- Kulturaren eta entretenimenduaren industriak aurrekaririk gabeko krisi bati egin behar dio aurre. Gaueko aisialdirik eta ekitaldirik ez dagoenez, artistek eta ekitaldien sustatzaileek ez dute lana aurkitzeko aukera handirik, sektore hori mehatxatuta egoteraino. Talde honen barnean, bereziki kaltetua dagoen beste bat bat dago, Disc jockeyena, hain zuzen ere. DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkari honek Euskadin ospe handia eta ibilbide luzea duten lau Disc Jockeyrekin hitz egin du, bizi duten egoera zein den bertatik bertara ezagutzeko, eta laurek diote normaltasuna oraindik ez dela iritsi eta zalantzan jartzen dute hori noiz gertatuko den, "gertatzen baldin bada".

Hori da Dj Lororen kasua. Disc jockey honek 15 urte baino gehiago daramatza gaueko aisialdian lanean, jendearen kontaktu zuzenarekin entretenitzen eta gozatzen. Hala ere, martxoan 100etik zerora pasa zen, eta bertan behera geratu zen bere jarduera; lan horri ezin izan dio berriro ekin, ezta normaltasunera itzuli ere. "Erabat geldirik gaude, denboraldi osoa galdu da eta, momentuz, ez dut itzultzeko itxaropenik, ez naiz saiatzen ari ere", esan eta gaineratu du: "Nire jarduera oso zehatza da, nire lana arrakastatsua izan dadin festak eta giroak baldintza batzuk bete behar dituzte; publikoarekin harremana izan behar dut. Eta ez dakit benetan noiz ekin ahal izango diodan berriro lanari, nahiz eta gogotsu egon". Ildo beretik, Israelek, bere izen artistikoarekin ezagunagoa denak, koronabirusak bere lana bete-betean jo duela esan du, baina ulertzen duela gaineratu du: "Martxoan, hurbiltzen ari zitzaiguna ikusi nuenean, banekien gure lana kolpatuena izango zela. Lehenengoak erretiratu behar izan genituen eta itzultzen azkenak ere izango gara, ni aritzen naizen eremuan behintzat", azpimarratu du. Bere kasuan, egoera onartu du eta sare sozialak ere itxi dituela dio, "itzultzen naizenean % 100ean egingo dut, baina bitartean erretiratu egin naiz". Bere denbora librea beste proiektu batzuei eta bizitzako plazer txikiei eskaintzen die orain, egungo egoerarekin ez estresatzen laguntzen diona.

Antzeko egoera da Dj Canynena, baina apur bat itxaropentsuagoa. Aitor izeneko gazte honek 20 urte daramatza musikaren munduan. Bere ibilbidea aldatzen eta eboluzionatzen joan da urteak igaro ahala, eta duela hiru urte inguru gaueko aisialditik erretiratu zen bi giro desberdinetan aritzeko. Alde batetik, ekitaldi desberdinetan aritzen da (ezkontzetan, adibidez), eta, bestetik, Baskoniako DJ ofiziala da. Halere, ekitaldi desberdinetan aritu arren, eta ez gaueko aisialdian, Aitorrek aitortu du normaltasunera itzultzea gogorra izaten ari dela: "Aisialdiaren sektorea suntsituta geratu da. Uste dut erraztasun gehiago eman beharko liratekeela sektore honetako profesional guztiok gure lana egin ahal izateko. Egia da jende asko biltzen duela, baina horrek ez du ezerezteko aitzakia izan behar", erantsi du. Bere kasuan, "ekitaldi bakarra egin ahal izan dut, euskal kopa". "Segurtasun neurri oso onak ezarri ziren. Ezkontzei dagokienez, egoera oso geldituta dago. Datak atzeratu egin dira, baita ezeztapenak ere. Ez dakigu noiz hobetuko den egoera guretzat, baina jarduerari berriz ekitea nahi dut", aitortu du itxaropentsu.

Isabel Arza, DJ Bihotza bezala ezagunagoa, martxoan agenda bertan behera utzi behar izan zuen. Era berean, ez du normaltasunera itzultzea lortu, baina hainbat proiektutan murgilduta dago, bere lanbidea eta grina indartzen eta berpizten laguntzeko. Disc jockey honen ezaugarri nagusia bere izaera aktiboa da eta, horregatik, Gasteizko Udalari aurkezteko proiektu bat lantzen ari dela aitortu du. "Jaiak programatu, antolatu, gaueko aisialdian ere egiten dut lan, eta hori guztia gelditu egin da, euskarria ematen diguten aretoa edo espazioak itxi egin direlako. Egoera hau laster aldatzea eta Gasteizko Udalak hartzen duen politika guretzat malguagoa izatea espero dut", eskatu du. Ildo horretan, DJ honek proiektu bat prestatu du bere lanaz gozatu ahal izateko espazio irekietan, arratsaldez edota goizez ere. Besteak beste, Armentia eta Florida kaleetan musika jotzea gustatuko litzaioke, eta hiriak horretarako aukera desberdinak ematen dituela uste du: "Nire lana ordutegi desberdinetan egiten dut; gaueko aisialdian aritzen naiz, goizean, familiekin, BBK Liven... ez nago gauera bakarrik mugatuta, eta horregatik aukerak itzuliko dizkigun proiekturen batean egon nahiko nuke", dio. "Izan ere, gero eta gehiago eskatzen da beste ordu batzuetan musika izatea, jende asko ez baita berandu arte ateratzen". Gainera, beste proiektu batzuetan ere sartuta dago; bost urte daramatza mimo eta dedikazioz ehunei bigarren bizitza bat emateko eskuz egindako poltsa edukiontziak sortzen eta Amor Evolución Containers deituriko lana sortu du.

Amaitzeko, DJ Cubok disc jockeyek bizi duten egoera txarra berretsi du bere bertsioarekin. Iñaki Marquinez, Cubo bezala ezaguna, 1995etik Silum Soundz taldeko DJ eta bultzatzailea da, artista plastiko eta musikariekin elkarlanean. Cuboren eraginak punketik technora doaz, souletik edo Jamaikako musikatik ere bai. Gaur egun, Hala bedi Irratiko Xperimental Sound System irratsaioa zuzentzen du, eta ohikoa izan da Gasteizko hainbat lokaletako kabinetan, hala nola, Café Dublin, Cairo Stereoclub, Darkablar, Stonehead edo 4 Azulesen lan egitea. Bere egungo egoera gainerako lankideen antzekoa da, baina gaueko aisialdian aritzen ez denez, jardueraren bat antolatu ahal izan du. "Normaltasunera ez da inor itzuli. Oso zorrotza naiz askatasunen murrizketarekin", dio. "Ekainean normaltasunera itzultzen saiatu nintzen, segurtasun esparru berriaren barruan, baina atzera egin dugu, berriro ere osasun larrialdia izan delako". Ildo horretan, arau horiek "gehiegizkoak" iruditzen zaizkiola esan du, eta ostalaritzak bere sektorearekin batera "aukera gehiago" izatea gustatuko litzaiokeela gaineratu du. Horretaz gain, komunikazioan ere aritzen da, beraz, bere ordainsari nagusiak ez du behera egin DJen sektoreak bizi duen egoera txarrarekin.

Djak izan ziren jarduera gelditu behar izan zuten lehenetakoak eta normaltasunera itzultzeko denbora beharko dutenak