Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskadi Sarietako azken lau irabazleen izenak jakinarazi ditu. Uxue Alberdik saiakerako saria irabazi du Kontrako eztarritiklanarengatik eta Aixa de la Cruz idazle bilbotarrak gaztelerazko literaturako Euskadi saria lortu du, Cambiar de idea lanagatik.

Bestalde, Borja Barraguek gaztelerazko saiakerakoa saria irabazi du, Larga vida social a la democracia saioagatik eta, Idoia Santamariak bere aldetik, itzulpengintza saria jaso du Ingeborg Bachmannen Aldibereko lana euskaratzeagatik.

Modu horretan, joan den astean iragarritako Karmele Jaio (Euskarazko Literatura), Iñigo Astiz (Euskarazko Haur eta Gazte Literatura) eta Miren Asiaini (Ilustrazioa) gehitu zaizkie irabazle berriak.

Emakume bertsolarien testigantzak bidu ditu Alberdik Kontrako eztarritik lanean, eta horretarako 15 bertsolari elkarrizketatu zituen Elgoibarko idazleak, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Maddalen Arzallus, besteak beste. Azaldu duenez, bertsoak "nondik eta norentzat sortzen diren" azaltzen du liburuak; izan ere, adierazpen artistiko hori "praktika soziala ere badenez, botere-harremanen gailua" dela.

Sari banaketa, azaroaren 19an Bilbon

Bakoitzak 18.000 euroko saria irabazi du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

Sari banaketa azaroaren 19an izango da, Bilboko Azkuna Zentroan egingo den ekitaldian, eta bertan zazpi modalitateetako irabazleak izango dira.