akurturik edo kokoriko irakurtzeko bina ipuin ilustratu kaleratu dituzte Anjel Lertxundik eta Inazio Mujika Iraolak, Ereinek estreinakoz argitaratu duen Pikotxean sailean, hain zuzen ere. Donostiako Liburutegi Nagusian aurkeztu zituzten atzo goizean lau liburukiak, argitaletxeko editore Iñaki Aldekoarekin batera. Hasiera batean, zortzi-hamar urte bitarteko haurrentzat pentsatutako publikazio lerro berria da Pikotxean, baina idazle oriotarrak adinaren mugak puskatu nahi izan ditu, bere obrak "zortzi eta hil arteko irakurleentzat" balio izatea aldarrikatuta. Izan ere, Lertxundik idatzitako Zakarruko eta Donostian elefanteak ikusi zirenekoa, eta donostiarrak sortutako Hans eta igela eta Ez apuratu kontakizunek badute barnean helduek aise ulertuko duten mezurik. "Nire lagun idazleek edo gurasoek ere gustura irakurriko luketen zerbait idatzi nahi izan dut", esan zuen Otto Petteren autoreak, gaineratuz umeentzat idazten ari bada ere, ez dituela helduak ahazten. "Liburu hauetan jardun dugunean, jardun gara, besterik gabe, literatura egin nahian", azpimarratu nahi izan zuen.

Bere aldetik, haurra zela, "ezkutuan bezala, makurturik" irakurtzen zuela gogoratu zuen Mujika Iraolak. Jite horrek, halabeharrez, "tentsioa" dakar eta hori da, idazle eta editorearen ustez, literaturan behar dena: "Tentsioa da ipuin on batean abiapuntua eta orekaren maila ematen dituena". Ideia horretatik tiraka eratorri da Erein argitaletxearen sail berriaren izena: Pikotxean, umeek tentsioan irakurtzeko behar duten literatur eskaintza. "Gipuzkoan asko erabiltzen zen eta galtzen ari den hitza da", azpimarratu zuen Mujika Iraolak.

Atzoko aurkezpenera bi autoreak hurbildu baziren ere, lau ipuinak zor-tzi eskuren artean sortu dituzte. Maite Gurrutxuga izan da Mujika Iraolaren hitzak ilustratu dituena; Lertxundiren prosa imajinatzearen ardura, aldiz, oriotarraren ohiko kolabora-tzaile batek hartu du, Antton Olariagak. "Irakurle onak dira", esan zuen Lertxundik. Haren ustez, irakurle on batek soilik bihur ditzake idazle baten esaldiak irudi. Pikotxean saila berriki jaio arren, 2021ean jarraipena izango du Mujika Iraola eta Lertxundiren beste bina ipuinekin.

Bi idazleek oso abiapuntu ezberdinetatik sortu dituzte obra hauek. Anjel Lertxundiren kasuan, bere garaian argitaratutako bi orrialdeko bi ipuin berrikusi ditu. Zakarruko liburukia Gizon kabalen piurak argitalpenean jasotako kontakizuna zen, eta Donostian elefanteak ikusi zirenekoa kontakizuna lehen aldiz Tristeak kontsolatzeko makinan publikatutako istorio batean oinarri-tzen da. Iraganeko obrak errebisa-tzeko garaian "arazo literarioak" izan dituela aitortu zuen Ihes betea nobelaren idazleak. Orain 28 urte, Lertxundi irakaslea zen eta garai horretan, gaurko egunarekin alderatuta, haur literaturari dagokionean "beste sintonia batean" zegoen, Gianni Rodari italiarrak idazten zituenetatik oso hurbil. "Oso urrun nago orain", adierazi zuen. Garaiko bi edo hiru folioetako "txispa" horretatik; orain, Ereinentzat "16 edo 18 orrialdetara ekarri" behar izan ditu eta, aitortu zuenez, "txispa batekin bakarrik ez da hori egiten; askoz gehiago". Txispa horretatik, tramara pasatzerako prozesua egin behar izan du oriotarrak, "pentsatuz nobela bat ere egin zitekeela" atalak landuz gero.

Zakarrukok "tipo egoskor" baten istorioa kontatzen du; hainbesteraino da egoskor, halako batean, buruz behera ibiltzea bururatuko zaio, jendearen ibiltzeko moduei kontra eginez. "Esango nuke literaturan aukerak infinituak direla, baina egokienak bilatzen ahalegindu behar duzu", azaldu zuen. Zentzu honetan aitortu zuen ipuin honen trama garatzeko arazo nabarmenak izan zituela, Gizon kabalaren piurak liburuan agertzen den bertsioan protagonista egoskor horrek ez duelako garapen beharrik, txispa horretatik urruntzean, aldiz, pertsonaiaren bilakaera bat asmatzera behartuta egon zen. Hori lortzeko, kontrastean jarri ditu narratzaileak protagonistaren inguruan duen irudia eta Zakarruko berez nolakoa den.

Hasiera batean, Donostian elefanteak ikusi zirenekoa kontakizuna errazago moldatuko zuela pentsatu zuen Lertxundik, baina ez zen horrela izan. Ipuin horretan Donostiako alkatea udaletxeko balkoira irteten denean, hiria elefantez beterik ikusten du. "Ez du ezertxo ere ulertzen, onartzen duen arte bera ere elefante bat dela, bere hiritarrak bezalakoa dela eta handik ateratakoa dela bera ere", azaldu zuen. Trama garatzeko garaian, agintariek herritarrengandik nola aldentzen diren azaldu nahi izan du idazleak: "Noski, hori absurdoaren mugaraino eramanda dago".

"Oso serio hartzen dut haur literatura: oso serio hartu beharreko lana da", azaldu zuen Mujika Iraolak. Zentzu honetan, ipuingin-tza, baita helduei zuzendutakoa ere, poesiarekin konparatu zuen: "Oso ondo estudiatu daiteke egitura". Jendea bildu ezin daitekeen garai hauetan, Mujika Iraolak jendetzarekin erlazionaturikoak idatzi ditu, bilatutako zerbait ez zela argitu arren. Haurra zeneko beldur batetik atera du gaia: "Jendetzari beldurra nion, alde batetik galdu nintekeelako, eta bestetik jendetzatik ezin irtetearen ideiak beldurra ematen zidalako".

Ez apuratu, idazleak "bereziki maite" duen ipuina da. Amona baten eta bere bilobaren arteko erlazioa erakusten du, eta baita belaunaldien arteko "dekalajea" ere, bereziki, euskarari dagokionean: "Umeek dilistak jan dituztela esaten dutenean, amonak ez du ulertzen, berak lentejak bezala ezagutzen baititu. Gipuzkoan gure seme-alabek sukarra esaten dute, baina guk kalentura erabiltzen genuen". Puntu honetan, Mujika Iraolak argitu zuen "dekalaje" hori ez duela zerbait "problematiko bezala" planteatu nahi izan, hizkuntzek orokorrean "eboluzionatu" egiten baitute. Hau guztia da, liburuaren izenburuak laburbiltzen duena: "Ume batek ez du Ez apuratu esango, kezkatu edo urduritu erabiliko du. Gure amak, ordea, nire beldurrak aipatzen nituenean Ez apuratu esaten zidan".

Honi dagokionean, Lertxundik gaineratu zuen gustatuko litzaiokeela Mujika Iraolaren ipuin hau eskoletan irakurraraztea, haurrei erakusteko badaudela esateko beste modu ba-tzuk. Hau da, zuzentasuna kontuan hartu behar dela, baina gero bakoi-tzaren erabaki kritikoa ere zilegi dela arauaren gainean.

Hans eta igelari ipuinean Hans da protagonista, Europako iparraldetik datorren musikaria eta kalez kale ibiltzen da bere igelarekin. Donostiako Konstituzio enparantzara iristean jendea bere inguruan biltzen hasten da, plaza osoa bete eta plazatik inor ez sartu ez atera geratu arte.

Maite Gurrutxagak eta Antton Olariagak ilustratu dituzte Inazio Mujika Iraolaren eta Anjel Lertxundiren ipuinak

Lau liburu hauekin, oriotarrak eta donostiarrak helduak ahazten ez dituzten lau kontakizun idatzi nahi izan dituzte