Katixa AgirreIdazlea

"Liburu bat idazterakoan zailena amaierara iristea izaten da"

Katixa Agirre eta Maite Larburu arituko dira bihar 19:00etan Oihaneder Euskararen Etxean umorez betetako 'Kax, Kax Kax' ikuskizunarekin

17.04.2021 | 00:53
Katixa Agirre

GASTEIZ – Katixa Agirre idazlea da, ikus-entzunezko komunikazioan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Bere argitalpen eta liburuen artean Sua falta zaigu (2007), Habitat (2009) eta Paularen seigarren atzamarra, Ez naiz sirena bat, eta zer? eta Patzikuren arazoak daude. Noticias Taldeko zutabegilea ere izan da, zehazki Diario de Noticias de Alava egunkarian eta Deia egunkarian. 2015ean argitaratu zuen bere lehen eleberria, Atertu arte Itxaron (Elkar, 2015) eta 2018an kaleratu zen Amek ez dute, urte horretan gehien saldu zen euskarazko liburua bihurtuz. Bihar Oihaneder Euskararen Etxean izango da Maite Larbururekin Kax, Kax, Kax ikuskizunarekin. Jarduera hori osasun-alertak eskatzen dituen segurtasun-baldintzak bermatzeko neurriekin egingo da, eta doakoa izango da, baina bertara joateko gonbidapenak aldez aurretik eskuratu behar izan dira.

A ze harrera ona izan duen zuen lanak, sarrerak erreserbatzeko aukera ireki orduko, orduetara agortu ziren.

–Bai, sarrerak hartzeko aukera ireki eta ordubetera, agortu egin ziren. Hain zuzen ere, igandean hamarretan zabaldu zen eta handik ordubetera nire lagun batek sarrera bat eskuratu nahi zuen eta ez zuen lortu. Oso pozik nago izan duen harrerarekin.

Zer ikusiko du ikusleak 'Kax, Kax, Kax' obran?

–Ateetako gaia eman ziguten horri buruz hausnartzeko. Eta bururatu zitzaigun atea bizitzaren metafora bat zela; ate asko zeharkatzen ditugu bizitzan zehar, lehenengo atetik jaiotzen garenean azken ateraino, bizitzaren amaierara iristen garenean azken ate hori nola zeharkatu behar dugun. Beraz, ate pila bat; batzuetan atea ondo zeharkatzen dugu, beste batzuetan ez dugu nahi, baina egiten dugu, eta beste batzuetan bueltaka geratzen gara, ez aurrera ez atzera, orain gauden bezala. Horren harira antolatu dugu ikuskizuna. Lan honetan bizitzari buruz hitz egiten dugu, gauza sakonei buruz, baina umore askorekin eta ganberrismo askorekin. Jendeak ondo pasa dezan nahi dugu, bizitzaz hitz egiten dugun bitartean.

Zaila da koronabirusaren pandemiarekin kultura-ekitaldiak programatzea?

–Bai, ez da batere erraza izan egoera honetan lan egitea. Programak bertan behera utzi dira, adibidez, lehenengoak maiatzean izan behar zuen eta ez zen gertatu. Maiterekin lan egiteko ere oso modu bitxian egin dugu lan, batez ere skype bidez hitz egin dugu edo audioak bidaltzen aritu gara etengabe. Ikuskizunean ere kontatuko dugu hori: Nola sortu dugun hau, zer mezu elektroniko idatzi ditugun, nolako fustrazioak izan ditugun, eta pozak ere bai. Azkenean, kaos honen erdian, eta dena gaizki doanean, Maitek eta biok bat egin dugu eta hau sortzea lortu dugu. Orduan, izan dugun frustrazio horren gainetik fruituak egon direla erakutsiko dugu.

2018an Amek ez dute eleberria argitaratu zenuen, urte horretako euskarazko nobela salduena bihurtuz eta orain zure hurrengo eleberrian murgilduta zaude. Zertan oinarrituko da istorio berri hau?

–Bai, orain proiektu berri batean nago, zientzia-fikziora hurbiltzen da pixka bat, etorkizunean kokatuta dago, errealitate birtualak pisu handia hartu duen mundu batean. Bertan egiten dugu dena edo gauza gehienak etxetik atera gabe, errealitate birtualeko betaurreko batzuekin. Kontatzen dudan hori pandemian gertatu zaigunaren oso antzekoa da, baina pisu handiagoan, eleberri honetan teknologia mundu erreala jaten ari delako.

Koronabirusaren pandemiak inspiratu zintuen gai horretaz idazteko?

–Ez, pandemia gertatu aurretik liburu hau idazteko ideia nuen. Hain zuzen, pandemia hasi zenean, ni dokumentazio-fasean nengoen, eta pandemiak are gehiago bultzatu nau horretan.

Zure eleberrietan gaur egungo gaiak lantzen dituzu, edo interes handia pizten dutenak. Adibidez, 'Amek ez dute' liburuan, gizarteak amatasunari eta haren zailtasunei buruz dituen estereotipoei balioa ematen diezu. Ama gisa duzun esperientzian oinarrituta hautatu zenuen gai hori?

–Gai honi buruz idatzi nuen, historikoki amen ahotsak eta iritziak isilik egon direlako. Jendeak esaten du nolakoa izan behar lukeen ama batek, baina nik nire esperientziatik kontatu nahi nuen, ezagutzen ez nituen gauzak edo inori inoiz entzun ez zizkiotenak, baina eztabaida publiko baten parte izatea merezi zutenak.

Unibertsitateko irakaslea, idazlea, ama... Zaila da lana bateratzea eta ama izatea aldi berean?

–Bai, oso zaila da, bi gauzek energia asko eskatzen digutelako. Lanak energia pila bat kentzen du; imajinatu astean zenbat ordu ematen ditugun lanean, joan-etorrian. Eta haur txikiak ere energia guztia eskatzen dizu. Bizitzan badira bateraezinak diruditen uneak.

Suposatzen dut liburu horrek emakume askori lagunduko diela, bereziki amei, zenbait estereotipo hausten.

–Beno, liburu honekin ez dit hainbeste interesatzen amei hitz egitea, haiek badakitelako nola edo hala ama izatea zer den eta zer estereotipori aurre egiten diegun. Bakarrik ez daudela jakin dezaten lagundu du, ama batzuek esan didate: Azaldudituzun gauza batzuk niri bakarrik gertatzen zitzaizkidala uste nuen. Tabu asko daude, eta liburua irakurtzean ez dira bakarrik sentitu, baina gehiago interesatzen zait zer nolako ateak ireki dizkiedan beste pertsona horiei, gizonei, edo oraindik ama izan ez direnei.

Zer da zailena zuretzat liburu bat idazten duzunean?

–Zailena amaierara iristea da. Prozesuan gorabeherak daude, etsipenak, nekea, zure buruarengan konfiantzarik eza sentitzen hasten zara, eta askotan, liburuaren erdian nagoela, esaten dut: pikutara dena zertarako jarraituko dut, horrek bakarrik ekarriko dit frustrazioa eta. Frustrazio horri aurre egitea eta amaiera arte heltzea da zailena.

Beste proiekturen batean ari zara lanean?

–Eleberriarekin eta Kax, Kax, Kax ikuskizunarekin nahikoa dut. Beno, laster aterako da Amaia Lapitz, nire eleberria. Gazteentzako Amaia Lapitz abenturazalearen eleberriak idazten ditut. Dagoeneko bi liburu atera dira eta udaberrian hirugarrena aterako da.

noticias de noticiasdealava