jendeak, gainera, oso gustura hartu zuen ikuskizuna. Kanpoan ere gelditu ziren batzuk, sartu ezinda!", gogoratzen du. Ikuskizun horretaz Ibaiondoko Gizarte Etxean gozatzeko, sarrerak aldez aurretik erreserbatu behar dira. Doako sarrerak dira, baina aldez aurretik izena eta abizena bidali behar dira harremanak@ekida.eus helbidera.Ikuskizun horretaz gain, talde honek bere webgunea ere jarri du martxan, ikusleak egunean izateko. "Webgune bat ere jarri dugu martxan. Bertan, hilero, askotariko edukiz osatutako sorta bat igotzen dugu: gure tesi politikoen argipenak, erreportajeak eta elkarrizketak, artikuluak eta baita arte-ekoizpena ere, literatura eta musikaren diziplinetan, batik bat".

noticias de noticiasdealava