- Editore lanetan urte asko eman ondoren, Suak pizten direnean idatzi du Mikel Sotok, bere belaunaldi politikoaren kronika poetikoaren lana egiten duen liburu bat: bertan idazle honek zintzotasunez kontatzen du kontzientzia politikoaren iratzartzea, borroka-urteak, atxiloketak, torturak eta espetxea. Euskal Herrian hainbat saio egin ditu izen handiko idazle, musikari eta artistekin eta Gasteizen ere eskainiko du errezitaldia, Oihaneder Euskararen Etxean datorren igandean, Petti-ren zuzeneko musikak lagunduta. Mikel Soto bera igoko da eszenatokira, Harkaitz Cano eta Irati Jimenez idazleekin, eta Galder Perez eta Ane Zabala antzerkigileekin batera. Dagoeneko agortuta daude gonbidapenak.

Duela gutxi argitaratu duzu zure lehen liburua, editore lanetan urte asko eman ondoren. Zer moduz esperientzia?

-Esperientzia ederra izan da, aurretik irakurle eta editore gisa sormenari buruz neuzkan ideiak begiaurrean kristaltzen ikusi ditut prozesuan. Egiaztatu dut sormenak norberaren bulkada sakon eta indartsuak bultzatua aurrera egiten duela eta bulkada literario horiek gidatzeko iparroratza egia dela, norberaren egia. Idazleak ez du beharbada beti egia aurkituko, ez berea edo narratu nahi duen horrena, baina egiten duen ariketa zintzoa bada, indar handiz agertuko dira forman, estiloan, pertsonaietan, bertsoetan, izenburu zein elkarrizketetan haren egia sakonak. Egiak esaten dizu zertaz idatzi. Egiak esaten dizu nola idatzi. Egiak egiten du literatura. Bestela ez da literatura. Gezurrak dira. Ikaragarria da zenbat tontakeri entzun eta irakurtzen ditugun literaturari buruz, baita ustez adituak diren kritiko, akademiko eta idazleen lumetatik. Gutxieneko kalitatea duen liburu bat irakurri eta idazleak bere burua fikzionatzearen erabakia, pertsonaia baten joera sexuala, forma poetikoaren hautaketa, liburuaren gaia€ modagatik, sari bat irabazteko, editoreen aginduagatik edo bestelako arrazoi extraliterariorengatik hartu duela esaten

edo idazten duen jende horrek ez daki literaturaz ezer edo fede txarrez ari da. Sormen lan bat egin duen edonork daki horrek ez duela horrela funtzionatzen.

Liburu bat idazteko, ausarta izan behar da.

-Aurretik nekien beste zerbait baieztatu dut: talentua izatea, historia on bat kontatzea edo liburua ondo egituratzea baino garrantzitsuagoa da ausardia izatea. Beste edozeren aurretik, idazteko eta argitaratzeko ausardia handia behar da; berdin poema liburu bat argitaratzeko, haur liburu bat edo nobela bat.

Zer gustatu zaizu gehien liburu hau idazteaz?

-Liburu honen idazketan izan dudan esperientzia liluragarriena idazketa bera izan da, ezbairik gabe. Zerbait kontatu nahi izan eta kontatzeko ahalegina egindakoan sortzen den magia moduko hori. Buruak abiatu duen prozesua une batean era merkurial xamar batean mudatzen da eta dagoeneko ez da burua irakiten sentitzen duzuna, eskua baizik. Sormenaren energia fisikoa bihurtu da eta kontatu nahi zenuen hori kontatzeko buruak eskuari aginduak eman baino eskuak gogoa agintzen duela dirudi eta idazten ari zaren horrek zeure burua gidatzen duela. Horrelakoetan, idatz dezakezuna baino hobeto idazten ari zarela ere sentitzen duzu. Ez da beti guztiz satisfaktorioa, oso zaila baita ondo idaztea, baina sentsazio guztiz ahaltsu bat da; ez nau harritzen gizadiaren historian hainbeste gizon- emakume energia seminal horretara engantxatu izana€ literaturaren eta gizadiaren mesedetan.

Zergatik aukeratu zenuen poesia generoa?

-Asier Serranok eta Mikel Gorosabelek Barne basoetan barna diskoko kanta baterako letra eskatu zidaten, baldintza bakarrarekin: beldurrari buruz idaztea. Letrarik sekula egin gabea nintzen, baina beldurraz badakit zerbait, izan ere, bizitzaren urte batzuetan beldur handi eta konstante bat pasa nuen. Nortonek oso melodia iradokorra bidali zidanez, saiatzea deliberatu nuen eta Ohean infernuari begira; kanturako letra egitea lortu nuen. Horrek animatu ninduen poesiarekin saiatzera. Politikara 90eko hamarkadan iritsitako belaunaldia nahiko agrafoa izan da, inork ez ditu kontatu egin genituen hainbat gauza ezta guri egin zizkigutenak ere. Euskal literaturak zeukan hutsune hori nozitzen nuen, irakurle gisa lehenik, editore bezala gero eta nire esperientziaren bidez bizipen kolektibo bat kontatzen saiatzeko ahalegina egitea erabaki nuen. Eta poesia zergatik? Bada, ez daukat nobela bat barruan. Nobela batekin ez da aski gaia kale borroka izango dela pentsatzearekin. Gehiago behar da. Izan zitekeen ipuin sorta bat, agian, baina beldur nintzen ez ote zen anekdota bilduma bat aterako. Horregatik poesia aproposena izan zitekeela pentsatu nuen eta orain argi ikusten dut nire kasuan ezin zela bestela izan.

Poesiari esker, orduan, zure sentimenduak moldatu dituzu.

Poesiak daukan gravitas hori primeran egokitzen zaio kontatu nahi nuenari eta poesiaren bidez lortu dut liburu honetan nahi nuen guztia jartzea, sentimenduak modulatuz, informazioa dosifikatuz, une batzuetan testuak daukan tonu ezinbestean tragiko horretatik beste arinagoetara jauzi eginez€ Laburbilduz, artefakto emozional trinko bat sortuz poesiak berezko dituen forma estetiko eder eta ahaltsuen bidez.

Zer gai gehiago aurki ditzakegu liburuan?

-Liburuaren aurkezpenean oso eskuzabala izan zen Harkaitz Cano eta hainbat gauza eder esan zituen, hauxe tartean: Biografia, kronika, egunerokoa, bere burua hipnotizatu duen poetaren aitortza, dibaneko hausnarketa... Garai hurbil baten kontaketa eta sujetu baten egunerokoa ere bada poemario hau. Ezbairik gabe, aro eta gaztaro bat dago Harkaitzek aipatzen dituen formetan. Baina, horiez gain eta gai potoloei dagokionez, batez ere, laguntasuna azpimarratuko nuke. Aurkezpena baino lehen pentsatu nuen adiskidetasunak dena zeharkatzen duela esatea edo halako zerbait, baina liburura jo eta hori baino gehiago zela konturatu nintzen: adiskidetasunak liburua hasi eta itxi egiten du, literalki. Laguntasunaren gorazarre bat da, nire hezur-haragizko lagunen gorazarrearen bidez. Inork bizi behar ez lituzkeen gauzak bizitzea tokatu zitzaigun eta laguntasun horren eltzea sutan frogatu genuen, maitasun ezin biziago bat sortuz, sutegi inguruabar horretan jaio izanagatik beroa bezain dirdaitsu dirauena.

Liburu zatiak ia modu kronologikoan antolatuta daudela esan daiteke, bidaia moduko bat dela?

-Hasiera eta amaiera orainean idatzita daude eta erdiko partea flashback moduko bat dela esan daiteke, baina oso argia, uste dut. Alegia, bistan dago liburuaren erdiko ahots poetikoa Mikel nerabearena dela, Iruñea militarizatu eta gatazkatsu horretan beste gazte askorekin batera borrokan dagoena, horregatik batzuetan ni poetikoa gu poetiko bihurtzen da. Eta, bai, zalantzarik gabe bidaia gisa uler daiteke liburua; memorian zehar, gaztaroan zehar, biolentzia eta sufrimenduan zehar eta sentimenduetan zehar. Liburuak esperientzia ixten du eta, aldiberean zabalik utzi amaieran: Bada garaia: / iragana itxi / etorkizuna ahaztu / eta orain eta hemen / bizitzari betiko eutsi.

Zuretzat, zenbateraino da garrantzitsua euskal gatazkari buruzko

literatura propioa izatea kontakizunaren norgehiagoka bizi dugun garaian?

-Zaila dirudi errelato konpartitu bakar bat izatea, batez ere instituzioek euskal gatazka deitu dugun hori terrorismo edo ordenu publikoko gertakizunera mugatzen dutenean. Errelato hori errelato ezberdinez osatua egongo da eta horretarako inportanteak izango dira geure literaturan sortzen diren kontakizun literarioak baina, bistan denez, horiek benetazkoak izan beharko dira, esperientzia latz horiek bizitako lagunek kontatutakoak eta ez kanpotik ezarritako ikuspegi binario eta manikeodun narrazioak. Horretarako, ezinbestekoak diren askatasunak bermatu behar dira eta momentu honetan ez dago berme nahikorik. Parte bakarrak dauka esan nahi duena esateko libertatea eta hortik kanpoko kontakizunak ukatuak izateaz gain jazarriak dira. Oraintxe 22 urte dituen gazte bat kartzelara joateko zain dago, kanta bat egiteagatik. Nik nire liburua abokatuari erakutsi behar izan diot, argitaletxera bidali aurretik. Hori onartezina da eta euskal idazle, editore, kazetari, akademiko eta letra munduko gizon eta emakume guztiok oinarrizko askatasun demokratiko eta artistikoak aldarrikatu beharko genituzke, aho batez. Hori ez egiteak ekartzen digun endekatze moral eta artistikoa kezkagarria da eta gure gizarteak bizikidetza oinarri minimo horiek eskuratu ezean, errelatoaz eta memoriaz aritzea absurdua da, eta bidegabea.

"Egiaztatu dut sormenak norberaren bulkada sakon eta indartuska bultzatua aurrera egiten duela"

"Liburu honen idazketan izan dudan esperientzia liluragarriena idazketa bera izan da"