Garazi Arana olerkari gasteiztarrak bere lehen poema liburua argitaratu berri du Dos caracolas izenburupean. Liburu hau ez zen sortu liburu bihurtzeko asmoz, eta ez zion inori erakutsi nahi; bizitzak batzuetan eskaintzen dituen emozio negatiboetatik desestresatzeko terapia gisa jaio zen. Hala ere, bere lagun baten heriotzaren ondoren, beldurrak alde batera utzi eta emozio pertsonalez beteriko liburu hau argitaratzea erabaki zuen. Gazte gasteiztar honek bere liburu eta olerkiak aurkeztuko ditu datorren larunbatean Artgian. Bi saio eskeiniko ditu bat 12.30 eta bestea 13.00etan.

'Dos caracolas'. Nola sortu zen liburu hau?

-Barruan dudana ateratzeko idatzi izan dut beti, baina bereziki niretzat, ez nuen liburu bat egitea pentsatu. Liburu honekin 2017. urtean hasi nintzen terapia pertsonal gisa. Eta, konfinamenduan, dena eskuz idatzita nuenez, ordenagailura pasatzea erabaki nuen denbora libre asko nuelako, eta hortik liburua sortu eta besteekin partekatzea pentsatu nuen. Eta horrela sortu zen.

Hiru urte eman dituzu idazten, terapia gisa, eta orain denon eskura jarri duzu poemen liburu batean.

-Hori da. Bertan, nire esperientziak kontatzen ditut, niri edo nire inguruari gertatu zaizkidan gauzak jasotzen ditut. Olerki eta istorio laburrak dira, oso liburur berezia da. Adibidez, nire aitona-amonei buruzko ipuin bat idatzi dut, bi igarabak izenburuarekin. Poemak idazten ditut idaztea gustatzen zaidalako,eta zerbait txarra gertatzen zaidanean horretatik libratzeko; lasaitu egiten nau, koadernoa ateratzen dut eta bururatzen zaizkidan gauzak eskuz idazten ditut.

Zer izan da liburu hau idazteko zailena?

-Liburua idaztea ez da zaila izan eta ez du inolako konplikaziorik izan, nire buruarentzat idaztea izan denez, bihotzetik egin baitut. Zaila izan da norbaiti erakusteko, kontatzeko eta argitaratzeko gai izatea, biluztea bezala delako, bizipen asko kontatzen ditudalako eta horrek eragozpen pixka bat eman didalako. Argitaratzeko gai izan edo ez eztabaidatu behar izan dut nire buruarekin.

Nola erabaki zenuen baietz, jendeak irakurtzea nahi zenuela?

-Mutil bat ezagutu nuen, lagunak egin ginen eta idazten zuela esan zidan. Ni animatu egin nintzen eta poemak ere idazten nituela esan nion, eta inork irakurri ote zituen galdetu zidan orduan. Harritu egin zen ezetz esan nionean, eta irakurtzen uzteko animatu ninduen. Nik haren poemak irakurri nituen, eta berak nireak, eta hainbeste gustatu zitzaigun, ezen lehen pausoa eman eta gure poemak mikrofono ireki batean irakurtzea erabaki baikenuen. Gero, urrats bat gehiago eman genuen gure pentsamenduetan, eta ia txantxetan bururatu zitzaigun editatu genitzakeela gure lehen liburua argitaratzeko. Eta, azkenean, nire laguna duela urtebete hil zen, emozio gehiegi batu zitzaizkidan eta beldurrak alde batera utzi nituen; nire istorioa, nire bizipenak argitaratzeko unea zela pentsatu nuen, eta hala egin nuen.

Zein historia gogorra den.

-Bai, oso gogorra da, oso gaizki pasatu nuen, baina horregatik animatu nintzen liburua argitaratzera eta beldurrak alde batera uztera.

Zure liburuan ba al dago horri buruzko kapitulurik?

-Bai, poema bat idatzi nion. Bi karakola izenekoa. Bi karakola horiek nire lagunaren begiei egiten diete erreferentzia, niri bake handia eragiten didalako itsasoak, olatuen soinuak, eta karakola bat hartu eta belarrira jartzen duzunean, itsasoak transmititzen duen bakea entzun dezakezu. Berak ere bake hori transmititzen zidan, lasaitasun hori. Begietara begiratzen nionean lasaitu egiten ninduen eta bakean sentitzen nintzen.

Zure lagunak poema hau irakurri zuen hil aurretik?

-Bai, eman nion eta asko gustatu zitzaion, asko hunkitu zen. Ezagutu nuen eta bi hilabeteren buruan oparitu nion.

Aste honetan liburuaren aurkezpena egingo duzu ARTgian. Zaila izan da egungo egoerarekin aurkezpenak programatzea?

-Ez dut uste. Oraingoz, ez daukat aurkezpen gehiago programatuta. Ulertzen dut jendea horrelako ekitaldietara joatearen beldur izatea, baina segurtasun eta higiene neurri gisa ezarritako protokoloak ondo betetzen badira, ekitaldi seguruak dira. Zailena nerbioekin lan egitea izan da.

Urduri zaude?

-Bai. Ez hor egoteagatik, partekatuko dudanagatik baizik, oso gauza pertsonalak dira. Baina gogo handia daukat eguna iristeko, oso pozik nago ere.

Nola bilatzen duzu inspirazioa?

-Batez ere egun txarretan, zerbait txarra gertatzen zaidanean izaten dut idazteko premia handiena. Zorionez, ez zait egunero gauza txarrik gertatzen, horregatik ez dut egunero idatzi beharrik. Ondo nagoenean, nire inguruan ezer txarrik gertatzen ez denean, edo tristatzen nauen zerbait gertatzen ez denean, ez dut idazten.

Nor da zure idazle kuttuna edo norengan inspiratzen zara?

-Miguel Hernandez da gehien gustatzen zaidan idazlea, baina idazle askori irakurtzen dizkiet poemak. Ia beti irakurtzen ditut poemak, betidanik gustatzen zaizkit. El espejo en el espejo ere asko gustatzen zait.

Zure liburuan baduzu kapitulo bereziagorik zuretzat?

-Bai. Hil ziren aitona-amonei eskaintzen diedana edo nire lagunarena oso berezia da niretzat. Nire familiari eta lagunei asko gustatu zaie liburua, oso ausarta naizela esan didate. Gainera, pertsona ezezagunek ere idatzi didate nirekin eta idatzi dudanarekin oso identifikatuta sentitzen direla esateko.

Bigarren liburuan ari zara lanean?

-Ez, lehenaz gozatzen jarraitzen dut, oraindik ez dut besterik idatzi nire koadernoan.

"Urduri nago, ez aurkezpenagatik, partekatuko dudanagatik baizik; oso gauza pertsonalak dira?