"Nola aldatu da bizitza azkeneko 60 urteetan? Iragan hurbila urrundu egin al zaigu? Inguruko emakumeen ahotsak entzungo bagenitu, zer kontatuko lukete?". Galdera horiekin, Jone Bengoak Kabia Izan ere, datorren larunbatean Baratza aretoan ikusi ahal izango da antzerki dokumental hori, Zurrunbilo euskarazko arte eszenikoen jaialdiaren seigarren edizioaren ospakizunean, hain zuzen ere.

"Oso pozik eta ilusioz beteta nago jaialdiaren edizio berri honetan gasteiztarrei nire sorkuntza erakutsi ahal izateaz. Ilusio handia egiten dit jaialdi hau, bere esentzia asko gustatzen zaidalako", azaldu du Jone Bengoak DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkari honetan. Bere emanaldia larunbatean izango da, 19:00etan, eta Kabia aurkeztuko du, hiriko artista eta emakumeen laguntzarekin sortutako antzerki dokumentala.

Izan ere, Gasteiz helmuga bezala izan zuten emakume ezberdinen ibilbideak deseginez egungo iragan hurbilera bidaiatzen du pieza honek. Kabi bat inguruko materialekin eraikia den bezala, istorio hau bizi-esperientzia ezberdinez osatua dago. Bidai anitzen amaiera da Kabia, ahots ezberdinen etxea. "Lan honetan, txikitatik Gasteizera etorri ziren emakume askoren egoerari buruz hitz egiten dut. 12, 13 edo 14 urterekin iritsi ziren gure hirira lan egiteko asmoz. Gaur egun hori pentsaezina da, eta emakume horiei guztiei omenaldia egin nahi nien", kontatu du.

Hala, istorio eta testigantza erreal horietatik abiatuta, Jone Bengoak gogoeta egitera gonbidatzen ditu herritar guztiak, eta berak ere gogoeta egiten du iraganeko belaunaldiko aitona-amonen eta gurasoen artean haurtzaroa nola aldatu den egungo haurtzaroarekin alderatuta. Horrez gain, garai bateko eskubide eta betebeharren gaia ere jorratzen du, egungo haurtzaroan dituztenekin konparatuz.

"Nire lanean, oro har, Gasteizera garai batean iritsi ziren emakume horien esperientziak kontatzen ditut. Alde batetik, garai hartako testuingurua garatzen dut, hiriaren errealitateaz hitz egiten dut, eta immigrazioarekin eta pertsona horien guztien etorrerarekin aldatu zenaz. Bestalde, emakumeen istorio pertsonalak ere kontatzen ditut, zer lan-baldintza zituzten, nola egokitu ziren ezagutzen ez zuten lan batera, baita familia batera ere", azaldu du.

Jone Bengoa gasteiztarraren bizitza bere dokumentaleko protagonisten antzekoa da. Berak ez zuen haurtzaroan bidaiatu, baina ametsen alde borrokatzen jakin du, bere oroitzapenak eta arropak batuz eta Gasteiztik alde eginez aukera berrien eta hazkunde pertsonal eta profesionalaren bila. Izan ere, 2010ean esperientzia berriak probatzea erabaki zuen eta Madrilera joan zen aukera berrien bila.

Han bere interpretazio-konpainia sortu zuen beste hiru lagunekin batera. Eta zazpi urtez aritu ziren lanean batera, atsedenik gabe eta beraien ilusioen alde borrokatuz. "Gure konpainian sorkuntza kolektibo bat sortu genuen eta lan horrekin urteak eman genituen. Azkenean, proiektuarekin ez jarraitzea erabaki genuen, eta etxera itzultzeko, Gasteizera itzultzeko garaia zela erabaki nuen", gogoratazen du.

Eta hemen ere ez da geldirik egon. Hainbat proiektutan murgilduta egon da eta, gainera, Gasteizko Antzerki Eskolan irakaslea ere bada. "Nire lana maite dut eta etorkizunean honetatik bizitzen ikusten dut neure burua, hau da gehien gustatzen zaidana. Gasteizen ere ikusten dut nire burua", hausnartzen du.Eta lanerako grina horren ondorioz sortu da Kabia, datorren larunbatean gasteiztarren eskura egongo den antzerki dokumentala.

Jaialdiaren programa bost proposamen eszenikok eta hausnarketarako topaketa batek osatzen dute. Proposamen eszenikoez gain, Oihaneder Euskararen Etxera ere iritsiko da Zurrunbilo. Larunbatean egingo da, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30etara, profesionalei eta interesdunei zuzendutako topaketa formatuan.

Gasteiz helmuga bezala izan zuten emakumeen ibilbideak deseginez egungo iragan hurbilera bidaiatzen du 'Kabia' piezak