- Zinemaldiaren 1977ko edizioko material argitaragabeek osatzen dute Gasteizko Artium museoan ikusgai dagoen erakusketa nagusia. Erakusketaren izenburuak 1977ko jaialdiko aldizkari ofizialean argitaratutako mezua hartzen du: Zinemaldiak 24 edizio izan ditu: Ez dugu gogoko.

Hala, Donostiako Zinemaldiak, Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eta Artiumek, Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak, aurkeztu dute erakusketa, abenduaren 8ra arte egongo dena ikusgai. "1977ko Donostiako Zinemaldia du ardatz erakusketak, jaialdiaren kudeaketa Donostia hirira eraman ondoren egin zen lehena. Zinemaldiaren artxiboko material ugari bildu ditu erakusketak, horietako asko argitaratu gabeak, hala nola gutunak, dokumentuak, argazkiak eta aldizkariak", azaldu zuen atzo Beatriz Herraez, museoaren zuzendariak. Berarekin batera, aurkezpenean izan ziren Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, Pablo La Parra Elias Querejeta erakusketaren komisarioa eta Zine Eskolako ikerketa sailaren arduraduna eta Carlos Muguiro Zine Eskolako zuzendaria. Bertan azaldu zuten bezala, proiektu hau Artium Museoaren Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian bildumaren erakusketari lotuta dago, eta Zinemaldia 70: Historia posible guztiak proiektuaren parte da, Zinemaldiak eta EQZEk sustatua. Lehen aldiz Zinemaldia Madrildik kudeatzeari utzi eta bertako batzorde baten esku geratu zen. Batzorde horrek artista-taldeetako, zineklubetako eta auzo-elkarteetako ordezkariak biltzen zituen. Frankismoak lapurtutako denbora berreskuratzeko saioa izan zen Donostia 77: diktadurako biktimak eta erbesteratutako eta zentsuratutako zinemagileak omendu zituen egitarauak, "proiekzioak eta solasaldiak auzo eta herrietara zabaldu zituen, Euskal Herriaren aldarrikapenak esplizituki babestu zituen. Laburbilduz, jaialdi demokratiko eta herrikoi berri bat irudikatzeko plataforma gisa aldarrikatu zen", helarazi zutenez.

Pablo La Parra Perezek azaldu bezala, «1977an, Donostiako Zinemaldiak 25 urte bete zituen, baina, urteurren bat baino gehiago, 1977ko edizioa borrokarako gune bat izan zen: hiritik kudeatutako lehen jaialdia aldarrikapen politikorako plataforma bihurtu zen, eta, bertatik, jaialdi demokratiko berri bat irudikatu zuten». Eta zera gaineratzen zuen: «Zinemaldia 70: Historia posible guztiak ikerketa-proiektuaren esparruan kokatutako artxibo-materialetatik abiatuta, erakusketa honek erabateko aldaketaren urte horri heldu dio». Gainera, beste material batzuen artean, Expediente ikusi ahal izango da, urte horretako film labur Onenaren Urrezko maskorra irabazi zuena, Elias Querejeta zinemagileak zaharberritu eta digitalizatu duena; baita Jaialdiari babesa adierazteko gutunak eta komunikatuak ere, lehiaketaren aldizkari ofizialaren azalak eta Luis Buñuel zuzendariari omenaldia egin zioten filmaren kartel bat.

Aipatutakoaz gain, Juan Carlos Eguillorrek sinatutako komiki bat ere ikus daiteke erakusketan, baita zinemaren munduko aurpegi ezagunak ere, hala nola, Harrison Ford, Carrie Fisher, Elias Querejeta edo Luis Buñuel. "Historiarako geratzen da, gainera, edizio hartako nazioarteko epaimahaiaren osaera: Luis Alcoriza eta Ricardo Muñoz Suay zinemagileak, Raymond Borde eta Freddy Buache kritikariak, Malcolm McDowell eta Franco Nero aktoreak eta Eduardo Chillida artista. Gainera, haren zuzendaritza-batzordean, Rafael Ruiz Balerdi zegoen besteak beste, edizio hartako kartelaren egilea, eta baita Nestor Basterretxea ere", azpimarratu zuten. Amaitzeko, Artiumetik azpimarratu nahi izan dute erakusketa honen jatorria 2018-2019 ikasturtean Zinemdaldiaren 70: historia posible guztiak proiektuko taldeak garatutako ikerketa kolektiboan dagoela. Gainera, jaialdiaren artxibo historikoa berreskuratu, aztertu eta balioestea du helburu.

Erakusketa. Zinemaldiaren 1977ko edizioko material argitaragabeek osatzen dute Gasteizko Artium museoan ikusgai dagoen erakusketa nagusia. Erakusketaren izenburuak 1977ko jaialdiko aldizkari ofizialean argitaratutako mezua hartzen du: Zinemaldiak 24 edizio izan ditu: Ez dugu gogoko. Hala, Donostiako Zinemaldiak, Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eta Artiumek, Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak, aurkeztu dute erakusketa (A01 aretoa, 2020ko abenduaren 8ra arte).